Azken urteetan Larrialdietara joan behar izan den edonork daki arreta jaso arte hainbat orduz itxaron beharko duela. Baina aurtengo abenduko zubiaren ostean egoerak marra gorri guztiak gainditu ditu. Pazienteek, osasun langileek eta sindikatuek salatu dutenez, Txagorritxu Ospitaleko Larrialdiak "kolapsatu" egin dira. SER Vitoria irratiak jasotako testigantzen arabera, hamasei ordu arteko itxaronaldiak izan ziren igandean eta astelehenean.
Asteazken honetan zabaldutako ohar batean, ELA sindikatuak ohartarazi du Larrialdiek gain egin dutela "langile, prestakuntza eta espazio faltagatik", eta gertatutakoa Arabako ESIko "murrizketen ondorio" dela. Gaur egun, Txagorritxuko Larrialdiak Arabako ESIrako operatibo dauden bakarrak dira.
"Jendeak lurrean itxaron behar izan du, hamabi ordu baino gehiago. Egoera hori ez da ezusteko baten ondorio izan; Osakidetzaren kudeaketa eskasaren eta zerbitzuaren etengabeko okertzearen emaitza da", salatu du sindikatuak. San Martingo Etengabeko Arretako Gunearen (EAG) eta Santiago Ospitaleko Larrialdien itxieraren ostean, "egoera jasanezina da, bai pazienteentzat, bai langileentzat", ELAren arabera. Gainera, Olagibeleko EAGan "espazio, material eta langile falta" salatu dute.
"Lehen, herritarrek bi EAG eta bi Larrialdi zerbitzu zituzten eskura. Orain, guztiek Txagorritxuko Larrialdietara jo behar dute. Bada, Txagorritxun lehengo espazio zein langile kopuru bera daude. Gainera, orain lehen artatzen ez ziren larrialdiak dituzte, eta ez dute prestazio egokirik jaso. Langileak kezkatuta daude pazienteen osasunarekin", ohartarazi du ELAk.
Lehen Arretaren egoerak ere ez du laguntzen: "Hitzorduen atzerapenengatik eta, aldi berean, Gabonengatik osasun zentroetan gero eta lehenago ezarritako murrizketengatik, herritarrek Larrialdietara jotzen dute, osasun zentro bat balitz bezala", dio sindikatuak. "Egoera horrek langileen baldintzak okertu ditu, gainezka baitaude. Osasun publikoa etengabe desegiten ari dira. Langile gehiago behar dira, baita lan baldintzak negoziatzea eta Santiagoko Larrialdiak eta San Martingo EAGa lehengoratzea ere".
"Gertaera puntuala"
Bere aldetik, Jose Maria Perez Ramos Arabako ESIko zuzendari kudeatzaileak ohar bat plazaratu du, gertatutakoa "puntuala" izan dela ziurtatuz. "Egun zehatzetan eta jaiegun batzuen ondoren gertatu da; horren ondorioz, eskaria areagotu egiten da astea berriro hasten denean", adierazi du Perez Ramosek.
Azaldu duenez, astelehenean, abenduaren 11n, 571 paziente artatzera iritsi ziren. Aurreko astean, hilaren 4an, 473 paziente artatu zituzten; urriaren 30ean, berriz, 441 lagun; eta Larrialdietako arreten ohiko batez bestekoa 350 paziente dira.
"Egungo egoera epidemiologikoak, zalantzarik gabe, arreta kopurua handitzen lagundu du", adierazi du Arabako ESIko zuzendari kudeatzaileak. Azkenik, azpimarratu du "egoerak ez duela zerikusirik" hainbat zerbitzuren lekualdatzearekin.