Maider Etxebarria Gasteizko alkate sozialistaren agintaldiko lehenengo deskalabrua: oposizioarekin akordiorik gabe, udal zergak eta prezioak igotzeko proposamena bertan behera utzi behar izan du. Izan ere, astearte honetan, udal ordenantza fiskalen inguruko azken eztabaidan, ez EH Bilduk, ez Elkarrekin Podemosek, ez PPk, ez dute babestu udal tasa eta prezio batzuk %3 eta zaborren tasa %10 igotzeko udal gobernuak aurkeztutako proposamena.
Azken egunetan akordioa hurbil zirudien EH Bildurekin edo Elkarrekin Podemosekin, eta bozketa astebete atzeratu zen negoziaziorako tarte gehiago uzteko asmoz; hala ere, Etxebarriak ez du gutxienekoen akordiorik lortu. Are gehiago, azken orduan, aurkeztutako 90 emendakinak atzera botatzea erabaki du EH Bilduk —tartean, igoera orokorra %2,5ekoa izateko proposamena—, udal gobernuak soilik horietako batzuk, eta ez denak, onartzeko aukera saihesteko.
PSE eta EAJren proposamenaren helburu nagusia zerbitzuen kostura eta hondakinen lege berriaren eskakizunetara egokitzen joatea zen. Udal prezioak, tasak eta zergak eguneratuz, 4,4 milioi euro inguru gehiago biltzea espero zuen udalak, baina azkenean ez da hala izango.
"Herritarrek gehiago ordaintzea"
Desadostasun nagusien artean, milioi bat euro baino gehiago fakturatzen duten enpresei eragiten dien Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (JEZ) igoera zegoen. "Atsekabez ikusi dugu PSE-EAJren negoziatzeko borondaterik eza, eta ordenantza fiskalak osotasunean eztabaidatzea defendatu dugu", kritikatu du EH Bilduk.
"Gehien duenak gehiago ordaintzen duen eta zergek pertsona zein udalerri gisa dugun ongizatea hobetzea xede duten fiskalitate justu eta progresiboa defendatzen dugu. Ikuspegi orokor horrekin planteatu ditugu gure zuzenketak, baina horiek kentzera behartuta gaude, PSE-EAJren aldetik erabilera partziala, alderdikoia eta interesatua saihesteko", adierazi du Rocio Vitero EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak.
"Berrikuspen bat egitea defendatzen dugu, prezio publikoak eta ordenantzak eguneratzea, erantzuna eman dezakeen administrazio indartsu bat eduki ahal izateko", azpimarratu du Viterok. "Baina progresibitatean aurrera egiteko beharra ere defendatzen dugu, gehien duenak ekarpen handiagoa egin dezan".
"Zuek nahi duzuena da herritarrek gehiago ordaintzea, baina gizarte hobekuntzetan aurrerapausorik eman gabe eta gehien duenak ekarpen handiagorik egin gabe", leporatu die EH Bilduko zinegotziak PSEri eta EAJri.
Udal gobernuaren erantzuna
Jon Armentia Ogasun zinegotziak (PSE) "interes politikoak baino, interes faltsuak" izatea egotzi dio oposizioari. Bere aldetik, EAJk, Iñaki Gurtubai zinegotziaren hitzetan, "heldutasun politikorik eza" leporatu dio udal talde subiranistari, azken orduko erabakiagatik.