Liburutopia

Utopiazaleen txokoa orrazten

Anakoz Amenabar 2023ko aza. 27a, 06:30

Abenduaren 1ean egingo dute inaugurazioa eta brindisa, 19:00etan. Argazkia: E. Anda / ALEA

Abenduaren 1ean irekiko ditu ateak Eva Forest Liburutopia kafetegi eta liburu dendak Gasteizen; kultur jardueretako gunea eta "kritikotasuna pizteko" tresna izan nahi du espazio berriak.

Liburuak apaletan antolatu, erakusmahaiak atondu eta kafearen txokoa prestatutakoan, liburuzaleek espazio berri bat izango dute Gasteizko Alde Zaharrean. Azkeneko lan horietan ari dira Santa Maria kantoian, abenduaren 1ean irekiko duten Eva Forest Liburutopiari ongi etorria egiteko. "Kritikotasuna piztuko duten irakurgaiak eskura jarri nahi ditugu, eta, era berean, komunitatea biltzeko leku goxo bat eskaini", azaldu du Xabi Lasa bazkideak, dendari azkeneko ukituak ematen dizkioten bitartean. 

Herri mugimenduan aritutako zazpi lagunen eskutik jaio da kultur egitasmoa, Eva Forest idazle eta argitaratzailea gogoan (Bartzelona, 1928-Hondarribia, 2007). "Herrien askapen-borrokan egindako lan guztiagatik, omenaldia egin nahi izan diogu Liburutopiarekin. Euskal Herrian erreferente bat da, eta aitortza egin diogu liburu-dendari bere izena jarrita". Forestek utzitako arrastoa eta beste hamaika idazleren lanak topatuko dituzte irakurzaleek 3.500 bat aleren artean, gustu eta adin guztietarako proposamenekin. "Denetarik egongo da, baina saiakerak leku handi bat izango du gurean. Kritikotasuna landuko dugu, eta beste genero batzuetan ere hori aurkitzea gustatuko litzaiguke".

Xabi Lasa, Eva Forest Liburutopia proiektuaren bazkideetako bat.
Argazkia: Erlantz Anda / ALEA

Haurrentzako ipuinekin ere txoko bat prestatuko dute, eta, noski, eztabaidarako gunea ere izango da Liburutopia. Liburuen aurkezpenekin batera, ikastaroak, hitzaldiak eta bestelako kultur ekitaldiak antolatuko dituzte.

"Forestek herrien askapen-borrokan egindako lana omendu nahi dugu"

Xabi Lasa

Eta dagoeneko egitaraua betetzen ari dira. Irekieratik, eta abenduaren 15era bitarte, lehenengo jarduerak izango dituzte. Besteak beste, Santi Cobos presoaren ahotik Zigor Olabarriak idatzitako Pájaros azules, Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan –Miren Narbaiza eta Joseba B. Lenoir musikariekin batera–, eta Katixa Agirreren Berriz Zentauro liburuen aurkezpen eta solasaldiak izango dira; Umeen Txokoa aurkeztuko du Ane Gebara kontalariak; Igarki Roblesek Shout! Black Power mugimendua eta musika hitzaldi musikatua eskainiko du; eta Kuttunak irakurle klubaren aurkezpena egingo dute Cira Crespok, Marina Suarezek, Mikel Aierbek eta Leo Bueriberik.

Asteartetik larunbatera arte izango da zabalik denda, goiz eta arratsalde.
Argazkia: Erlantz Anda / ALEA

Horiek denak goxatzeko, bestalde, kafea eta tea ez dira faltako, auzoko komertzioekin lortutako elkarlanari esker. "Cafetaza txigortegiarekin eta Sandaili infusio dendarekin batera egingo dugu lan, te eta kaferik onena eskaintzeko". Alde Zaharreko auzokideen arteko elkarlana sustatzea dute helburu Liburutopian, eta, ekimenen artean, auzoko eskolarekin irakurzaletasunaren inguruko jardueraren bat ere antolatuko dute. Muinoko auzokideei egin diete bereziki bertaratu eta lekua ezagutzeko gonbita, auzoan izan daitezkeen beste proiektu batzuen osagarri. "Abenduaren 1ean abiatuko gara, martxan jarriko dugu Liburutopia, eta hurrengo pausoak beharraren arabera ematen joango gara, baliteke beste proiektu batzuk ere sortzea bertatik", azaldu du Lasak.

Ereduak ez dituzte falta. Euskal Herrian eta kanpoan ere zenbait bisitatu dituzte proposamenak batzeko. Iruñeko Katakrak, Donostiako Kaxilda edo Bilboko Louise Michel egitasmoak, besteak beste, etxean, eta Madrilgo Traficantes de Sueños edo Bartzelonako La Ciutat Invisible kanpoan. "Katakrak erreferentzia izan da, Euskal Herriko liburu-denda kritikoetan handiena delako, bai espazioan eta baita proiektuaren dimentsioan ere, baina beste zenbait ere izan ditugu eredu".

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago