2022ko abenduaren 25a igandea izango denez, irailaren 6a Elkano Eguna izendatu eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaiegun izatea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak iaz. Izan ere, gaur 500 urte bete dira Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman zionetik.
Asko izan dira erabaki horren aurka agertu diren iritziak. Gasteizen, adibidez, Gora Euskal Herria dekoloniala! herri ekimena jarri dute martxan, eta elkarretaratze bat deitu dute, 13:00etan Loma Jeneralaren plazan. Dozenaka lagun bildu dira mobilizazioan, tartean herritar arrazializatu asko; besteak beste, saharar komunitatearen presentzia handia nabarmendu da.
"Begirada kritiko bat eskaini nahi dugu Eusko Jaurlaritzak zabaldutako historia ofizialaren aurrean", adierazi dute mobilizazioaren antolatzaileek. "Lehenik eta behin onartu behar dugu hainbat pertsonai historiko Europak garatutako 500 urtetako kolonizazioaren parte izan direla, gure herrian onarpen sozial zabalarekin. Pertsona horiek esklabutzan parte hartu eta kolonizatzaileak izan dira, beste herri batzuen zapalkuntzan arituz".
"Munduaren hegoaldeko pentsalari aunitzei esker, dekolonitatearen teoria ezagutu dugu. Horrek, kontatu diguten historia ofizialaren aurrean, txanponaren beste aldetik begirada kritiko zorrotz bat eskaini eta gure pribilegio txuriez ohartarazten gaitu", esan dute. "Europak koloniak ezarri eta kapitalismoari bide ematen zion bitartean, urrezko garai bati hasiera ematen, Amerika, Afrika eta Asiako zibilizazio ezberdinak ezabatu eta beraien herriak esklabizatu, ustiatu eta sarraskitu izan ziren Kristauen Jaungoikoaren izenean".
"Euskaldunok ere herri zapaldu baten parte izanik enpatiarako eta elkartasunerako deia egiten dugu, eta horretarako gure historia eta geroa ikuspegi kritiko batetik birplanteatzea beharrezkoa da", aldarrikatu dute.