Larunbat arratsaldean zabaldutako ohar batean, Ertzaintzak argitutzat eman du irailaren 16an Gasteizko Alde Zaharreko Aiztogile kaleko Txapeldun tabernan gertatutako erasoa. Ertzaintzak 30 urteko gizon bat atxilotu du arma zuriz egindako lesio delitu bat egotzita, tabernako segurtasun arduradunari gutxienez bi labankada emateagatik.
Gertakariak joan den asteko larunbateko 23:50ean jazo ziren. Minutu batzuk lehenago, Txapeldun tabernako segurtasun arduradunak bezero bat kanporatu zuen, barruan eragozpenak sortzen ari zelako. Pertsona horrek lokaletik alde egin zuen, handik gutxira itzuli zen eta atezainari bi labankada eman zizkion bizkarrean. Erasotzaileak ihes egin zuen, biktima zaurituta utziz. Zauritutako langilea Txagorritxuko Ospitalera eraman behar izan zuten, lesioak artatzeko.
Gasteizko ertzain-etxeko ikerketa taldearen ikerketaren ondorioz identifikatu ahal izan dute lesioen ustezko egilea. Larunbat honetan atxilotu dute, bere etxean bertan. Polizia-eginbideekin jarraitzeko atxilotua Lakuako ertzain-etxera eraman ostean, Gasteizko Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute; epaileak aske uzteko agindu du, epaiketaren zain.