Etapa berri bati ekin dio Judimendik

Erredakzioa 2023ko aza. 16a, 18:30

Besteak beste, patioa aldatu dute prozesu eraldatzailean. Argazkia: Judimendi eskola

Eraldaketaren berri emateko mahai inguru bat antolatu du eskolak; azaroaren 21ean, 18:00etan.

Judimendi eskolako langileek jakinarazi dutenez, 2022-2023 ikasturtean "eskolaren orainari eta etorkizunari buruzko" hausnarketa prozesu bat egin dute, etapa berri bati ekiteko asmoz.

Prozesu horren ondorioz, Judimendi eskolako patioa aldatu zuten. "Espazio hezkidetzaileago bat bilakatu da, jolas anitzagoak eta hezitzaileagoak egiteko aukera dute umeek", azaldu dute irakasleek. Eraldaketa horrez gain, Judimendi eskolak bere hezkuntza eskaintza eguneratu beharra zeukan, eta, bide horretan, hezkuntza komunitatearen eta auzoaren beraren parte hartzea bultzatu nahi dutela azaldu dute. "Euskarak orain arte izan ez duen protagonismoa hartuko du, eta ikastetxeko komunikazio hizkuntza bihurtuko da". Hezkuntza eskaintza D ereduan egingo da hizkuntza-murgiltzean, "kalitatezko hezkuntza bermatzeko modurik onena" dela uste baitute.

Horri guztiari buruz hitz egiteko eta antzeko prozesuak ezagutzeko, mahai-inguru bat antolatu dute, eta herritar guztiei egin diete gonbita. Eskolan bertan izango da mahai ingurua, azaroaren 21ean, 18:00etan. Judimendi eskolan D eredua goiburu, Ramon Bajoko esperientzia ezagutuko dute  Amelia Barquin eta Ana Garciaren eskutik; eskola eta auzoaren arteko harremanaz arituko dira Idoia Molinuevo, Josu Ramos eta Marije Kortabitarte; eta Judimendi eskolak egiten duen eskaintzaren inguruan hitz egingo dute Maite Berriozabalek eta Emaldi Cereijok.

 

 

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago