Araban dokumentatutako lehen errotak IX. mendearen hasieran agertu ziren. Jatorrian, irina egiteko erabili zituzten haietako asko; gari aleak ehotzen zituzten hasieran, eta, mende batzuk geroago, arto aleak ere bai. Aldundiaren Ondare Historiko Arkitektonikoaren zerbitzuaren erroldaren arabera, 553 errota daude Araba osoan, eta horietako 53 Gasteizko udalerrian.
Horietatik bederatzi ezagutarazteko ekimena abiatu dute Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (IGI) eta EHUko Kultura Paisaien eta Ondarearen Unesco Katedrak; eta lankidetza hitzarmen baten esparruan sortu dute Gasteizko Erroten Ibilbide Kulturala. Modu horretan, errota hidraulikoak ardatz hartuta, eta horiek zerealen ehoketarekin duten harremana kontuan hartuta, Arabako paisaiaren elementu gakoetako bat zabaldu nahi izan dute, eta bide batez, tokiko kontsumo kateek mende luzez izan duten garrantzia nabarmendu.
Ibilbidea Wikiloc-en
Ibilbidea Gasteizko udalerriaren ipar mendebaldetik doa, 34,5 kilometroko luzera duen ibilbide zirkularra da, eta ezaugarri eta kontserbazio egoera desberdinak dituzten bederatzi errota lotzen ditu. Ibilbide osoa Abetxukuko Ancora irin fabrikan hasten da, eta Ihurre, Arangiz, Foronda, Otogoien, Martioda, Mendoza, Legardagutxi eta Gobeuko errotetatik igarotzen da, abiapuntura itzuli arte. Ibilbidea motzagoa ere egin daiteke, Forondatik zuzenean Legardagutxira pasatuz, Zaia ibaiaren ardatzari jarraituz. Dagoeneko Wikiloc sarean kontsultatu daiteke Gasteizko erroten ibilbidea.
Sergio Escribano eta Arturo Azpeitia historialariek, Maria de Santiagoko IGIko teknikariarekin batera, sortu dute ibilbidea. Gasteiz udalerriko errotak katalogatzeaz gain, iraganean murgildu dira, herrietako bizilagunentzat azpiegitura hauek suposatu zuten aurrerakuntza eta nekazaritzan ekarri zuten aldaketa azaltzeko. Garai bakoitzean zer landatzen zuten ikertu dute, zertarako, eta nola aldatzen diren bizitzak eta paisaiak, eta errota bakoitzak bere herriarekin zer lotura izan dituen. Izan ere, Erdi Arotik XX. menderarte, errota hidraulikoak oinarrizko azpiegitura izan dira Arabako nekazaritza baliabideen ustiapen sistema eta elikadura estrategia egituratzeko orduan. Beraz, elementu bereizgarri gisa nabarmentzen dira, eta antzinako nekazaritza paisaiari nortasuna ematen diote.
Ibilbidea, oro har, bederatzi errotak modu independentean bisitatu ahal izateko pentsatua dago; izan ere, errota bakoitzaren ingurune fisikoaren, kulturalaren eta produktiboaren interpretazioa eta testuinguru indibidualizatua jasota dute historialariek.
Errota zaharrean, irin fabrika
Ancoran hasten da ibilbidea, Abetxukuko Erdi Aroko errota zaharraren gainean eraikitako irin fabrika ospetsuaren inguruetan, eta Ihurrerantz jarraitzen du. XVI. mendeko errota hori hiru altuerako etxebizitza da, eta bi isurkiko estalkia du; turbinen aurreko aztarna sistema bat gorde du, regolfo izenekoa. Arangizko errota mende bat zaharragoa da; XVIII. mendekoa da, berriz, Forondakoa, zaharberrituta eta funtzionamenduan jarri daitekeena. XV. mendeko Martiodakoa, XVIII. mendeko Otogoiengoa eta Mendozako errota eraberritua ikusi ondoren, erorita edo erortzear dauden Legardagutxiko eta Gobeoko errotak ixten dute txangoa.
Adimen hidraulikoak alde batera utzita, ibilbideak herri txiki askoren kaleak ere zeharkatzen ditu, eta Gasteiz inguruko paisaia tradizionala egituratzen duten gainerako elementu kulturalekin aberasten da. Ingurune naturala ere elementu garrantzitsua da ibilbidean, ahal den neurrian, partzela bideen eta ibilbide berdeen egungo sarea baliatu baitu, GR25-Olano-Subilla Gasteiz kasu.