Tanger arduratuko da Alaba-Eskibel Jauregia zaharberritzeaz

Erredakzioa 2024ko urt. 17a, 10:00
Alaba Eskibel Jauregia, Gasteizko Alde Zaharrean. Argazkia: Gasteizko Udala

Gasteizko Udalak harremana berrartu du hiri marokoarreko agintariekin, eraikinaren birgaitze proiektua beren gain hartzeko eta isunetan pilatutako 421.000 euroko zorra ordaintzeko.

Alaba Eskibel Jauregia erortzeko arriskuan dagoela ohartarazi eta bere zerrenda gorrian sartu zuen Hispania Nostra erakundeak 2022ko apirilean. Jauregia Gasteizko Alde Zaharreko Errementari kaleko 23. zenbakian kokatuta dago, Bodegon Gorbea tabernaren ondoko hesitutako lorategian.

1488an eraiki zen, On Pedro Alaba Eskibel eta Maria Diaz de Eskibel senar-emazteen aginduz. Ondoren, hainbat eskutatik igaro zen, eta 1953tik Marokoko Erresumaren jabetzakoa da; zehazki, Tanger hiriarena, Arabako leinuen oinordetzak direla eta.

Azken urteetako utzikeriaren ondorioz, Gasteizko Udalak bederatzi isun hertsatzaile ezarri dizkio Tangerreko Udalari, 421.000 euroko zorra metatzeraino. Egoerak blokeatuta zirudien, eta desjabetzearen aukera ere mahai gainean zegoen; baina aste honetan Gasteizko Udalak jakinarazi du harremanak berrartu dituela Tangerreko udal gobernuarekin, XVI. mendeko eraikin historikoan egin beharreko kontserbazio eta birgaitze lanak behingoz bideratzeko.

Aste honetan Pascual Borja zinegotziak Hirigintzako batzordean azaldu duenez, Marokoko agintariek, higiezinaren jabe gisa, birgaitze proiektuaren lanak beren gain hartzeko borondatea adierazi dute ofizialki, eta bai eta zor osoaren ordainketa egunean jartzeko ere. Oraingoz, Tangerrek eraikinak dituen patologiei, egin beharreko birgaitze lanei eta zorraren zenbatekoari buruzko txostena idazteko eskatu du.

"Tangerreko udal gobernuarekin akordioaren bidea arakatzea komeni da", azpimarratu du Borjak. Hain zuzen ere, jauregia kontserbatzeko eta birgaitzeko betebeharrei jaramonik ez egiteagatik hamargarren isuna jaso zuen hiri marokoarrak; harremanak berriro hasi ziren orduan, eta azken zigor hori ez ezartzea erabaki zuen Etxebarria kabineteak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide