Duela egun batzuk, jihadismoarekin lotutako delituengatik zigortutako preso ohi batek kontrol telematikorako eskumuturrekoa kendu zuen Gasteizen, eta une honetan bere bila ari dira Espainiako Polizia, Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoa, bilatzeko eta harrapatzeko aginduari jarraituz. Espainiako Poliziak asteazkenean, irailaren 27an, Salburuko parkean aurkitu zuen eskumuturrekoa.
Gaur egun, 53 urteko gizonezkoa zaintzapeko askatasun erregimenean zegoen, Espainiako Auzitegi Nazionalak "terrorismoa goratzeagatik" ezarritako espetxe zigorra bete ostean. Poliziak 2016an atxilotu zuen, besteak beste Estatu Islamikoarekin bat egiteko Siriara joaten saiatzea edota sare sozialetan jihadismoaren apologia egitea egotzita.
2018an aske gelditu zen, eta 2019an Guardia Zibilak berriro atxilotu zuen, jihadismoaren aldeko mezuak zabaltzen jarraitzea leporatuta; 2020an epaitu eta zigortu zuten Auzitegi Nazionalean. Zaintzapeko askatasuna berreskuratu zuenean, epaitegiak geolokalizaziorako eskumuturrekoa eramatera behartu zuen, beste segurtasun neurri zorrotzen artean.
Espainiako Poliziaren hipotesi nagusia da Espainiako Estatutik kanpo ihes egiten saia daitekeela. Asteartean, Guardia Zibilak emakume bat atxilotu zuen Zabalgana auzoan, jihadismoa leporatuta. Oraingoz ez dago argi bi gertaeren arteko loturarik ote dagoen.