Indartu dezagun Osakidetza. Diru publikoa desbideratzeari ez! manifestua plazaratu ostean, Osasun Publikoa Aurrera mugimenduaren barruan bildutako herri plataformek hiru mobilizazio deitu zituzten azaroaren 11rako, larunbaterako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan. Gasteizko manifestazioa 12:00etan abiatu zen Bilbo plazatik, eta milaka lagun bildu dira, tartean pentsiodunak, auzo elkarteak eta bestelako kolektiboak.
Dozenaka eragilek babestutako manifestuan, herri plataformek aldarrikatu dute "eredua herritarren parte hartzetik aldatzea behar-beharrezkoa" dela. Halaber, Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorraren ildo beretik, "bizitzaren etapa guztiak barne hartuko dituen zaintza sistema integral, publiko eta kalitatezkoa" defendatu dute osasun publikoaren aldeko plataformek.
Norabide horretan, "administrazio osoaren lankidetza oinarrizko beharra" dela azpimarratu dute, lau aldarrikapen nagusi plazaratuz:
- Lehen Mailako Arreta "sistemaren giltzarri gisa birsortzea". Funtsean, osasun eredu "unibertsala eta kalitatezkoa" bermatzea eskatu dute, "premien arabera, sektore kalteberenak lehenetsiz". Halaber, "profesionalak aintzat hartu" eta plantillak egonkortzea exijitu dute, "arretaren prekarietatea murrizteko eta profesionalen arreta luzaroan bermatzeko". Hori guztia ahalbidetzeko, Lehen Mailako Arretara bideratutako finantzaketa handitzea proposatu dute, Osasun Sailaren aurrekontuaren %25 izan arte.
- Zerbitzu guztiak publiko bihurtzea, administrazio publikoak zuzenean eskaini ditzakeen kasuetan. Horretarako, kudeaketa pribatua baimentzen duen 15/97 Legea indargabetzea eskatu dute. "Ez murriztu itxaron-zerrendak klinika pribatuetara, itunpekoetara edo aparteko orduetara bideratzearen kontura", kritikatu dute.
- Kudeaketa demokratizatzea, "maila guztietan herritarren partaidetzarako eta kontrolerako egiturak sortuz".
- Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, osasun zerbitzua euskaraz jaso nahi duten herritarrei horretarako aukera bermatuz, baita langileen artean edota langileen eta administrazioaren arteko harremanetan ere.
Gasteizko egoerari dagokionez, gainera, osasun zentroetako langile falta, San Martingo Etengabeko Arretako Gunearen (EAG) eta Santiagoko Larrialdietako itxiera, Ospitale Psikiatrikoko murrizketak eta itxarote-zerrenda luzeak salatu dituzte, besteak beste.
Argazkia: ESK sindikatua