ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak...
Pandemia erdian hasi zen zuzendari Judimendin Nerea Turran (Elorrio, 1983), 2020ko uztailean, eskolara heldu eta hilabete batzuetara. Urte korapilotsuak izan dira faktore askorengatik, curriculuma edo Hezkuntza Legea dela, baina eskola barruan ere mugimendu dezente izan dute, patioa naturalizatzeko prozesua eta metodologia berrikuntzak tartean. Laster, baina, erronka zailena izango dute: A eredutik D eredurako aldaketa dator.
Azkenaldian, patioaren eraldaketa izan da Judimendi eskolan lan nagusietako bat, ezta?
Bai, patioa naturalizatzeko prozesua izan dugu. Zenbait egitura falta dira oraindik, baina zume bizia jarri dugu, rokodromoa, egurrezko pasabide batzuk... Eraldatzen programari esker, 15.000 euro jaso ditugu, eta erdia erabili dugu horretarako. Gune berdeen batzorde bat ere badugu, irakasleek osatutakoa, eta eurek gidatzen dute patioko jarduera, egiten diren jolasak antolatzeko; arazo ugari izaten dira patioan eta horiek bideratzeko modu bat da. Atzeko patioan ere zientzia txoko moduko bat prestatu dugu, landatzeko mahaiekin, asko erabiltzen dutena.
Lan metodologian zer aldaketa izan duzue?
Mugimendu Autonomoa garatzen hasi ginen Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo mailan, eta aurten bigarrenean ere. Umearen intereresetik abiatutako ikasketa bat da hau; honen bitartez, umearen nahia errespetatu egiten da, eta bere erabakiak hartzen ditu. Hiru ekosistema dituzte aukeratzeko eskolan, eta norberaren interesen arabera joango dira artearen txokora, irakurketa eta letrak lantzeko txokora... Eroso egoteko etxeko zapatilak jarriko dituzte iristean, eta 09:00etatik 11:00etara haiek aukeratutako espazio horretan egongo dira; ekosistema bakoitzean irakasleren bat egongo da zaintzen eta jarduera desberdinak antolatzen. Oraindik ikasten eta egokitzen ari gara, baina pozik gaude emaitzarekin; umea bere osotasunean hartzen du aintzat egitasmo honek.
Eredu berria da?
Eskola askotan ematen ari dira aldaketa hau, eta iaz Ikasbidea, Errekabarri eta Aldaialdeko egitasmoak ezagutzen egon ginen, nola txertatu jakiteko. Gure ikasle kopurua ikusirik, talde oso txikiak, lana erraz egin zitekeela pentsatu genuen, eta emaitza ona ari da izaten.
"Urtean zehar ikasle berri asko heltzen zaizkigu, baina ez irakasle gehiago"
A eredu bakarretakoa izaten jarraitzen du Judimendik...
Divino Maestrorekin batera, A eredu osoa eskaintzen duen bakarra da Gasteizen. Baina aldaketa izango da. Judimendik ez du 2 urteko gelarik, eta orain gure ikasleen neba-arrebak beste eskola batzuetara eraman behar dituzte. Bestalde, 3 urteko gelan aurten oso matrikula gutxi izan dira, eta 3 eta 4 urtekoak batu egin dituzte gela bakarrean. Aurrera begira, aukera bakarra, eta hala erabaki du eskolak, D eredua eskaintzea izango da; uda honetan hasiko dira gela bat prestatzeko lanak, eta 2024ko irailean izango da prest 2 urteko D ereduko gela.
Prozesu zaila izango da, ezta?
Oso zaila. Kontuan izan, batetik, jaiotze tasak behera egin duela, eta, bestetik, Angel Gabinet ikastetxea ondoan dugula, ikastetxe handia, 2 urteko gelarekin urte asko daramatzana. Baina Judimendi eskola poliki aldatzen joatea da helburua, eta horretan Ramon Bajo eskola izan daiteke eredua. Badakit auzoko jende asko poztu dela berri honetaz eta haien laguntza ere izango dugula. Ikasturte berrian kanpaina berria hasi beharko dugu eta Judimendi eskola ezagutzera eman. Izango al dira adin horretako bost edo sei ume gela berri hori abian jartzeko? Ez dakigu, baina konfiantza izan behar dute eskolarengan, irakasleongan; edonork ikus dezake nola egiten dugun lan, dena publikatzen dugu, dena erakusten dugu. Judimendi auzoak bizitza pila bat du, eta ederra litzateke denok apustu hori egingo bagenu. Eta guk ere, noski, sinistu behar dugu eredu aldaketa horretan, landu egin beharko dugu.
Zer gabezia ditu Judimendik?
Matrikula bizia dugu, eta urte guztian zehar ikasle berri pila bat heltzen zaizkigu, baina ez zaizkigu irakasle gehiago etortzen; oraintxe, apirila amaieran, hamar bat heldu zaizkigu. Eta datozen ikasleak motxila handi batekin datoz, aniztasun handia zentzu guztietan. Hori kudeatzea zaila da, eta laguntza gehiago beharrezkoa dela uste dut.
Zer eskaintzen du Judimendik? Nolakoa da eskola?
Eskola txiki bat da, auzokoa eta oso gertukoa. Zuzendariak eta ikasketa buruak ume guztien izenak dakizkigu, eta familiekin asko egoten gara. Familiek eskertu egiten dute Judimendik ematen dien gertutasuna; dakartzaten motxila guztiekin, gainera, are gehiago baloratzen dute Judimendik ematen diena. Langileen artean, halaber, elkarlana eta harremana oso ona denean, hori nabaritu egiten dute umeek, eta hori gertatzen da Judimendin.
Nolako harremana du eskolak auzoarekin?
Harreman oso ona dugu, eta hainbat lan egin dugu elkarrekin. Azoka solidarioa antolatzen dugu, esaterako, auzokide ugarirekin elkarlanean. Lortutako diruarekin, gure familiek ikasturte amaierako txangoan ahalik eta gutxien ordain dezaten saiatzen gara; iaz, Donostiara joan ginen egun pasa, Aquariumera, bainua hartu eta izozkia jatera... batzuek lehendabiziko aldiz ikusi zuten itsasoa.