Guztiak batera "100 urte baino gehiago Gasteiz eraldatzen" egon direla aldarri, Gasteizko hainbat herri mugimenduk hitzordu garrantzitsua dute larunbat honetan, urriaren 21ean. 100 urte bakarrik ezin da leloari eutsi diote azken hilabeteotan ekimenari ekiteko, eta asteburu honetan ere hori izango da abiapuntu nagusia.
Hainbat espaziotan antolatu dituzte larunbateko ospakizunak. Hala Bedi parean dagoen Kai plazan artisau eta kolektiboen azoka paratuko dute 10:30etik aurrera, Zuretzako Mezua kolektiboaren soinu jamaikarrek lagunduta. Gaztetxearen ondoan dagoen Rafa plazan, berriz, umeentzako jolasak egingo dituzte. Bertan ere zunba herrikoia egingo dute, eta Txan Magoaren zein DJ Malandro & Xerularen emanaldiak izango dituzte.
Gasteizko erdialde eta Alde Zaharrean zehar, berriz, Judimendiko Joaldunak eta Arai Erraldoi konpartsa izango dituzte. Eguerdian Bode tabernatik Gasteiz Kantuz abiatuko da. Farolonen, berriz, Lander Garciak bisita memorialista gidatuko du.
13:00etan, Gaztetxean hasi eta Errekaleorreraino iritsiko den mani-kalejira egingo dute. Behin auzo okupatuan, ekitaldi bat egingo dute, eta, ondoren, herri bazkaria. Besteak beste, umeentzako puzgarriak eta antzerkia izango dira, bai eta askotariko kontzertuak, pintxadak eta ikuskizunak ere, Bidelapurrak, 19Hz (Miren Narbaiza eta Aitor Garcia de Vicuñaren proiektua), Ginger, DJ Malandro & Xerula, Nakar, Lekittoko Deabruak, Willis Drummond, Albina Stardust eta DJ Eromena.
Abesti berria
Aste honetan bertan horiei guztiei soinu banda jarriko dien Ehundu Gasteiz abestia aurkeztu dute, hain zuzen Hala Bedik 40, Gaztetxeak 35, Auzolana Pilotalekuak 15, Errekaleor Bizirik!-ek 10 eta Sumendik 7 urte betetzen dituztela ospatu nahi izan dute horrela, MICE, Haizeatxo, Annekdotas eta Benizzeren laguntzarekin.
EGITARAUA