Zabalik da Eva Forest Liburutopia, utopiazaleen txoko berria

Erredakzioa 2023ko abe. 5a, 11:00

Ostiralean bere ateak ireki ostean, Eva Forest Liburutopia kafetegi eta liburu denda astelehenetik larunbatera zabalik dago jada. Oihana Arana, Ane Gebara eta Igarki De Robles gonbidatu dituzte aste honetan.

Eva Forest Liburutopia espazioak "utopiazaleentzako" kafetegia eta liburu denda eskainiko ditu Gasteizko Alde Zaharreko Santa Maria kantoiko 4. zenbakian. Joan den ostiralean, abenduaren 1ean, bere ibilbideari ekin zion, ate irekiekin, brindis batekin eta inaugurazio festa batekin.

Larunbat goizean, berriz, irekierarekin batera iragarritako egitarauaren lehenengo ekitaldia eskaini zuten: Zigor Olabarriaren Pájaros azules liburuaren —Txori urdinak jatorrizko lanaren gaztelaniazko bertsioa— aurkezpen musikatua, Ziklone taldearen laguntzarekin eta Santi Cobos eta Victor Peco FIES preso ohien eskutik. Liburua espetxearen erretratu bat da, bere bizitzaren erdia preso eman duen Cobosek berak Olabarriarekin elkarlanean kontatuta.

Asteburuko "emozio uholdearen" ostean, asteari indartsu ekin diote Eva Forest Liburutopiako lagunek, eta abendurako ordutegi berezia iragarri dute. Espazioa astelehenetik larunbatera izango da zabalik: kafetegiaren kasuan, 09:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era; liburu dendaren kasuan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Sustraiak herri mugimenduan

3.500 bat liburuko funtsarekin abiatu dute egitasmoa; gustu eta adin guztietarako proposamenak topatu ahal izango dira bertan, baina saiakerak eta kritikotasunak leku handia hartuko dute. Gainera, haurrentzako ipuinekin ere beste txoko bat prestatu dute.

Joan den astean ALEAn azaldu zutenez, herri mugimenduan aritutako zazpi lagunen eskutik jaio da kultur egitasmoa, Eva Forest idazle eta argitaratzailea gogoan (Bartzelona, 1928 - Hondarribia, 2007). "Herrien askapen borrokan egindako lan guztiagatik, omenaldia egin nahi izan diogu. Euskal Herrian erreferente bat da, eta aitortza egin diogu liburu dendari bere izena jarrita", azaldu du Xabi Lasak, proiektua sustatu eta beren burua "LibrEro" izendatu duten zazpi kideetako batek.

Iruñeko Katakrak, Donostiako Kaxilda, Bilboko Louise Michel, Madrilgo Traficantes de Sueños edo Bartzelonako La Ciutat Invisible erreferentzia gisa hartu dituzte Gasteizko proiektua martxan jartzeko.

Lehenengo ekitaldiak

Kafetegia eta liburu denda izateaz gain, eztabaidarako gunea ere izango da Liburutopia. Liburuen aurkezpenekin batera, ikastaroak, hitzaldiak eta bestelako kultur ekitaldiak antolatuko dituzte. Eta, inaugurazioaren aurretik aurreratu zutenez, abenduko lehen hamabostaldia jardueraz beterik dator Liburutopian:

  • Abenduak 5, asteartea, 19:00etan:
    Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan poesia liburuaren aurkezpena eta solasaldia. Ondoren, Lenoir eta MICEren kontzertua.
  • Abenduak 6, asteazkena, 11:00etan:
    Umeen txokoaren inaugurazioa, Ane Gebara ipuin kontalariaren eskutik.
  • Abenduak 8, ostirala, 18:30ean:
    Shout! hitzaldi musikatua, Igarki De Roblesen eskutik, beltzen askapenerako mugimendua eta musika aztertuz.
  • Abenduak 14, osteguna, 19:30ean:
    Kuttunak irakurle txokoaren aurkezpena, Leo Bueriberi, Cira Crespo, Marina Suarez eta Mikel Aierberen eskutik.
  • Abenduak 16, larunbata, 11:30ean:
    Katixa Agirreren Berriz zentauro liburuaren aurkezpena eta irakurraldia.
Erlazionatuak

Utopiazaleen txokoa orrazten

Anakoz Amenabar 2023 aza 27 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago