Norbanako bakoitzak ingurumenaren alde egin dezakeenaz "mezu positiboa" ekarriko du Aiora Zabala ingurumen ekonomialariak Herritartasunerako Eskola Irekiak euskaraz antolatu duen hitzaldi batean.
Urriaren 17an izango da hitzaldia, 18:30ean, Gasteizko Landatxo gizarte etxean, eta Salburuko Komunitate Energetikoaren presidente Garikoitz Bengoetxeak jardungo du moderatzaile lanetan.
Natura gure esku liburuaren egileak "natura eta klima krisialdiei aurre egiteko ahalmena denon esku" dagoela erakutsi nahi du. Modu berean, gaiaren bueltan "askatasun eta kreatibitate handiagoz" pentsatzea eta ekitea badagoela dio.
"Jarduera berdeen jarraibide preskriptiboak alde batera utzita, arazo eta irtenbide konplexuei buruz pentsatzeko dugun gaitasuna eta gogoa sustatzea du solasaldi honek helburu", azaldu du Zabalak topaketa aurkezteko idazkian.