"Tradizioa eta familia" izango dira, beste urte batez, Gasteizko Udalaren Kultura Zerbitzuak antolatutako 2023/2024ko Eguberrietako programazioaren protagonistak. Adin eta gustu guztietarako programazio zabala eskaintzeko asmoz, askotariko jarduerak izango dira abenduaren hasieratik Errege Egunera arte; hau da, urtarrilaren 6ra arte.
"Eguberrietan biztanleriaren zati handi bat oporretan izaten da, batez ere etxeko txikienak. Tradizio askoko sasoia da, eta garrantzitsua izaten da jaia eta magia oinarri dituen giroa sortzea", adierazi du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Lehen geltokia, jaiotza
Ohikoa denez, Florida Parkeko jaiotza monumentala izan da Gabonetako lehenengo proposamena. Abenduaren 5ean, asteartean, inauguratu zuten, eta bertan izango da ikusgai urtarrilaren 7ra arte, egunero 10:00etatik 21:30era. Misterioa gordetzen duen haitzuloaren ordutegia, berriz, 10:00etatik 14:30era eta 16:30etik 21:30era bitartekoa izango da. Bedeinkapena, ohikoa den moduan, abenduaren 24an egingo dute, 13:00etan.
1962. urtetik Florida Parkean jartzen den jaiotza erraldoiak neurri naturala duten 200 pieza eta egitura errealistak ditu, eta urtero eguneratzen da herritarrek egindako ekarpenekin. Aurten, berritze lan hori piezak berriro margotuta egingo da. Gainera, duela urte batzuk erretiratutako baserritarren pertsonaia itzuliko da, baina oraingoan lanbide berria eman diote, herrixkaren eremuan ehunen saltzaile gisa arituko baita.
Olentzero eta Mari Domingi
2017tik martxan dagoen ohiturari eutsiz, Olentzeroren eta Mari Domingiren etxea ere jaiotza monumentalaren esparruaren barruan izango da abenduaren 5etik aurrera, Florida Parkean. Haurrek beren gutunak uzteko aukera izango dute bertan, eta bisitetarako ordutegia 10:00etatik 21:30era bitartekoa izango da.
Nolanahi ere, Olentzeroren eta Mari Domingiren egun handia Gabon Eguna, abenduaren 24a, izango da. Igande goizean etxetik aterako dira opariak banatzera. Galtzagorriek zein Udal Folklore Akademiako trikitilarien, albokarien eta txalapartarien musikak lagunduta, Olentzero eta Mari Domingi Gasteizko udaletxean izango dira 10:00etatik 15:00etara, txikiei harrera egiteko.
Arratsaldean, 18:00etan, Iparralde gizarte etxetik abiatuko dira desfilean: Legutioko Atea eta Frantzia, Bake, Olagibel eta Mateo Moraza kaleak zeharkatuko ditu segizioak, Andre Maria Zuriaren plazaraino iritsi aurretik. Mari Domingik zuzenduko du desfilea, lehen karrozatik; Olentzero bigarren karrozan joango da; eta neurri handiko hirugarren karroza bat ere izango da, desfilearen amaieran handik jaurtiko baitituzte gozokiak.
Biek neska-mutilak izango dituzte alboan, eta opariak eramaten lagunduko diete Erraldoien Konpartsak (baserritarrekin eta buruhandiekin), gargantuak eta galtzagorriek. Horrez gain, karrozetan esnezaleak, ikazkinak, egurgileak, artzainak, dantzariak eta belar-biltzaileak ere izango dira, besteak beste. Guztira, 400 partaide inguru izango dira desfilean.
Olentzero eta Mari Domingi 19:00ak aldera iritsiko dira San Migeleko balkoira, Andre Maria Zuriaren plazan bildutako lagunak agurtzera eta abesti batzuk kantatzera.
Haurrentzako ikuskizunak
Bestalde, abenduaren 27an, 28an eta 29an, Gabonetako programazioaren klasikoetako bat iritsiko da: Haur Ikuskizunen XX. Erakustaldia. Hiru egun horietan, etxeko txikienek hiru ikuskizun bikainez gozatzeko aukera izango dute Mendizorrotzeko kiroldegian. Guztira bost emanaldi izango dira, eta horietan dantzatzeko eta abesteko aukera izango dute. Sarrerak abenduaren 12an jarriko dituzte salgai Udalaren webgunean, 5 euroko prezioan:
- Abenduak 27, asteazkena. Mag Lary: Mag Lary Live (gaztelaniaz), 18:30ean.
Mag Lary ilusionista da duela 30 urtetik. Bere bizitza etengabeko bira dela esan dezakegu, eta gehien gustatzen zaiona agertokietan egotea da, jende eta toki ezberdinak ezagutzen eta ondoen egiten dakien hori egiten: bere magiarekin ilusioa piztea eta jendeari irribarre eginaraztea.
- Abenduak 28, osteguna. Cantajuego: ¡Viva mi planeta! Me lo contó un pajarito (gaztelaniaz), 12:00etan eta 18:30ean.
Istorio berezi honek txorien askatasuneraino eramango gaitu Coco, Pepe eta Bubyren, eta Cantajuegoko gainerako gure lagunen umorea eta musika lagun ditugula. Familia osoarentzako formatu musikal honetan, planeta zaintzea, ahalegina eta adiskidetasuna izango dira bultzatuko diren balio garrantzitsuenetako batzuk. Cantajuegoren erritmoari eusten dion musika, dantza eta dibertsio ikuskizun berria da.
- Abenduak 29, ostirala. Ene Kantak: Emozio festa (euskaraz), 12:00etan eta 18:30ean.
Eneko eta Nerea eskolara itzuli dira. Beldurra, urduritasuna, poza... Uda ondorengo eskolako lehen egunean sortzen diren emozioak kudeatzea ez da erraza, eta, gainera, egoera berriei egin beharko diete aurre. Musikaz, dantzaz eta barrez betetako abentura berri honetan, ikusleak emozioetan barneratuko dira.
Errege Magoak
2024ari ongi etorria emateko eta Gabonetako programazioari amaiera emateko, urtarrilaren 5ean Gasteizera iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak. 11:00etan helduko dira tren geltokira, eta Araba Classic Club elkarteko ibilgailu kasikotan joango dira Plaza Berriraino. Alboan izango dituzte postariak, opariz betetako traktore bat eta musika banda. Gainera, Kervan konpainiak Mirage ikuskizuna eskainiko du bertan. 11:20ak aldera, udaletxeko balkoi nagusitik agurtuko dituzte plazan bildutako neska-mutilak.
Ondoren, 12:15etik 18:00ak arte, Errege Magoek etxeko txikienei harrera egingo diete Goiuri Jauregian, Frai Zacarias kaleko sarreratik. Eguna borobiltzeko, 19:00etatik aurrera, ohiko ibilbidea egingo du desfileak: Bilbo plazatik abiatuta, Frantzia, Bake, Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Micaela Portilla, Laskarai, Gasteiz hiribidea eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleak zeharkatuko ditu segizioak.
Iaz bezala, hiriko elkarte ugarik egindako eskaerari erantzunez, karrozetako soinu ekipoen bolumena jaitsi egingo da, autismoaren espektroko nahasmenduak eta entzumen desgaitasuna duten pertsonek desfileaz erosotasun handiagoarekin gozatzeko aukera izan dezaten.
Guztira, 300 partaide eta zazpi karroza izango dira desfilean: lehen hiru karrozak fantasiazkoak izango dira, hurrengo hiruretan Errege Magoak joango dira; eta zazpigarren karrozatik, aldiz, gozokiak botako dituzte. Honako hauek dira parte hartuko duten antzerki taldeak:
- El Carromato: Fantasía Floral (Cadiz): jai giroko kalejira hau koloretako lore argidunek eta trikimakoen gainean dantzan doazen bi kolibrik osatzen dute.
- Kervan: Mirage (Frantzia): musikariek, zangaluzeek, malabaristek eta dantzariek osatutako ikuskizun ibilgari bikaina da. Ikusleak mundu irrealean, ilusio batean edo amets batean barneratuko ditu.
- Caramatran: Electro Frogs (Frantzia): igel alai hauek hirian sartu eta milaka kolore elektrikorekin argiztatuko dute. Gainera, alboan hiru saxofoi-jotzaile distiratsu eta dibertigarri izango dituzte.
- Teatro Per Caso: World of Wonder Moonlight (Italia): kalejira dotore eta delikatu hau pertsonaia hegodunek, arropa argidunek, puxika erraldoiek, clown batek eta ahaztutako antzinako munduetara eramango gaituzten musikak eta dantzek osatzen dute.
- Batuketa Batukada Musika Elkartea (Gasteiz)
Musika animazioa kalean
Aurtengo Gabonetan, kaleetako musika animazioa areagotzeko apustua egin du Kultura Zerbitzuak, jai giroa handitzeko asmoz. Guztira 40 musika emanaldi bokal zein instrumental izango dira hirian zehar.
Besteak beste, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean 28 kontzertu eskainiko ditu Arabako Abesbatzen Elkarteak, lurraldeko 21 abesbatzaren eskutik. Egunero 19:30ean izango dira Arka plazan, Santa Barbara plazan eta Antso Jakitunaren hiribideko pergolan; gainera, 20:30etik aurrera egun bakoitzeko hiru abesbatzak elkarrekin abesteko batuko dira Urrezko Zeledonen plazan.
Horrez gain, abenduaren 23tik urtarrilaren 5era, hiriko kaleetatik ibiliko dira hamar musika banda eta txistularien eta gaita-jotzaileen hiru talde.
Halaber, iazko arrakasta ikusita, Erraldoien eta Buruhandien Konpartsak kalejira berezia egingo du abenduaren 31n, Gasteizko txikienekin batera 2023. urteari agur esateko. 17:00etan abiatuko dira Musika Etxetik, eta hiriguneko hainbat kale zeharkatuko dituzte, Plaza Berrian dantza handi batekin amaitu aurretik.
Arte eszenikoak
Azkenik, urtero bezala, Butaca Txikia zikloak arte eszenikoak eskainiko dizkio Gabonetako programazioari. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra, haurrentzako zortzi ikuskizun izango dira gizarte etxeetako ekitaldi aretoetan eta antzokietan. Sarrerek 5 euroko prezioa dute, eta abenduaren 13an 08:30ean jarriko dira salgai gizarte etxeetan, kirol instalazioetan (frontoiak izan ezik) eta Internet bidez:
- Geometria del alma, Teatro Plus (Asturias): abenduaren 26an, 18:00etan Arriagako gizarte etxean.
- Izadi, El Lagarto Baila (Euskal Herria): abenduaren 27an, 17:00etan eta 18:30ean Felix Petite Antzokian.
- Sin luna, Samfaina de Colors (Katalunia): abenduaren 28an, 18:00etan Beñat Etxepare Antzokian.
- Gure kanoa, Zurrunka Teatro (Euskal Herria): abenduaren 29an, 12:00etan Jesus Ibañez de Matauko Antzokian.
- Solo, Roi Borrallas (Katalunia): abenduaren 30ean, 18:00etan Salburuko gizarte etxean.
- Mamut, Markeliñe (Euskal Herria): urtarrilaren 2an, 18:00etan Federico Garcia Lorca Antzokian.
- Mermelhada, El retablo (Madril): urtarrilaren 3an, 18:00etan Zabalaganeko gizarte etxean.
- Kariguri, Giramagic (Katalunia): urtarrilaren 4an, 18:00etan Aldabeko gizarte etxean.
PROGRAMAZIOA