Kolonbiari Borja Lazaroren kasua argitzeko eskatu dio Ertzaintzak

Erredakzioa 2024ko urtarrilaren 8a

Borja Lazaroren omenezko elkarretaratzea, igandean. Argazkia: @VitoriaGasteiz

Borja Lazaro gasteiztarra desagertu zenetik hamar urte igaro direnean, ingurua berriro ikertzeko eskatu dio Ertzaintzak Kolonbiako Polizia Fiskalari, "kasua argitu arte ez ahazteko".

Astelehen honetan, urtarrilaren 8an, hamar urte bete dira Borja Lazaro gasteiztarra Kolonbian desagertu zenetik. Igande honetan bere omenezko elkarretaratzea egin dute familia eta lagunek, Urrezko Zeledonen plazan, Zure zain gaude, Borja lelopean.

Gasteiz eta Arabako ordezkari politikoak ere ekitaldian izan dira Lazaroren familiari babesa adierazteko, tartean Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia, Rodrigo Gartzia Segurtasun Saileko sailburuordea eta Hugo Carlos Prieto Ertzaintzako Koordinazio eta Lankidetza Unitateko Burua —aldi berean Ertzaintzaren ordezkaria Desagertuen Zentro Nazionalean—.

Desagerpenaren 10. urtemugaren harira, Ertzaintzako ordezkariek adierazi dute kasuaz arduratzen diren Kolonbiako agintariekin harremanetan daudela, "Borja Lazaroren bila jarraitzeko haren desagerpena argitu arte". Hugo Prietok nabarmendu du Ertzaintzak "beharrezko kudeaketak" egiten jarraituko duela "desagerpena zer egoeratan gertatu zen argitzeko". Duela gutxi, Espainiako enbaxadaren bidez, Kolonbiako Polizia Fiskalari eskatu diote Borja desagertu zen ingurua berriro ikertzeko, "kasua argitu arte ez ahazteko".

Lazarok 34 urte zituen 2014. urtean bere arrastoa galdu zenean. Ingeniari informatikoa zen arren, argazkigintza gustuko zuen eta argazki erreportaje bat egiten ari zen Kolonbiako La Guajira departamenduan, kostaldeko El Cabo de la Vela herrian. Urtarrilaren 7tik 8rako gauean ikusi zuten azkenekoz ostatu batean, turista talde batekin batera.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago