Labetik atera berria den Modus Operandiren hirugarren diskoa buru-belarri aurkezten ari da egunotan Iñaki Ortiz de Villalba (Gasteiz, 1971) abeslaria, eta, modu berean, Betagarri taldeak egingo duen itzulera birarako abesti zaharren letrak berrikasten dabil. Hiru hamarkada inguru darama musikaren munduan, baina ez da nekatzen.
Modus Operandik Atzo/Gaur izeneko disko bikoitza kaleratu du. Zergatik aukeratu duzue formatu hori?
Zerbait ezberdina egin nahi genuelako. Gainera, disko honetan bi ideia nagusi daude. Batetik, bertsioak bildu nahi izan ditugu, eta, bestetik, gure abesti propioak sartu nahi izan ditugu ere. Gainera, eta gaur egun oso jende gutxik diskoak erosten dituela jakin arren, digipackean ere oso ondo geratzen ziren bi diskoak. Beldur ginen ere bertsioen diskoak gure abestiena jan ote zezakeen, eta hori disko bakarra egitearen aldeko argudioa zen. Baina azkenean horrela oso ondo geratu dela esango nuke.
Nolakoa da Atzo?
Nolabait, Betagarriren 80/00 diskoan egin genuena errepikatu nahi izan dugu. 2000. urtetik 2022.era desagertu diren taldeen bertsioen bitartez omenaldia egin. Horien artean, Latzenen Laztana izan zen lehena kaleratzen. [Zea Mays taldeko] Aiora Renteriari mezu bat bidali nion kolaboratzeko. Uste genuen ezetz esango zigula, baina kanta pasa genionean esan zuen gustuko zuela, eta etorriko zela. Horrela, 2023ko otsailean hasi ginen honi forma ematen. Pixkanaka, Atzo disko horretarako zein kantu eta kolaboratzaile joan zitezkeen pentsatu genuen. Lan handia izan dugu kolaborazio horiekin. Berri Txarraken Oreka da daukagun bigarren singlea. Danae abeslari gaztearekin Donostian grabatu genuen. La Polla Recordsen Ellos dicen mierda Aguraingo Duplarekin egin dugu. Abestiak trap kutsu bat du, gero rock eta punkaren ildotik doa. Guztiekin bideoak egin ditugu, eta pixkanaka argitaratzen joango gara. Barricadaren Mañana será igual kanturako, Afrika Bibang izan dugu. Kantu hau ere guztiz aldatu dugu. Ken Zazpiren Itsasoa gara kanturako, berriz, Janus Lesterren Jokin Pinatxo izan da gurekin.
Gaur diskoari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?
Zure bihotzetik onena kanta diskoa atera aurretik argitaratu genuen. Nire amari eta, oro har, ama guztiei omenaldia egin nahi izan diet. Ama nahiko zahar dabil, eta, halere, oraindik badabil janaria prestatzen. Ikusten dugu urteen higadura berarengan. Denboraren aizkorak kantuan, berriz, adierazi nahi izan dugu abiadura biziko bizitza honetan askotan ez garela gelditzen pentsatzera zer egin nahi dugun gure bizitzarekin, eta norekin partekatu nahi dugun. Askotan betiko lagunak edo familia alde batera uzten dugu, eta geurera baino ez gara joaten. Sarritan, isolatzen gara, eta ez gara konturatzen hau guztia oso azkar pasatzen dela. Une batez, denbora geldiarazi behar da, hain justu. Rock kutsua duen abesti bakarra da. Oso disko anitza da hau; bestela, zuzenean defendatzerakoan, abestiak oso antzekoak baldin badira, aspertuko ginateke. Egun zarena abestia multinazionaletatik inposatutako itxurari buruzkoa da. Guztiok begiratzen dugu gure burua ispiluan, eta beti gazte mantendu nahi dugu. Gakoa da ikusten zaren moduan onartzea; beldurrik ez izatea gizartearen aurrean zeu zaren moduan agertzeko. Maiteak mindu zintuen agian poperoena eta sentikorrena da. Fideltasuna eta fideltasun ezaren arteko talkari buruzkoa da. Hitz jokoa da maiteak mindu izana. Zergatik ematen den fideltasun gabezia bikoteetan, askotan maiteminduta ez bazaude zertarako jarraitu... tira, zenbaitetan, erabaki gogorrak hartu behar dira. Iaz Down sindromea duten lagunez osatutako Verdini dantza taldea ikusi nuenean idatzi nuen Berdinak ezberdinak. Ez neukan gertuko kasurik, eta nahiko barrura iritsi zitzaizkidan beren dantzak. Arrazakeria, gizonak-emakumezkoak... gai horiek nahiko jorratuta daude jada. Horregatik ere aukeratu nuen gai hori abestian lantzeko.
Ikusten dudanez, disko nahiko filosofikoa atera zaizue...
Bai, bai, dezentekoa! Gainera uda eman nuen letrak atera ezinik. Oso kezkatuta nengoen. Zirriborroak nituen, baina ezin nituen bukatu. Bitxia da: gertutik esan didate orain arte egin ditudan letra onenak direla. Nire ustez, ez dira onenak, ez. Tira, irailerako, grabatzen hasi ginenean, dagoeneko banituen letra gehienak. Letren aldetik zaila izan bazen ere, musikarekin nahiko ondo moldatu ginen. Dena dela, jakina da abesti batzuk hazten direla zuk pentsatutakoa baino gehiago, eta kontrara ere gertatzen dela. Baina, orokorrean diskoarekin oso pozik gaude. Orain diskoa zuzenean defendatu behar da; azken finean, helburua ongi pasatzea delako, eta jendea ere ondo pasaraztea.
"UDAN LETRA BERRIAK ATERA EZINEAN DENBORA ASKO EMAN NUEN. OSO KEZKATUTA NENGOEN"
Atera berria dela jakinda ere, jendearen aldetik feedbacka jaso al duzue jada?
Hainbat kritika txar jaso ditugu, bai. Batez ere Laztana kantari buruzkoak izan dira horiek. Hainbatek jada esan digute jatorrizko kanta apurtu dugula.
Internet bidezkoak izan dira? Hala izatekotan, badakizu asko erlatibizatu behar direla horiek...
Bai, internet bidezkoak izan dira. Baina nik esan, esan behar dut. Jakin badakidalako zerbait egiten duzunean ez dela zertan jende guztiaren gustukoa izan. Baita Betagarrirekin ere gertatzen zitzaidan. Bazegoen jendea aurpegira esaten zidana ez zuela gustuko egiten genuena. Behin ederra puta mierdie ere esan ziguten! Bestalde, badira ere jarraitzaile batzuk aldaketa ulertzen ez dutenak. Taldea ondo omen zegoela zegoen moduan. Nik uste dut aldatzea oso aberasgarria dela. Josu Erviti bateria jole eta ekoizleak ere esku dezente sartu du, sintetizadore eta base elektronikoekin. Niri gustatzen zait aurrera egite hori. Baina gertutik ere jendeak esan digu diskoa ondo dagoela, eta aurrera egiteko aldaketekin. Bitxia da: Atzo diskoan kantuak gaurkotu ditugu, eta Gaur diskokoak atzoko doinuak dira ere. Baina, oro har, diskoak begiratzen du biharrera.
MCDko Nikori behin entzun nion harrigarria zela egungo hainbat gaztek punka egin nahi izatea. Hori errebeldia adierazteko kontu zaharkitua dela egun.
Bai. Agian orain guztiok ari gara aurrera begiratzen. Neuri gaurko aniztasun hori gustatzen zait. Tira, guk jotzen ditugu gure lehengo kantuak, eta orain berriekin nahasten ditugu ere. Ikusiko dugu bihar zer egiten dugun.
"BIZITZEKO GRINA EMATEN DIT MUSIKAK. INOIZ ZIRRARA HORI GALTZEN BADUT, UTZIKO DUT"
Erviti aipatu didazu aurretik. Hor MacGyver bat baduzue...
Bai, bera produktorea da, eta besteak beste Olaia Inziarterekin lan egin du. Bera izan da diskoaren egile nagusia. Nik kantuen ideia orokorrak pasa dizkiot, eta berak moldatu ditu. Gero, biok bilduta, azken puntua ematen diegu taldera bidali aurretik.
Bertsio guztiek ontze prozesu bat behar dute, horietara egokitu arte, ezta? Eta, badira estilo berrian dauden zenbait kanta loraldi berria daukatenak...
Hori da. Betagarrirekin ere gertatu zitzaigun. Jende askok uste zuen Doctor Deseoren La chica del Batzoki gurea zela. Eta Baldin Badaren abestiekin ere gertatu izan zaigu.
Ez zara Euskal Herriko musikaren dinosauro bakarra, baina denbora pila daramazu musikan. Ez zara nekatzen?
Bizitzeko grina ematen dit musikan aritzeak. Ez dakit zer daukan, baina inoiz agertokira igotzean xarma edo zirrara sentitzen ez baldin badut, utziko dut. Betagarri utzi genuenean, bagenekien denbora bat eman nahi geniola taldeari, baina azkenean utzi genuen. Egia da ere ez genuela hausnartu gero itzuli behar ote ginen. Jendeak bazegoen beste afera batzuetan; tartean, seme-alabekin. Betagarrirekin 24 urte eman genituen, eta 2017an eman genuen azken kontzertua. 2018rako nik buruan beste hainbat kantu nituen, Modus Operandirekin hasi arte. 2019an kontzertuekin hasi ginen, baina pandemiak harrapatu gintuen. Horren ostean bigarren diskoa atera genuen. Talde askok — adibidez, Soziedad Alkoholikakoek— erabaki zuten jendea kontzertuetan zutik egon ahal izan arte ez zutela joko. Guk jotzea erabaki genuen, hor geundela aldarrikatzeko. Gainera, guk ez genuen izenik eginda talde berriarekin. Jauzi zitzaizkigun bolo pila bat, eta ez dakigu nolakoa izan zatekeen Modus Operandiren egungo bizitza hori gertatu izan ez balitz. Horrek asko eragin gintuen. Baina, zorionez, asko aldatu da euskal musika azken urte hauetan. Inoiz baino talde gehiago daude orain. Loraldi itzela dago, eta hori oso ona da.
"NORBAITEK WHATSAPP TALDE BATEAN BETAGARRI BERRIRO BILTZEKO IDEIA BOTA ZUEN"
Zer kontzertu dituzue zerumugan?
Modus Operandirekin, abenduaren 10ean Durangoko Azokan egon gara. Urtarrilaren 20an, berriz, Ziburun egongo gara. 25ean, Bilboko Kafe Antzokian. Eta, otsailaren 17an Jimmy Jazzen. Betagarrirekin, berriz, 30. urteurrena ospatu nahi dugu. Norbaitek whatsapp talde batean proposamena bota zuen, eta denok baietz esan genuen. Beraz, abenduaren 29an eta 30ean Jimmy Jazzen egongo gara. Urtarrilaren 6an, Iruñeko Totem aretoan joko dugu, eta, momentuz, urtarrilaren 13 eta 14an, Bilboko Kafe Antzokian emango ditugu azken kontzertuak.