Nor izango da Zeledon berria?

Erredakzioa 2023ko urr. 4a, 11:20
Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon gisa, San Migeleko balkoira iristeko bidean. ALEA

Neska eta Blusen Elkarteak datozen bost urteetan Zeledon izateko hautagaitzak aurkezteko prozesua martxan jarri du. Kuadrilla guztiek hilabeteko epea dute beren proposamenak egiteko, eta hautagaiak elebidunak izan beharko dira.

Iritsiko da Zeledonen erreleboa emateko ordua. 2023ko abuztuaren 4tik 9ra, Gorka Ortiz de Urbinak azken aldiz gorpuztu zuen Zeledon, eta, orain, lekukoa lagako dio hurrengoari. Horretarako, apirilean, Gasteizko Blusen eta Nesken Elkarteak aho batez onartu zituen Zeledon berria hautatzeko irizpideak, besteak beste, emakume bat izateari atea irekita.

Datozen bost urteetan, 2024tik 2028ra bitartean, Zeledon izateko hautagaiak aurkezteko epea aste honetan ireki du Blusa eta Nesken Elkarteak. Orain, kuadrillek hilabeteko epea dute bere proposamenak egiteko, eta azaroaren 3an, ostiralean, ezagutuko dira Andre Maria Zuriaren jaietako protagonista nagusia gorpuzteko hautagaitzak. Kuadrilla bakoitzak hautagai bakarra aurkezteko aukera du.

Hautagaiek bi baldintza bete beharko dituzte: lehenik eta behin, Blusen eta Nesken Batzordean ordezkaritza duen kuadrilla bateko kide izatea; bestetik, elebidunak izatea, hau da, bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, menderatzea. Horrez gain, elkarteak azpimarratu du kandidatuek "ibilbidea" izan behar dutela kuadrillako jardueretan eta hiriko jai giroan.

Irizpide horiek guztiak kontuan hartuta, aurkeztutako hautagai guztien artean 2024ko abuztuan Zeledon izango den pertsona aukeratzeko hautaketa-prozesua egingo da datozen hilabeteetan.

Zeledon, bost urterako

Blusen eta Nesken Elkarteak Zeledonen ordezkaritza urteak gehienez bost urtera murriztea erabaki du hemendik aurrera, "Zeledon hiri honetako edozein Blusa edo Neskarentzat lor daitekeen figura izan behar dela ulertuta"; epea laburragoa izan daiteke ere, aukeratutako pertsonak hori eskatzen badu. Aurreko Zeledonek 20 urte baino gehiagoz izan dute titulua.

Zeledon Zalduondon jaio zela dio tradizioak, eta jaitsiera 1957an asmatu zuen gasteiztar talde batek, hiriko jaiei berezitasun bat eskaintzeko asmoz. Orduz geroztik, hiru izan dira Zeledon gorpuztu duten gasteiztarrak, orain arte denak gizonezkoak:

  • Jose Luis Isasi (1957-1975 eta 1977-1979)
  • Iñaki Landa (1980-2000)
  • Gorka Ortiz de Urbina (2001-2023)

Horrez gain, Enrique Oribek Isasi ordezkatu zuen 1976an, Martxoaren 3ko sarraskiaren ostean Blusen eta Nesken Batzordeak urte horretako jaiak bertan behera uztea erabaki zuenean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide