Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen udal gobernuak ordenantza fiskalen eztabaidari ekin dio, 2024rako berrikusteko lehen proposamenarekin: tasa eta prezio publikoak zein udal zerga batzuk %3 igotzea, zerbitzuaren kostura egokitzen joateko; eta zaborren gaineko zergan %10eko igoera ezartzea, hondakinen lege berriaren eskakizunetara egokitzen joateko.
Halaber, zerga batzuk izoztea proposatu du udal gobernuak: adibidez, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) eta Hiri-lurren Balio-gehikuntzaren gaineko Zerga (Gainbalioen Zerga zena). Berriz, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (JEZ), Ibilgailuen gaineko Zergaren eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) kasuetan ere %3ko igoera planteatu du.
Baina azken bi kasu horietan, igoera orokorrarekin batera, hobariak ere ezarri nahi ditu udal gobernuak. Ibilgailuen gaineko Zergaren kasuan, %95eko hobaria izango luke erreserbatuta ibilgailu elektrikoentzat; eta hibridoen edo antzeko ibilgailuen kasuan, %75ekoa. OHZri dagokionez, beheko tarteetako hobariak hobetuko lirateke, %30etik %35era; hutsik dauden eta Eusko Jaurlaritzaren bidez alokairuan jartzen diren etxebizitzen kasuan, %50eko hobaria mantenduko litzateke; hutsik dauden etxebizitzei, berriz, %25eko errekargua ezarriko litzaieke.
Proposamena bihar, asteartean, bideratuko dute Ezohiko Tokiko Gobernu Batzordera. Ondoren, asteazkenean, hilaren 20an, Ogasuneko Informazio Batzordean aurkeztuko da, eta egun berean jendaurreko entzunaldia egingo dute, 13:00etan Europa Jauregian. Ordenantza berria aurrera atera ahal izateko, PSE eta EAJren koalizio gobernuak PPren, EH Bilduren edo Elkarrekinen babesa beharko dute.