Palestinako herriaren aurkako genozidioa salatuko dute Gasteizen

Erredakzioa 2023ko urr. 18a, 12:45
Urriaren 11n Gasteizen egindako elkarretaratzea. ALEA

Asteazken honetan, 19:00etan, Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israeli boikota eskatzeko manifestazioa egingo dute Gasteizen. Larunbaterako, Donostian, manifestazio nazionala deitu du Gernika-Palestina herri ekimenak, Gazako sarraskia gelditu! lelopean.

Urriaren 7an Hamasek Israelen aurka egindako ezusteko erasoaldi armatuaren ostean —ehunka hildako eta bahiturekin—, Israelgo Estatuak areagotu egin ditu palestinarren aurkako bonbardaketak. Lurreko erasoaldiaren zain, hamar egun eskasetan dagoeneko 3.000 hildako baino gehiago eragin ditu Benjamin Netanyahuren gobernuak Gazako Zerrendan; horietako gehienak zibilak dira, eta horien artean milaka adingabe daude.

Azken egunetako sarraskirik handiena Gazako ospitale batean eragin du Israelek bart gauean, 500 eta 1.000 pertsona artean akabatuta.

Manifestazioa Gasteizen

Egoera horren aurrean, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko mobilizazioak munduko bazter guztietara zabaltzen ari dira, baita Euskal Herrian ere. Joan den asteazkenean, urriaren 11n, ehunka lagun bildu ziren Gasteizen Palestinari elkartasuna adierazteko eta Israelgo estatuari boikota eskatzeko, Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDZ) nazioarteko mugimenduaren Euskal Herriko koordinakundeak deitutako elkarretaratzean.

Azken egunetan, gatazkaren bilakaerak kontroletik kanpo utzi du egoera, eta BDZ mugimenduak mobilizazio gehiago deitu ditu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Testuinguru horretan, manifestazioa deitu dute asteazken honetarako Gasteizen, 19:00etan Bilbo Plazatik abiatuta, Palestina aurrera! Israeli boikot! lelopean.

"75 urteko garbiketa etnikoa"

"Hamasen aurkako gerra deitu zutena Palestina osoaren aurkako erabateko gerra bihurtu da, Europako buruzagiek Palestinako herriaren aurkako genozidioa eta garbiketa etnikoa babestuz eta txalotuz", salatu du BDZ mugimenduak. "Baina Palestinako herriak 1948tik darama, baita lehenagotik ere, sionismoak gauzatu nahi duen genozidioari aurre egiten. 75 urteko kolonialismoa, apartheida eta garbiketa etnikoa Israelgo Estatuaren eskutik".

"Hilketak, atxiloketa arbitrarioak, mugimenduak mugatzea, beren lur eta etxeetatik kanporatzea, kartzela eta abar dira Palestinako herriaren egunerokotasuna; are gehiago duela 15 urte baino gehiagotik Gazan giltzapetuta daramatzaten bi milioi pertsonentzat", azaldu dute.

"2023 urterik odoltsuenetakoa izaten ari da. Israelgo faxismoak Nablus, Jenin edo Gazan egindako sarraskiek gertatzen ari denaren testuinguruan jartzen gaituzte, palestinarren egoera agonikoaren testuinguruan. Palestinarrek existitzea (guretzat egitate hutsa den zerbait) erresistitzea dela ulertzen dute, eta erresistentzia eskubidea da; zapaldutako, okupatutako eta bortxatutako herri orok duen eskubidea", aldarrikatu dute. "Herri palestinarra babestu besterik ezin dugu egin, Israelgo Estatu hiltzailea eta bere euskal konplizeak salatuz".

Azkenik, "okupazioa eta garbiketa etnikoa sostengatzen dutenen konplizitatea" salatu dute, besteak beste Europako, Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko erakundeak eta enpresak seinalatuz: "Horren erakusgarri dira CAF trenen euskal enpresa, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako SOSA startup-en azeleragailua, edo Israelgo eta Euskadiko konpainien arteko gero eta enpresa lankidetza handiagoa, erakundeek bultzatuta".

Ostiralean, osasun langileen protestak

Osasun arloko langileok Palestinaren alde lelopean, Gazako Al Ahli Ospitaleko bonbardaketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte ostiralean, urriaren 20an, Santiago (12:00etan), Gurutzeta (11:00etan) eta Donostia (11:00etan) ospitaleen aurrean, Osakidetzako ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta.

Larunbatean, manifestazio nazionala

Bestalde, tokian tokiko mobilizazioez gain, Gernika-Palestina herri ekimenak Palestinari elkartasuna adierazteko manifestazio nazionala deitu du larunbat honetarako, urriaren 21erako, Donostian, 17:30ean Antiguoko tuneletik abiatuta, Gazako sarraskia gelditu! lelopean.

Manifestura atxiki dira, besteak beste, Itziar Ituño aktorea, Xabier Madariaga kazetaria, Eñaut Elorrieta musikaria, Maialen Lujanbio bertsolaria, Karmele Jaio idazlea, Juanito Oiartzabal mendizalea, Porrotx edo Agus Hernan giza eskubideen aldeko ekintzailea.

Mobilizazioaren deitzaileek "Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzean oinarritutako konponbide baketsu eta negoziatua" bilatzeko deia egin diete alde guztiei eta nazioarteko komunitateari. "Bake egoera justu, egonkor eta iraunkorra bilatzea, okupazioaren amaiera eta herri palestinarraren autodeterminazio eskubidea bermatzea" eskatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide