Elurteetarako Planaren aurrelarrialdi fasea aktibatu du Gasteizek

Erredakzioa 2024ko urtarrilaren 8a

Asteazkenean elurra Gasteizera iristea espero da. Argazkia: Gasteizko Udala

Astelehen honetako 00:00etatik aurrera, elurteen aurrean esku hartzeko planean jasotako udal baliabideak aktibatu dituzte. Asteazkenetik aurrera espero da elurra hiriburuan eta lurralde gehienean, kota 400 metrora jaitsiko baita.

Neguko unerik hotzena iritsi da, baina oraingoz ez da elur askorik espero Arabako lurralde gehienean, kota 600-800 metroan egongo delako. Euskalmetek abisu horia mantendu du astelehen honetan, eta goizean, 08:30ak aldera, Urduña eta Herrerako mendateetan baino ez ziren kateak behar.

Hala ere, asteazkenean eta ostegunean egoera aldatzea espero da, kota 400 metrora jaitsiko baita. Orduan iritsiko da elurra Arabako hiriburura eta beste eremu eta udalerri askotara.

Egoera horren aurrean, modu prebentiboan, Gasteizko Udalak Elurteetarako Planaren aurrelarrialdi fasea aktibatu du astelehen honetan, urtarrilaren 8an, 00:00etatik aurrera. Aurrelarrialdia aktibatzearekin batera, esku hartzeko planean jasotako udal baliabideak aktibatu dituzte, besteak beste:

  • Garbiketa berezia: pertsona eta makina ugari arduratuko dira hirian gertatzen den edozein gorabeherari erantzuteaz, bereziki ospitaleetan, osasun zentroetan, bide nagusietan, industrialdeetan, aldapetan, tuneletan, ikastetxeetan eta garraio publikoan.
  • Gatzaren erabilpena: beharrezkoa bada, Gasteizko Udalak gatz edukiontziak lehentasunezko lekuetara eraman behar ote diren aztertuko du, herritarrek kopuru txikitan har dezaten.

Iturria: araba.eus

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren kameren bitartez, lurraldeko errepide nagusien unean uneko egoera ikusteko aukera dago. Posible da kamera batzuen seinalea galtzea zenbait unetan.

Erlazionatuak

Hotz, baina elur askorik gabe

Erredakzioa 2024 urt 08 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago