2017tik martxan dagoen ohiturari eutsiz, Olentzeroren eta Mari Domingiren etxea Florida Parkeko jaiotza monumentalaren esparruaren barruan dago abenduaren 5etik. Haurrek beren gutunak uzteko aukera dute bertan, eta bisitetarako ordutegia 10:00etatik 21:30era bitartekoa da.
Nolanahi ere, Olentzeroren eta Mari Domingiren egun handia Gabon Eguna, abenduaren 24a, izango da. Igande goizean etxetik aterako dira opariak banatzera. Galtzagorriek zein Udal Folklore Akademiako trikitilarien, albokarien eta txalapartarien musikak lagunduta, Olentzero eta Mari Domingi Gasteizko udaletxean izango dira 10:00etatik 15:00etara, txikiei harrera egiteko.
Arratsaldean, 18:00etan, Iparralde gizarte etxetik abiatuko dira desfilean: Legutioko Atea eta Frantzia, Bake, Olagibel eta Mateo Moraza kaleak zeharkatuko ditu segizioak, Andre Maria Zuriaren plazaraino iritsi aurretik. Mari Domingik zuzenduko du desfilea, lehen karrozatik; Olentzero bigarren karrozan joango da; eta neurri handiko hirugarren karroza bat ere izango da, desfilearen amaieran handik jaurtiko baitituzte gozokiak.
Biek neska-mutilak izango dituzte alboan, eta opariak eramaten lagunduko diete Erraldoien Konpartsak (baserritarrekin eta buruhandiekin), gargantuak eta galtzagorriek. Horrez gain, karrozetan esnezaleak, ikazkinak, egurgileak, artzainak, dantzariak eta belar-biltzaileak ere izango dira, besteak beste. Guztira, 400 partaide inguru izango dira desfilean.
Olentzero eta Mari Domingi 19:00ak aldera iritsiko dira San Migeleko balkoira, Andre Maria Zuriaren plazan bildutako lagunak agurtzera eta abesti batzuk kantatzera.
NOLA ERAGINGO DU DESFILEAK TRAFIKOAN?
Gasteizko Udalak zirkulazioa arautzeko bandoa argitaratu du egunotan. Desfilea 18:00etan hasiko dela, 19:30ean amaitzea aurreikusita dagoela eta ibilbidea zein den gogoraraztearekin batera, itxiko diren kale, bidegurutze eta aparkalekuak zeintzuk diren azaldu dute: