Gasteiz Hoy agerkarian auzoei buruzko zenbait kolaborazio argitaratu ditu, eta El Pilarren bertan hitzaldia eman du auzoaren 60 urteak ospatzeko antolatutako ekitaldien artean.
Hirigintza aldetik, nolako berezitasunak ditu El Pilar auzoak?
Sustapen pribatuko auzo bat izan zen, eta dentsitate handikoa. 1963ko Plan Orokorra onartu ostean planifikatu zuten, eta kokapenak betidanik baldintzatu du bere garapena. Ekialdean Zaramaga (langile auzoa) eta mendebaldean Gasteiz Etorbidea eta Gazalbide (klase ertaineko zonaldeak); langileria kualifikatu baterako planifikatu zuten, baina eraikinetan ikus daiteke nola ekialdea kualifikazio gutxiago zuten langileentzat eraiki zuten eta mendebaldea berriz kualifikazio gehiago zutenentzako. Eraikinek dituzten zerbitzuetan eta fatxadetan nabaritzen da desberdintasun hori. Paraguay kalean, auzoko kale nagusian, etxebizitza gehienek berogailu zentrala eta igogailua dute, eta tamaina handiagokoak dira Arriagako Atean eraikitakoen aldean. Paraguay kalea horren zabala planifikatu zuten 1963ko planean momentu hartan oraindik ez zutelako baztertzen tren geltoki berria iparraldean jartzea, hain zuzen, Paraguay kalearen amaieran.
'Ameluko' izena jarri behar omen zioten auzoari...
Zonalde horretako toponimia kontuan hartuta, Ameluko izena jartzea aukera bat izan zitekeen. Baina El Pilar izena jarri baino lehen, lehen urteetan ofizialki Poligono 2 izan zen; El Pilarreko hezkuntza eskola eraikin batean oraindik ikus daiteke plaka bat izen horrekin.
Elkarbizitzaren eredu da El Pilar?
60-70 hamarkadetan Gasteizen eraiki ziren auzo gehienak bezala, El Pilar estatuko beste zonaldeetatik etorritako herritar askorekin populatu zen. Gaur egun, beste migrazio prozesu baten barruan gaude, eta gasteiztar berri askoren etxebizitza bilakatu da auzoa. Elkarbizitzaren eredua den edo ez, kanpotik ikusita baietz ematen du. Nire bikotearen gurasoak auzoan bizi dira, eta hasieran mesfidantza txikiz ikusten zuten kolonbiarren harategian erostea edo txinatarren tabernetara joatea, baina gaur egun arazorik gabe bizi dira, eta gustora. Adibide oso pertsonala da, baina agian balio dezake auzoak azken urteetan bizi izan duen transformazioa ulertzeko.
Populazioa galtzen joan da azken urteetan. Joera hori mantentzen da oraindik?
Gazalbide auzoarekin batera biztanleria zaharkituagoa duen auzoa da. Azken hanarkadetan biztanleria galdu du, baina ez da izan joera hau duen auzo bakarra. Orokorrean, Zabalgana eta Salburua eraikitzen hasi zirenetik auzo gehienek galdu dute biztanleria. 2001eko plan orokorraren ondorio negatibo bat izan da. Azken urteetan joera aldatzen hasi da, baina pixkanaka, Judimendi edo Koroatze auzoetan bezala.
Behar bezala zaindu dute erakundeek auzoa azken urteetan?
Argi dago, beste auzoekin alderatuta, hau ez dela zaindu behar den bezala. Oraindik duela 30 urte zeuden moduan ikus daitezke kale batzuk. Azken urteetan lan batzuk egin dira, baina Zaramaga edo urrezko auzoek daukaten plan berezi bat beharko luke. Ondo kokatuta eta komunikatuta dago hiri barruan.