Hirune eta Èlia bertan bizi dira. Hirune urtebeteko ume baten ama da, Èliak urtebete darama auzoan. Jabo aspaldi ez da bizi Errekaleorren, baina bere zati bat bertan bizi da oraindik; duela hiru urte 'Errekaleor' eleberria argitaratu zuen. Idazteko bulkada auzoa eraisteko arriskuak eman zion.
Arretaz eta jakin-minez entzun diote elkarri, maiz batak besteari galderak eginez lehengo eta oraingo Errekaleorri buruz. Horrela, 1970eko hamarkadako asoziazionismoa eta auzo komunitarioak oraingo Errekaleor autogestionatu eta asanbleariora egin du jauzi, eta alderantziz ere nolabait. Hirurek bizitza luzea opa diote auzoari.
"Azkenean, zuek izan zineten auzoa zutik izatearen bermea, eta oso pozik nago ni ere, eleberriarekin, euste horretan nire aletxoa jarri izanaz", hasi da Jabo. Zuloako aurkezpenean, auzokide zahar askok irakurri eta eskertu dute; andre batek, ordea, aurpegira bota dio, eta dirua itzultzeko eskatu, liburuan agertzen den inor ezagutzen ez duela eta –eleberri bat da, fikzioa–. Liburua, ordea, El Corte Ingles-en erosia zuen.
Esan liteke Errekaleorren kontaketaren gudatxo bat ere badagoela: badira auzokide zaharrak bertan bizi izanaz harro daudenak, bisitan etorri eta beren etxe zaharretara igotzen direnak. Èliak eta Hirunek izan dute halako bizipenik. Jabo bera eleberria argitaratu berritan, bere txikitako etxera igo zen, eta "han zeuden liburuko azuleju berdeak!". Bere liburua ikusi zuen gela batean, eta etxean bizi zen auzokideari esan zion: "Azuleju horiek liburuan daude, eleberria etxe honetan girotuta dago". "Benetan? Nire bikotekidea irakurtzen ari da!". Jaboren arabera, badira ere auzokideak Errekaleorren historiaz nolabait jabetu nahi dutenak auzoa iraganean gatibatuz; eta badira auzokideak auzo aberatsagoetan bizi direnak eta beren Errekaleor aldia ezkutatzen dutenak.
Langile auzoa
Jabok gogoan du haurtzaroa, langile auzo bateko poza eta mina eta "harrotasun maketoa, Doctor Deseok esan bezala"; non plazan egoten ziren jolasten etxe batetik bestera; non auto bakarra zegoen auzoan; non gizon batek bere buruaz beste egingo zuela tabernan esan —lanagatik, familiagatik...— lagunak bera konbentzitzen saiatu, lau txikito edan, baina azkenean bere burua trenbidera bota zuen; non gizon langile batzuek emakumeei erasotzen zieten.
"Lana, hipoteka eta abarrekin estrez eta antsietateaz bizitzea, duin bizitzea al da?"
Hirune Tobajas
Bestalde, 1970eko hamarkadan, asoziazionismo handia zegoen auzoan: mendia, dantza, festak, helduentzat, umeentzat… auzoa autogestionatzen zen. Auzoko emakume batek behin elkarrizketa batean bere haurtzaroagatik esan bezala, "zorionekoak ginen, ez baikenekien aberatsak existitzen zirenik ere", berdintasun sentsazioa bizi zen auzoan, eta komunitatetasuna hortik sortzen zen.
Hirunek eta Èliak diote orain, beste era batera, baina komunitatetasun hori oso indartsua dela: edozer behar baduzu—autoa, lantresna, umea zaintzea edo tipula bat—, eskatu eta edonork uzten dizu; baina, hortik harago, lanak, erresistentzia edo auzoaren eraikuntzaren gaineko erabakiak denen artean hartzen dira asanbladan.
Martxoaren 3a
Hil zuten langileetako bat Romualdo Barroso izan zen, 19 urteko errekaleortarra. Auzoa egun luzez isil-isilik geratu zela dio Jabok; ama eta arreba entzuten zituzten negarrez. Martxoaren 3an bertan etxera ez itzultzean, Errekaleorreko apaiza eta Romualdo zenaren aita bere bila atera ziren. Gauean heldu zen albistea auzora; beldur handia hedatu zen eta ahapekako hizketaldiak: "Ikusten zer gertatzen den politikan sartuz gero?", "Zuk ikusi, entzun eta isildu!", "Poliziei putakumeak oihukatu omen zien!". Jabo hiru urteko umea zen. "Marka arraro batekin gelditu ginen. 'Romualdo hil dute!' Ez genuen ulertzen, eta koskortu ahala hor jarraitzen zuen jakin-minak; eta behin zer gertatu zen dakizunean… izugarria".
2015ean, Errekaleor Bizirik-ek Errekaleorreko zinema zaharrari Barroso izena jarri eta berrireki zuen. Bertara joan zen Romualdoren arrebetako batek Jabori kontatu zion, gau batean lanera joateko prestatzen ari zela, bi pertsona auto batean heldu zirela, beren etxe aurrean gelditu, eta kartel bat jarri zutela, "Romualdo Barroso Frankismoko ordena publikoaren indar errepresiboek eraila... hilketa hau ez da zigorrik gabe geratuko"; handik gutxira, polizia bat hil zuten. "Istorio horiek denbora pasata ateratzen dira, orduan ez". Bestelako gauza batzuk jakiten ez ziren moduan, esaterako, Errekaleorren, hainbat erakunde politikoren zelulak zeudela, baita pisu frankoak ere: PNV, ORT eta ETA Berri-renak...
"Etxe ez duinak"
Hori hasi ziren esaten udaletik, 1999-2000. urteetan, "etxeen egoera aztertzera inongo arkitektorik etorri ez bazen ere". Jabok iruzur bat izan zela salatu du, eta bertan bizi ziren pertsonekiko "begirune eskasa" erakutsi zutela. "Badira pertsonak hemendik atera eta hil zirenak. Bazekiten kanpoan hiltzera zihoazela, nire aititari gertatu bezala; alargundu zen, baina hemen kalera jaitsi eta auzokideekin solasean egoten zen. Bere lekuan zegoen, Mariturrira bidali zuten, kontzentrazio esparru batera bidali balute bezala izan zen. Gutxira, egoitza batean sartu eta handik gutxira hil zen".
"Inoiz ez nintzen hainbeste jenderekin antolatu; oso komunitate handia da"
Èlia Viladelbosch
Aznarren aldiko adreiluaren "espainiar miraritxoaren" sasoia zen. Udala etxeak erosten hasi zen, eta bertakoak beste etxe batzuetara bidaltzen. "Errekaleorren sorrera ere espekulatiboa izan zen, pobreen lepotik egin nahi zuten dirua". Jabok bere ikerketan topatu ditu halako perlak: "Jende asko etortzen ari da, eta ez dadila Gasteiz txabolez bete, baina arlote horiek erdialdetik paseatzen ere ez ditugu ikusi nahi, zenbat eta urrunago hobe". Gero, 2000ko hamarkadan arloteak beste leku batera mugitu zituzten berriz ere. Auzoan zatiketa eragin zuen, batzuek ondo onartu bazuten ere, beste batzuk kontra jarri ziren, eta, azkenean, etsita etxea utzi zutenean, etxeko giltzak bizilagun berriei eman zizkieten.
Errekaleor bizirik!
Eta horrela jaio zen Errekaleor Bizirik. Hirunek gogoan du oraindik Errekaleor zaharrak zeukan estigma txarra. Proiektuaren hastapenetan pizza bat eskatu zuten lagun batzuek, eta bestaldekoak erantzun zion "gu hara ez gara joaten, lapurreta egingo digute eta". Txantreatik zetorren, ezagun zuen auzo txarra izatearen estigma. Jabok berretsi du Errekaleorrera ez zela "Gasteizko jenderik" hurbiltzen, arriskutsua zela, ijitoak zeudela…
Gaztetxeaz gain, gazte mugimenduaren emantzipazio bulegoan ere ibili zen. Berak etxetik alde egin nahi zuen: "Independentea eta autonomoa izan nahi nuen, baina lan prekarioak besterik ez nituen lortzen; nire kuadrillako mutilek lanetan 1.000 euro eta goiti irabazten zuten bitartean, ni umeak zaintzen edo kutxazain ibiltzen nintzen; jardunaldi osoa inoiz ez, eta alokairu bati ezin nion aurre egin. Hor, okupazioa tresna bezala ikusi nuen niretzat eta gizarteari ere esateko: E, peña, hola ezin da bizi! Auzoko gazte guztiak okupatzen hasiko balira, presio bat sortuko litzateke eta zerbait egin beharko lukete". Txantrean eta Arabako herri txiki batean okupatzen egon zen lehenago, eta Errekaleorrera lagun baten bidez heldu zen, proiektuak erakarrita.
Èliaren kasuan, Errekaleorren berri Katalunian izan zuen; barrezka dio "okupazioaren paradisutzat" hartzen zutela ahotan. Gizarte Hezkuntzako bere irakasle batek ere jorratu zuen egun batean eskola ematen. Karrera bukatu zuelarik, ez zekien zer egin, nazkatuta zegoen alokairua ordaintzen eta bi lanetan jarduten, bere lagun bat urte bat lehenago etorri zen, eta etxebizitzaz gain Errekaleorreko proiektu politikoak eta komunitarioak erakarri zuen. Gogoan du 13 urte zituenean CSO (Centre Social Ocupat) bat ireki zutela: "Beharbada, hor erein nuen gaur Errekaleorren bizitzeko hazia".
"Ez ziren etorri etxeen egoera aztertzera; oso begirune eskasa erakutsi zuten"
Jabo H. Pizarroso
Auzoan daraman urtebetean gauza pila bat ikasi duela sentitzen du: "Inoiz ez nintzen hainbeste jenderekin batera antolatu!". Oso komunitate handia da: "Galdetu ahal duzu: 'Norbaitek utzi ahal dit autoa? Norbaitek daki hau egiten?'". Lehen merkatuan bilatuko zituzkeen gauza asko orain komunitatean aurkitzen ditu. Lantalde asko dago gainera, eta astea joan, astea etorri, zerbait berria aurkitzen du: elektrizitatean, iturgintzan, teilatuak, porlana… Horrez gain, ohartu da ondo bizitzeko ez dituela hainbeste gauza behar, gauza batzuk pribilegioak direla, ez benetako beharrak. "Duintasuna da bizitzeko gutxienekoak bermatuta edukita —eta horiek soberan beteta dauzkagu—, lasai eta nire usteen arabera bizi ahal izatea". Espekulazioaren araberako alokairu batean eta esplotaziopeko lanean ez luke sentituko duintasunez bizi dela.
Hirunek ere bere lagun asko ikusten ditu estresaz eta antsietateaz, lana, hipoteka eta abarrekin. "Hori al da duin bizitzea? Nik lan prekarioa izango dut, baina irabazten dudan apur horrekin biziraun ahal dut, nire semearekin pasatzeko denbora eta neuretzako denbora dut, baita bizi naizen auzoari emateko ere; pozik eta beterik sentitzen naiz".
Hirune eta Fran urtebeteko ume baten gurasoak dira. Auzoan askatasun handiagoa topatu dute, umeak esperientzia gehiago izan ahal ditu. "Bizilagunaren etxera jaitsi, eta atea irekita dago, edo asanblada bat dagoenean zaintza duzu, eta hor beste pertsona batzuk ezagutuko ditu. Uste dut horrek bizitzako gauzak ikasten lagunduko diola; hemen, fisikoki eta kudeaketan gauza pila bat dago ikasteko, bere haur eskolako umeen aldean, esaterako. Merezi du auzoan ume bat haztea, argia inoiz edo behin joaten bada ere". Zortzi ume daude auzoan.
Zortzi urte darama auzoan, eta aldaketa asko ikusi ditu hasieratik hona. "Aldatzen da aroa, aldatzen da jendea, aldatzen da auzoa". Gatazken kudeaketan, adibidez, aldaketa ikusten du: "Ni sartu nintzenean, gatazka baten erdian sartu nintzen, asanbladak beste tonu batean ziren, beste hitz batzuk erabiltzen ziren. Feminismo aldetik asko aldatu da auzoa; gaur egun, ikusten da lanketa bat egon dela". Antiespezismo aldetik ere auzoa asko aldatu da, egun proiektu bezala egiten den guztia beganoa da, adibidez. "Auzo bezala ikasi dugu hori errespetatzen, edo gutxiengo direnen jarrerak… Bestalde, batzuetan ez zaude eroso, edo urrun sumatzen duzu zure burua asanbladak hartutako erabaki batetik; batzuetan urrundu behar duzu pixka bat eta gero gerturatu berriz; ezkor baldin bazaude, hori ere transmititzen da eta". Euskararen erabileran kontrako ibilbidea ikusi du, hasieran oso presente zegoen eta oso gai garrantzitsua zen. Denborarekin auzoa gehiago erdaldundu da. Euskarak garrantzia izaten jarraitzen du, asanbladak euskaraz dira, baina euskara gutxiago erabiltzen da. Hirunek uste du jendea aldatu delako dela, gaur egun beste lurralde batzuetatik etorritako jende gehiago dago (%30 bat). Auzoak, hala ere, eusten dio euskaren aldeko konpromisoari: xuxurlariak erabiltzen dira asanbladetan, euskara eskolak eta mintzalagun taldeak daude; dohainik, noski.
10 + 53 urte
Èliak martxoaren 3aren gaineko Errekaleorreko ekitaldietan izan zuen lehen aldiz aurreko auzokideekin kontaktua. Oso garrantzitsua iruditzen zaio bai memoria historiko bizia, bai belaunaldien arteko elkarlana ere: "Jende guztiak dauka elkarrengandik ikastea. Jakin behar duzu nondik zatozen, nora zoazen ikasteko". Hirunek Txantrean sentitzen zuen langile auzo harrotasuna sentitzen du Errekan: "Proiektuan memoria hori bizirik eduki behar dugu, funtsezkoa da; zergatik diren etxebizitzak eta auzoko espazioak diren bezalakoak, edo hemen zegoenaz zer ikasi daitekeen". Jabok: "Memoria hautsi digute, eta berreraiki behar dugu. Kontuz, berriro hautsiko digute, eta berriro eraiki beharko dugu. 1970eko hamarkadan zegoen asoziazionismoa eta komunitatetasuna izugarria zen; bada, egun batetik bestera, ia inoiz ez zela izan ematen du".
Hemendik bost hamar urtera, Hirunek nahiko luke pertsona gehiago etortzea bizi proiektu bat gauzatzeko auzoan. Èliak espero du Errekaleorrek bizirik jarraitzea, edo biziago. Jabok, berriz, auzoarekiko lotura emozionalari eta ideologikoari eusten dio: "Garrantzitsua da auzoa han ere [Gasteizera seinalatzen du] defenditzea. Nik familian, auzokide zaharrekin edo lanean [adineko pertsonekin lan egiten du] defenditzen dut Errekaleor zaharra eta berria. Etorkizuneko mundua ikusten dut Errekaleorren: jendea soilago bizitzen, austeritatez, komunitatean".