Duela urte batzuk Gasteizen bizikletak hartu zuen abiada moteldu egin da. Bi gurpiletan egiten diren joan-etorriak ez dira areagotu azken urteotan, eta, aldiz, behera egin du zenbait garaitan. Datuak mahai gainean, hori da Bizikleteroak txirrindulazaleen elkarteko kideek nabarmendu dutena, eta, horri helduta, erabilera sustatzeko politikak indartzea eskatu dute. Gasteiz Etorbidean paratutako kontagailuarekin – 2015etik jasotzen ditu datuak– urteko lehendabiziko sei hilabeteetan utzitako kopuruak dituzte eskura, eta atzeranzko joera txiki bat antzeman daiteke; maiatzean, esaterako, %17,32ko beherakada izan da, 2022ko datuekin alderatuta. Eusko Jaurlaritzak mugikortasunaren inguruan egindako azkeneko azterketaren arabera ere, bizikletaren erabilera ez da hazi –%8– Gasteizen, eta, berriz, autoaren erabilera %10 igo da –%38,7–. Datuek errealitate "etsigarri samarra" erakusten dutela azpimarratu dute elkartekideek: aurten inoizko hilabaterik beroenak eta prezipitazio gutxien izan arren, ez da bizikleta gehiago erabili. Mugikortasunaren erradiografia zehatzago baten zain, Gasteizi bizikletaren aldeko "benetako apustua" egitea falta zaiola uste dute. "Agintariek oraindik ez dute bizikleta garraiobide gisa aintzat hartzen, aisirako tresna gisa baino ez", esan du elkarteko kide Igor Diaz de Gereñuk.
Itxura batean, hirian gero eta bizikletazale gehiago dagoela eman dezakeen arren, azkeneko urteetan ez aurrera eta ez atzera dagoela erakusten dute datuek. "2015 eta 2017 urteen artean jauzi txiki bat eman zen, baina orain sentsazioa da bizikleta erabiltzen dugun guztiok erabiltzen dugula dagoeneko eta ez dela jende gehiago animatzen". Diana Paniagua kidearen esanetan, Gasteizko Udalean gaitasun handiko garraioa izan da azken bi legealdietan ardatza, eta alde batera utzi dute bizikleta, horrek izan dituen ondorioekin. "Hiru dira trafiko arazo nagusiak: eskola mugikortasuna, lan mugikortasuna eta salgaien banaketa. Eta milioi askoko inbertsioa egin ostean, ez du hiru arazoetako bat ere konpondu". Bizikleteroak elkarteko kideen arabera, Jaurlaritzak autoaren erabileraren inguruko "datu kezkagarria" eman ostean, espero dute erakundeek benetan helduko diotela gaiari.
"Agintariek oraindik ez dute bizikleta garraiobide gisa aintzat hartzen"
Igor Diaz de Gereñu, Bizikleteroak
Jakin badakite Gasteizko toki bakar bateko joan-etorrien egoera ez dela hirian gertatzen denaren isla, eta kontagailu gehiago jartzea eskatu dute, baina adierazgarria dela uste dute halere. "Datuak objektiboak dira, eta hausnarketara bultzatu beharko lukete, agintariek eta komunitateak mugikortasun iraunkorra nola sustatzen duten gogoeta egin, ea zer hobetu daitekeen jende gehiagok bizikleta eguneroko garraiobide modura hauta dezan", azaldu du Diaz de Gereñuk. Euren esanetan, orain arte lortutakoak nabarmendu behar dira, baina ez da atseden hartzeko momentua, eta estrategiak berritzen eta egokitzen jarraitu beharra dago. "Inbertsio gehiago behar da. Kanpotik heldu zaizkigun Next Generation eta bestelako funtsak kenduta, gurean inbertsioa ez da iristen bi eurora pertsonako eta urteko, eta hamar euro baino gehiagokoa izan behar da bizikleta sustatzeko politikak egin nahi badituzu", gogoratu du Paniaguak.
Elkarteko kideen arabera, ez dago bizikletaren aldeko apustu irmo bat. Azken helburua bizikletan mugitu nahi duen orok hala egin ahal izatea dela aipatu dute, baina jende asko ez da bizikletan mugitzen, besteak beste, ausartzen ez delako. "Agian garaia da hiriak ebaluazioa egiteko egungo estrategiak nahikoak diren ala herritarren joera eta ohiturak aldatzeko ekintza sendoagoak antolatu behar ote diren".
Plan estrategikoa
Horretarako, lehenik eta behin, mugikortasun plan bat funtsezkoa dela uste dute. 2010-2015 artean indarrean egon zena egunean jarri eta "egokitu" beharra dago, elkarteko kideen ustez. "Ez dago plan estrategiko bat. Tranbia eta BEI-aren neurrira egindako plan bat egin zuten azkena, eta, noski, atzera bota zuten oposizioko alderdiek. Espero dugu aurrerantzean ausartagoak izatea, eta onartzea trantsizio ekolologia egin behar dela eta horrek erabaki ausartak behar dituela".
"Bizikleta sustatzeko politiketarako inbertsioa ez da iristen bi eurora pertsonako eta urteko"
Diana Paniagua, Bizikleteroak
Bizikletazaleen arabera, azken urteetan "adabakiak" baino ez dituzte jarri, eta bizikleta bere osotasunean garraiobide moduan hartuko duen egitasmo bat behar dela uste dute. Lan horretan, bizikletaren bulego bat izatea ere garrantzitsua dela uste dute. "Bizikletaren mugikortasunean adituak diren langileekin osatutako bulego bat behar da, bizikletazaleen beharrak ondo ezagutuko dituztenak eta lehentasun gisa hartuko dutenak. Kotxeek hirietatik desagertu behar dute, hori da azken helburua, eta argi esan beharra dago; baina errealitatea, ordea, bestelakoa da orain: autoen trafikoa ezin da oztopatu", esan du Lopez de GereÒuk. Haren ustez, atzera begira geratu da Gasteiz, Hiriburu Berdea izendatu zuten garaiari lotuta. "Ez dugu aurrera egin; garai bateko lorpenekin bizi gara, hiriak noizbait berdea izan behar zuen itxaropenarekin...".
Adituen lana ezinbestekoa dela berretsi du Paniaguak, azpiegituretan azkenaldian izan diren "akatsak" errepika ez daitezen, hainbatetan txirrindularien segurtasuna arriskuan jartzen duten erabakiekin. "Madril kalean egiten ari diren bizikleta bidean, esaterako, jaitsi egin behar duzu semaforoaren botoia beste erreian dagoelako; edo Florida kalean tranbiaren seinalea zentrimetro batzuk sartzen da bizikleta bidean... Zergatik hauek? Berdin zaielako. Imajinatzen ditugu detaile hauek autoen bideetan?".
Eskakizunen artean, halaber, bizikletak espaloietatik galtzadara jaisteko neurriak behar direla uste dute, eta horretarako "muga fisikoak eta disuaziozko neurriak" hartu behar direla, ibilgailu motordunek ez ditzaten erabili bizikleta bideak aparkatzeko edo zama lanetarako.
Bizikletazaleen elkartetik egindako proposamenei udaletik azkenaldian "entzungor" egin dietela azaldu dute, eta udal gobernu berriarekin harremana berreskuratu nahiko lukete. Hiriburuko bizikletazaleak biltzen dituen elkartearen iritzia jasotzea ezinbestekoa dela uste dute. "Lehen edozein proiektu abian jarri aurretik galdetu egiten ziguten gure iritzia jasotzeko, nahiz eta gero erabakiak hartzeko garaian jaramonik egin ez, baina 2019tik ez dugu elkarrizketarik izan". Mugikortasun iraunkorraren aldeko herritarren akordioa berreskuratzeko deia egin diote udal gobernu berriari, "politikari eta teknikarien esku-sartzetik kanpo" geratuko den elkargunea.
Sarea hazten
Bien bitartean, bi bidegorri berri iragarri ditu Gasteizko Udalak. Hiriko ekialdeko bizikleten sarea handitu egingo dute Valladolid kalean eta Salburua bulebarrean egingo dituzten bi bidegorri berriekin; bi kilometro baino pixka bat gehiago izango dituzte, eta milioi bat eurotik gorako inbertsioa izango dute. "Bidegorriak handitzea lehentasuna da hiriko agendan. Sare egokia, segurua eta hiriko auzo guztiak lotzen dituena izateko lanean jarraituko dugu. Hala, garraiobide garbi eta osasungarria sustatuko dugu, gakoa baita hori mugikortasun jasangarrirako egiten dugun apustuan", azaldu du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziak. Bidegorri hori Salburua, Arana, Arantzabela eta Aranbizkarra auzoetatik igaroko da. Ardatz nagusia Valladolid kalean eta Brusela hiribidean izango du, Europako Batasunaren plazaren eta Valladolid eta Andaluzia kaleen arteko biribilgunaren artean.
Mugikortasun Jasangarriaren Astearen atarian, halaber, alorreko politikekiko konpromisoa azpimarratu du Artolazabalek. "Mugikortasunarekin eta espazio publikoarekin lotutako aldaketa guztiak bultzatzen jarraituko dugu, atseginagoa, garbiagoa eta osasungarriagoa den hiria lortzeko". Urtero bezala, irailaren 16tik 23ra bitartean, ospatzeko ekitaldiak izango dira; bertan protagonismo berezia izango du adingabeen bideko segurtasunarekin eta eskola-ingurune seguruekin lotutako prestakuntzak.