Alaba-Eskibel Jauregia, erortzeko arriskuan

Erredakzioa 2022ko api. 20a, 11:22
1953tik Marokoko Tanger hiriaren jabetzakoa da Alaba-Eskibel Jauregia. / ALEA

Tangerren jabetzako Alaba-Eskibel Jauregia bere zerrenda gorrian sartu du Hispania Nostra erakundeak, "erortzeko arriskua" eta "narriadura orokorra" direla eta. Elkarrekin taldeak birgaitze lanak gauzatzea eta eraikina desjabetzea eskatu du.

Alaba-Eskibel Jauregia Gasteizko Alde Zaharreko Errementari kaleko 23. zenbakian kokatuta dago, Bodegon Gorbea tabernaren ondoko hesitutako lorategian. 1488an eraiki zen, On Pedro Alaba Eskibel eta Maria Diaz de Eskibel senar-emazteen aginduz. Ondoren, hainbat eskutatik igaro zen, eta 1953tik Marokoko Erresumaren jabetzakoa da; zehazki, Tanger hiriarena, Arabako leinuen oinordetzak direla eta.

Orain, ondarea babestea eta berreskuratzea helburu duen Hispania Nostra elkarteak bere zerrenda gorrian sartu duen Gasteizko laugarren eraikina bihurtu da Alaba-Eskibel Jauregia. Izan ere, "erortzeko arriskua" eta "narriadura orokorra" dituela ohartarazi du elkarteak. Gaur egun, babes-sare batek fatxada ez erortzea saihesten du.

Nolanahi ere, bi ezberdintasun nagusi ditu Alfaro Etxea, Maturana-Berastegi jauregia eta Goya gasolindegiarekiko: alde batetik, jendea bizi da bertan; bestetik, ez da udal jabetzakoa. Horregatik, larritasun berezia du bere egoerak.

Gasteizko Udalak dagoeneko lau isun baino gehiago jarri dizkio Tanger udalerriari, birgaitzean esku-hartzerik ez egiteagatik eta zergak eta tasak ez ordaintzeagatik. Gaur egun, Marokoko hiriak 126.000 euro inguruko zorra du Gasteizekin, eta, oraingoz, ez dirudi Alaba-Eskibel Jauregiko egoera bideratzeko elkarrizketarako aukera dagoenik.

Birgaitze lanak eta desjabetzea

Bere aldetik, Elkarrekin taldeak Alaba-Eskibel Jauregia birgaitzeko obrak "subsidiarioki" egitea eta "desjabetzean aurrera egitea" exijitu du, "atzerapenik gabe, ondarearen eta eraikinean bizi diren pertsonen segurtasunagatik".

"Jauregiaren egoera egunetik egunera okertzen ari da, bertan bizi diren pertsonak eta gure hiriko ondare historikoa arriskuan jarriz", ohartarazi du Oskar Fernandez zinegotzi eta bozeramaileak. "Bada garaia Udalak bere gain har dezan pertsonak eta udalerriko ondare historikoa babesteko duen erantzukizuna".

Azkenik, "lehenbailehen" higiezin horren desjabetzea teknikoki eta juridikoki aztertzeko eskaera berretsi du Fernandezek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide