AIORA ZABALA

"Ez da nahikoa ezetz esatea: alternatibak eman behar dira"

Juanma Gallego 2023ko mar. 18a, 08:30

Erresuma Batuko Open Universityko ikertzailea da Zabala. ALEA

Natura gure esku liburua idatzi du ingurumen adituak, arlo akademikoan gaiaren bueltan izaten diren hausnarketak modu arin batean publiko guztiei zabaldu asmoz. Gasteizen aurkeztu du liburua.

Gasteizko Lakua gizarte etxean Natura gure esku liburua aurkeztu baino lehen mintzatu da ALEArekin Aiora Zabala (Irun, 1982) ingurumen eta politika ekonomiako irakaslea. Liburuan, erpin asko dituen gai konplexu batean ideiak modu errazean dibulgatzeko ideiari eutsi dio adituak. Dioenez, duela bi urte, EITB Irratiarekin kolaboratzen hasi zenean konturatu zen interes handia zegoela ingurumenarekiko, eta erabaki zuen kontzeptu akademikoak egunerokotasunera ekarri behar zituela.

Zer jorratzen duzu liburuan?

Hainbat gai harilkatuta, ingurumen eta giza zientzietan jorratu ohi diren gai, teoria eta kontzeptuak modu arin edo entretenigarri batean kontatzen ditut. Ez dut idatzi testuliburu baten moduan, ia-ia narratiba bat bezala baizik; pertsonaiekin, gertakizunekin, anekdotekin... horrelako gauzekin harilkatzen ditut ideiak, horiek  egunerokotasunera eta erabakien mailara hurbiltzeko.

Dibulgazioa izanda ere, bibliografia zabalarekin hornitu duzu...

Bai. Izan ere, erakutsi nahi izan dut gauza hauek guztiak ez direla airetik etortzen, ikerketaren mundutik baizik.  Baina kontua ez da soilik adieraztea liburuaren atzetik funtsa badagoela. Interesa piztu nahi dut ere, eta irakurleak jakin dezala nora jo, gehiago jakin nahi izatekotan. 

Jendea motibatu nahi duzula diozu liburuan. Hau zelan egin daiteke?

Gaiaren bueltan egin diren ikerketek diote motibazioak askotarikoak izan daitezkeela. Pertsona bakoitza desberdina da. Batzuentzat, arrazoi moral edo etikoak daude tartean. Beste batzuentzat, hurrengo belaunaldien mesedean zaindu behar da planeta. Edo izan daiteke ere zerbait merkeagoa dela: adibidez, energian dirua aurreztu nahi izatea. Baina, funtsean, garrantzitsuena da motibazioren bat egotea. Behin motibazioak ezagututa, pizgarri batzuk eman daitezke. 

"ASEGURU KONPAINIEK IKUSI DUTE DIRU ASKO GALDU DEZAKETELA MUTURREKO GERTAKARIEKIN"

Egoera ekonomikoa hobea dutenek errazagoa izango dute naturarekiko kezka, ala ez da zertan hala izan behar?

Horren haritik badago teoria oso interesgarri bat. Askotan,  herrialdeak txiroak direnean, garapena da kezka nagusia. Gero eta garapen gehiago izan, orduan eta kutsadura gehiago sortuko da ondoren, baina iristen da ere une bat non kezkatzen hasi gaitezkeen ingurumenagatik. Hori teoria bat da; eta, kasu batzuetan, hala da. Baina bada beste kontzeptu bat, environmentalism of the poor, edo txiroen ekologismoa. Eta horrek dio munduan ingurumen mugimendu asko sortzen direla ere diru gutxi duten komunitateetan, konturatzen direlako beren bizimodua inguruko ekosistemaren menpe dagoela. Garai batean oso ezaguna izan zen Indiako Chipko mugimendua: inguruko basoak moztu nahi zituztenean, komunitate bateko emakumeek hasi zuten zuhaitzen aldeko mugimendu bat, jakitun zirelako basoak garrantzitsuak direla. Hortaz, ez da soilik aberatsak garela eta horri buruz kezkatu gaitezkeela, baizik eta konturatzen garela funtsezko gauzak —hala nola ura, janaria eta beste kontu asko— naturaren menpekoak direla. 

Sarritan esaten da posible dela garapen bidean dauden herrialdeetan aurrera egitea erregai fosiletatik pasa gabe. Lortzeko moduan ikusten duzu? 

Posible da, eta, gainera, teknologia askorekin hala gertatu da: adibidez, leku askotan mugikorretara igaro dira zuzenean, tarteko beste pausorik gabe. Hegoafrikan egon nintzenean, irabazi gutxiko komunitate batean, jende askok zuen mugikorra, eta leku askotan pasa dira mugikor bitartezko ordainketetara, gu pasa garen epe berdinean. Horregatik badago jauzi teknologikoa egitea. Baina problematikoa izan daiteke ere herrialde garatuetatik besteei aldaketa hori eskatzea. Askotan herrialde garatuetatik eskatzen diegu horrenbeste karbono isuri ez botatzeko. Eta egia da orain errazagoa dela isuriak murriztea, baina guk ere etsenplua eman behar dugu: erakutsi behar dugu posible dela hori egitea. 

Herrialde horietan, garapen jasangarriko adibide txiki asko ezagutarazi dira. Baina gauzak makroekonomiara eramateko aukera egongo da?

Ekimen txiki asko daude, bai.Horiek eredu bezala balio handia daukate. Oro har, ekimen berritzaileen hedapen prozesuan badira aitzindari batzuk, eta talde bat nahikoa handia denean, iristen da une bat non praktika berri hori zabaltzen den. 

Sinbolo bilakatu daitezke...

Bai. Adibidez, liburuan aipatzen dut garai batean Bartzelonan oso txirrindulari gutxi zeudela; gainera, oso ausartak ziren trafikora irtetean. Imajinatzen dut Gasteizen berdin gertatu zela. Orain bidegorri eta txirrindulari pila daude Bartzelonan. Eta hori gertatu da talde txiki bat hor temati mantendu zelako hasieratik. 

"AUTO ELEKTRIKORA IGAROTA ERE, EREDU ALDAKETA EGON EZEAN, ARAZO BERDINAK IZANGO DITUGU"

Davosko azken foro ekonomikoan diskurtso aldaketak entzun dira. Enpresei begira, ingurumena ere pizgarri bihur daiteke?

Bai, diskurtsoak aldatzen ari dira, batez ere energia trantsizioari dagokionez. Ez da ingurumenaren arloan lan egiten dugunok nahiko genukeen bezain indartsua; baina, gutxienez, hor dago. 

Ez da greenwashing deitzen duten hori, beraz?

Greenwashing horretan badira gradazioak. Nik uste dut tarteko egoera batean daudela. Botere ekonomikoek ikusi dute klima aldaketak kapitalari ere eragin handia egingo diola. Adibidez, aseguru konpainiek ikusi dute diru asko galdu dezaketela muturreko gertakariekin. Planetaren alde benetan egiten duten ala ez, hori poliki-poliki ikusi beharko da. Baina argi dago konturatzen ari direla naturarekiko menpekotasun handia dugula. Gizarte mugimenduen eragina beste faktore bat da. Azken finean, botere handiek iritzi publikoari begiratzen diote, eta ikusten ari dira munduko toki askotan jendea gero eta gehiago kezkatzen dela gai hauei buruz.

Administrazio kontseiluetan ere beste ikuspegi bat duten gazteak gero eta gehiago izango dira. Purua erretzen duen gizon lodi horren karikaturatik oso urrun...

Bai, ikerketa batzuek diote  unibertsitateetatik ateratzen direnek dagoeneko ez dituztela horrenbeste bilatzen diru asko emango dieten lanpostuak. Aldiz, lana bilatzerakoan, zer nolako enpresak diren aintzat hartzen dutela ere. Ez dute soilik dirua bilatzen, beste zerbait baizik. 

Energia berriztagarriei dagokionez, nola kudeatu daiteke Not in my backyard fenomenoa?

Horren inguruan esateko asko dago. Kontua da kontu orokorretan erraza dela gauzak adostea. Inork ez dizu esango natura babestu nahi ez duenik. Xehetasunetan sartzen garenean, ordea, sortzen dira desadostasun handiak. Klima aldaketa lantzen duen IPCCren txostenean esaten dute inbertsio oso handiak egin beharko liratekeela energia berriztagarrietan zein efizientzian. Azken honetan, baina, inbertsio gutxi dago. Berriztagarriak zabaltzeko moduari buruz erabakitzean, ordea, badira gai asko, konplexutasun handikoak. Nork irabaziko eta nork galduko duen, nork ordainduko duen... Ez dago erantzun bakarra. Oso garrantzitsua da jendearen parte hartzea sustatzea. Ez du balio soilik proiektu bati ezetz esatea, alternatibak proposatzea baizik. Alternatibak mahai gainean jartzen direnean, errazagoa da negoziazioa. Nire lorategian ez fenomeno horri dagokionez,  egile batzuek diote ideia hori sinplifikazio bat dela. Kontua ez da bakarrik gure etxean ez dugula azpiegitura bat nahi: besteen etxeetan ere ez dugu nahi. Askotan nahiko modu berekoian irudikatzen da, baina ez da horren sinplea: kontua da jendeak ez dituela azpiegiturak modu horretan nahi. 

Liburuan aipatzen duzu trantsizio ekologikoa "teknoerrealista" izan behar dela. Zer da hori?

Gutxi erabiltzen den hitza da. Askotan hitz egiten da teknobaikortasunari buruz —teknologiak salbatuko gaituelako pentsamendua—. Argi dago teknologiak lagunduko duela, baina hor ere badago jarrera eroso bat: teknologia berri batek salba gaitzala. Baina askotan teknologia berri bat sartzen denean, efektua ez da zerbait gutxiago erabiltzen dela. Aldiz, merkeagoa denez, gehiago erabiltzen da. Autoen motorrak efizienteagoak dira orain, baina,  bidaia gehiago egiten ditugu. Auto elektrikora igaro gaitezke, baina, eredua aldatzen ez badugu, funtsean arazo berdinak izango ditugu. 

Beste aldean dago iragana mitifikatzen duen teknofobia...

Hori da. Aurrera egiteko, tarteko jarrera da teknoerrealismoa: teknologiaren balioa ez dugu alboratu behar, baina ezin dugu pentsatu teknologiak salbatuko gaituela. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago