Hasierako lehen esku hartzea bukatutzat eman dute, baina Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuko kideek espero dute datozen urteetan berriz ere Miñaogutxiko San Bizente Martiriaren elizan lanean jarraitu ahal izatea. "Momentuz, lehen fase batean gaude", aurreratu du Cristina Aransay zerbitzuburuak. "Eliza hori batzar administratiboari lagata dago, eta, horregatik, animatu genuen lehen laginketak egiteko".
Laginketa horiek emaitza ikusgarria eman dute, karearen azpian antza Erdi Arokoak diren margo gorriak azaleratu direlako. Aurretik bazituzten pista batzuk, pintura mota hauen arrastoaren atzetik dabilen Gorka Lopez de Munain historialariak bertan pinturak egon ahal zirelako susmoak bazituelako, eta Gotzaindegiaren katalogoan ere aipamena agertzen zelako. Baina Zaharberrikuntza Zerbitzuaren ardurapean lanak egin dituen Artyco enpresako teknikariek eskua sartu arte ez da azaldu altxor txikia.
Orain arte ikusitakoaren arabera, hormako karearen azpian marrazki asko egon daitezke. Gehienetan harlandu bat marrazten duten formak dira, barruan beste elementuren bat dutenak: loreak, izarrak, ezkutuak, forma geometrikoak... txoriren bat izan daitekeena ere antzeman dute. Aransayren hitzetan, egin diren laginketek ia metro bateko tamaina dute, eta bertan marraztuta dagoena oso ondo ikusten da. "Egin beharreko lana zaila da, kare geruza asko daudelako, eta zenbait tokitan hezetasunagatik pinturak hondatu direlako. Baina beste pintura asko onik mantendu dira". Aransayk argitu duenez, behin hasierako lan hauek bukatuta, lanak egin dituen enpresaren txostenaren zain daude orain.
Marrazki xumeak
Prozesua gertutik jarraitu du Zaharberrikuntza Zerbitzuan halako materialen ardura duen Diana Pardo teknikariak. "Era xumean egindako marrazkiak dira, momentuz ezagutzen ez dugun sinbologia bat agerrarazten dutenak". Erabilitako pigmentu gorriak ez dira ezohikoak, "sarritan erabiltzen zirelako halako lur pigmentuak". Mortero erdilehorraren gainean egindako pinturak direla azaldu du teknikariak.
Orain arte azaleratutakoa ikusita, Pardok nahiko luke hurrengo urteetan ere lanek segida izatea. "Ganga oso interesgarria izan daitekeelakoan nago. Dena dela, ikusi beharko dugu etorkizunean zer agertzen zaigun, margo gorri horien gainean beste pintura garrantzitsuren bat agertuz gero, ez genituzkeelako horiek kenduko. Eta oso ohikoa da pintura gorri horiek margo garrantzitsuen azpian egotea", aurreratu du Pardok. Ikerketa horiekin, besteak beste, sinbologia hobeto ulertu nahiko lukete, eta kronologia gehiago zehaztu. Momentuz, horretan ez dute modurik gehiegi sakontzeko, Errenazimendu aurrekoak eta Erdi Arokoak direla esatea ez bada.
"LANEK SEGIDA IZATEA NAHIKO GENUKE, GANGAREN AZPIAN ZER DAGOEN JAKITEKO"
DIANA PARDO, ZAHARBERRITZAILEA
Jatorriari dagokionez, Pardok azaldu du halako pinturek oinarrizko tenplu baten arkitektura "joriagoa agerrarazteko" modua zela, zutabeak, arkuak edota harlauzak margotuz. "Baliabide arkitektoniko nahikorik ez zegoenean, marraztu egiten ziren". Dena dela, Pardok ez du uste margo figuratiboak agertuko direnik. "Horiek egotekotan, absidean egon ohi dira, eta, hori nahiko hondatuta dago; badirudi historian zehar esku hartze asko izan dituela".
Alaitzako margoena da gurean kasurik esanguratsuena eta ezohikoena, baina beste zenbait elizatan margo gorriak azaldu dira. Gehiago agertuko al dira? Baiezkoan dago Pardo. "Baditugu beste batzuk fitxatuta", aurreratu du. Momentuz, Miñaogutxiri buruzko txostenaren zain daude, eta bertako batzar administratiboarekin hitz egingo dute, lanekin jarraitu ahal izateko. "Ondare honi balioa eman behar zaio", azpimarratu du Aransayk.