Aldundiak martxan jarri du, bigarren urtez, herritarren proposamenak jasotzeko ekinbidea, eta dagoeneko diruz lagundu daitezkeen proiektuei botoa emateko aukera zabalik dago, abenduaren 19ra arte.
Guztira, sei proposamen egin dituzte herritarrek: Bergantzuko uraren ibilbidea ingurumenarekiko errespetuan hezteko proiektu bat martxan jartzea, Gorbeialdean irakurketa errazeko eta hizkuntza argiko zeharkako plan bat abiatzea, hegazti harrapakarien argazki-hide bat sortzea Urkabustaizen, Pipaongo Usatxi elkartearen instalazioen irisgarritasuna hobetzea, Bernedoko gaztelua birgaitzea eta balioztatzea, eta Lapuebla de Labarcako zubiaren azpiko errota birgaitzea.
Halaber, aste honetan hasi da Gasteiz Hobetuz programaren laugarren edizioa. Batu eta eraldatu leloarekin, udalak herritarrak animatu nahi ditu proposamenak aurkeztera, gero horiek 2024ko eta 2025eko udal aurrekontuekin aurrera eramateko. Azaroaren 26ra arte egongo da irekita proiektuak aurkezteko fasea; 2024ko otsailean ezagutaraziko ditu udalak onartutako proposamen guztiak; eta geroago, otsaila eta martxoa artean, Gasteizen erroldatuta dagoen 16 urte baino gehiagoko edonork izango du onartutako proiektu guztien artean hiru hautatzeko aukera.
Umeak eta gazteak
Ideiak aurkezteko epea amaitzen denean, udaleko teknikariek baloratuko dute proposamen horietako bakoitza interes orokorrekoa eta udal eskumenekoa den, bideragarritasun teknikorik baduen eta haren kostua ez dela programaren aurrekontu guztiaren %10 baino handiagoa –hau da, 300.000 euro baino gehiagokoa–.
Izan ere, hiru milioi euroko zenbatekoa bideratuko da herritarren proposamenak diruz laguntzera, eta proiektu bakoitzeko gehieneko aurrekontua 300.000 eurokoa izango da.
Hiru milioi euroko aurrekontu orokorretik, 200.000 euro Hobetuz Txiki izeneko atalera bideratuko dira, haurrek AktibaTU haurren partaidetzarako foroaren bidez bultzatutako proposamenentzat hain zuzen. Aurtengo edizioko berritasunen artean, beste 200.000 euro Hobetuz Gazte programara bideratuko dira. Atal horrek jasoko ditu Hiretu hiria programaren bidez gazteek bultzatutako ideiak.