Pinpilinpauxa baten espiritronpa, burruntzi baten hegala edo lore baten estamineak. Ez dira normalean ikusten diren gauzak, baina, gizakiok ongi atzemateko tamainara ekarrita, Lurretik kanpoko baten paisaia dirudite. Horiek guztiak bildu dituzte La Caixa Fundazioak ekarritako Nanocosmos. La realidad oculta al ojo humano izeneko erakusketan. Abenduaren 20tik urtarrilaren 24ra bitartean zabalik egongo da erakusketa, Gasteizko Santa Barbara plazan.
Michael Benson idazle, artista eta zinemagileak zuri-beltzean lortutako 36 argazkik osatzen dute erakusketa. Lortutako diogu, ohiko argazki bat lortzeko prozedurarekin zerikusirik ez duen teknika bat erabili behar delako nanokosmosa ikusgai bilakatzeko. "Ottawan dagoen Naturaren Kanadako Museoko mikroskopioez baliatu da Benson irudiak lortzeko", azaldu du erakusketaren komisario den Ruben Duro biologoak.
"Ekorketa-mikroskopio elektronikoa erabili behar da horretarako, baina honen erabilerak ez du zerikusirik ohiko mikroskopio optikoarekin". Duroren azalpenei jarraiki, fotoiak erabili beharrean, teknika hau elektroiez baliatzen da irudiak lortzeko. Elektroi horiek bideratzeko, ez dira lenteak erabiltzen, imanak baizik.
"BEGI HUTSEZ IKUSTEN EZ DIRENEZ, ZAILAGO EGITEN ZAIGU GERTUTASUNA IZATEA". RUBEN DURO, BIOLOGOA
"Teknika honek duen arazoa da ezin dituzula bizirik dauden organismoen laginak erabili, irudiak eskuratzeko aldez aurretik huts ganbara batean metal bat sublimatu behar duzulako —normalean urrea edo platinoa—. Sublimatzean, metala laginaren gainean erortzen da, eta oso geruza fina sortzen du. Hala, erabili duzun laginaren molde bat sortzen da. Bertan islatzen diren elektroiak dira gero sentsoreak harrapatuko dituenak. Bestela, ezinezkoa izango litzateke irudi horiek hartzea, elektroien energiak lagina erreko zuelako", azaldu du biologoak.
Orain Gasteizera etorritako erakusketak beste hainbat hiritan izandako harrera onagatik pozik azaldu da Duro. "Kalean jarrita dago, eta hori da, nire ustez, gauza interesgarrienetakoa", babestu du. "Dibulgazioa egiteko, jendearenganako zuzeneko sarbidea eduki behar da, berdin aldez aurretik gaiarekiko interesa duten ala ez. Interesa duten lagunek berez bilatzen dituzte halakoak, baina guk nahi dugu ere aldez aurretik aparteko interesa ez dutenengana iritsi. Horregatik, jende asko ibiltzen den tokitan jarri ohi da erakusketa".
Mundu txikiak duen garrantzia azpimarratu du adituak. "Adibidez, diatomeei eta are txikiagoak diren beste organismo ñimiñoei esker arnasteko gai gara". Durok azaldu duenez, horiek sortzen dute atmosferara igortzen den oxigenoaren erdia baino gehiago. "Oxigenoari buruz hitz egitean, oihan tropikalen inguruan asko hitz egiten dugu, eta egia da horiek oxigeno asko sortzen dutela. Baina zenbait kalkuluk diote fitoplanktonak oxigenoaren %70eraino sortzen duela".
Hondamendi handia
Horren garrantzitsuak izanda ere, zaila da organismo horiekiko interesa piztea, baita naturarekiko ardura dutenen artean ere. "Begi hutsez ikusten ez direnez, zailago egiten zaigu haiekiko gertutasuna izatea", nabarmendu du biologoak. "Balea urdina, katamotz iberiarra eta horrelakoak erraz ikusten dira telebistan, eta normalean horiek ditugu kontserbazio ikur. Baina horiek ez lirateke existituko diatomeak edo bestelako organismo mikroskopiokoak egongo ez balira".
Are, oraintxe bertan gu guztiok baldin badaude, duela 2.400 milioi urte inguru zianobakterioek eragindako hondamendi bati esker izan da. "Oxidazio fotosintesiaren bitartez, Oxigenazio Handia abiatu zuten. Hori gertatu izan ez balitz, biziak ez luke izango orain dugun oxigeno maila, eta Lurreko bizi formak guztiz bestelakoak izango lirateke gaur egun.