"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2023ko ira. 8a, 10:00

Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman zioneko urteurrenaren harira, asteartean dozenaka lagun mobilizatu ziren Gasteizen, Gora Euskal Herria dekoloniala! lelopean. Hitzordua Sustraiak talde antikolonialista aurkezteko baliatu zuten.

Duela urtebete, Eusko Jaurlaritzak Elkano Eguna izendatu zuen 2022ko irailaren 6a, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaieguna ezarrita. Izan ere, iaz, egun horretan, 500 urte bete ziren Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman zionetik. Hitzordua baliatuz eta "Elkanoren figurari gorazarre publikoa" egiteko asmoa salatuz, dozenaka herritarrek "Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten Gasteizen.

"Egun hartan, dozenaka lagun izan ginen, ia espontaneoki eta amorruak bultzatuta, ikuspegi dekolonial eta emantzipatzaile batekin genozidioa, esklabotza eta ipar global eta zuriak munduko gainontzeko nazio, herri zein pertsonen gaineko menderatze historikoa salatzeko xedearekin kalera irten ginenok", gogora ekarri du Sustraiak taldeak.

Aurten ere egin dute, eta astearte honetan, irailaren 6an, mobilizazioa antolatu dute Loma Jeneralaren plazan, 19:00etan. Dozenaka herritar bildu dira elkarretaratzean, eta, bide batez, Sustraiak talde antikolonialista jendaurrean aurkezteko baliatu dute hitzordua. Datozen asteetan kolektibo berri horren inguruko informazio gehiago zabalduko dute.

"Gure zibilizazioaren garapenak berezkoa duen kontakizun historikoa, diskurtsoa eta praktika kolonialak, mendeetan zehar eta gaur egun ere, bortxaz eta indarrez inposatutako gure eredua zilegiztatzea dauka helburu, konkistatzailea abenturazalea bilakatuz edota ustiatzailea inbertsore", kritikatu dute.

"Egiturazkoa den eredu arrazista horrek euskaldun guztiok zapaltzaile bilakatuko gaitu mundura begira, eta, Euskal Herrian, azal zurikoak pribilegiatuak gure herrikide arrazializatuekiko. Bitartean, kalera irteten jarraituko dugu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide