2023/2024 ikasturtearen hasieran, Gasteiz magiaren hiriburu bihurtuko da berriz ere, Magialdia Nazioarteko Magia Jaialdiaren 35. edizioan. Irailaren 11tik 17ra bitartean, mundu osoko 500 batzarkide inguru bilduko dira programa profesionalean, Europako Biltzar Jauregian, eta, horrez gain, 42 mago espresuki iritsiko dira Arabako hiriburura Magialdian beren ikuskizunak eskaintzeko.
Hortaz, jaialdi honetan esklusiboki gozatu ahal izango da artisten zerrenda paregabe honekin: besteak beste, Armando Lucero (AEB); Soy Rada, Michel, Christian Miro, Iñaki Zabaletta, Hernan Macagno eta Ignacio Lopez (Argentina); Aurelio Paviato, Giancarlo Scalia, Gianfranco Preverino eta Giovix (Italia); Young Min (Hego Korea); Adrien Quillien, Aegon (Frantzia); Ondrej Psenicka (Txekiako Errepublika); Shimpei eta Jonio (Japonia); Gisell (Peru); Ben Daggers (Ingalaterra); Alain Simonov (Brasil); eta Karim, Woody Aragon, Gonzalo Albiñana, Luis Martinez, Juan Colas, Miguel Angel Gea, Isaac Jurado, Jordi Cami, Joshua Kennet, Miguel Gomez, Asier Kidam, David Navares, Peio Rivas, Alexku eta Dala Illusions (Espainiako Estatua).
Programa profesionalaz eta profesionalentzako ekitaldi esklusiboez harago —adibidez, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, Azoka Magikoa eta bisita kulturalak— ekitaldi gehienak publiko orokorrari zuzendutakoak eta doakoak izango dira. Egitaraua osatzeko, besteak beste, jarduerak izango dira Ignacio Aldekoa liburutegian, baita ikasleentzako magia, magia erakusleihoetan, galak, kaleko magia, zineforuma, ikasleentzako hitzaldiak, ikuskizunak Bibat museoan, gaztetxoentzako magia tailerrak, gertuko magia ibilbideak erdigune historikoan zehar, magia ikuskizuna katedraleko atarian, Off Jaialdia eta Eko Magia Atarian ere.
Aurtengo edizioaren programa osoa kontsulta daiteke magialdia.com webgune ofizialean.
Gasteiztik Japoniara
"Jaialdiak interes handia pizten du gure mugetatik kanpo, eta nazioarteko erakusleiho handia da gure hiriarentzat. Horren adibide gisa, NHK telebista publiko japoniarreko lantalde bat Gasteizera etorriko da datorren astean, jaialdiaren jarraipena egitera, eta hiriari zein Magialdiari buruzko programa berezi bat botako du Japonian", iragarri du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Gainera, zinegotziak iragarri duenez, Arabako Ilusionisten Elkartearekin urtero sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, aurten Gasteizko Udalak 85.000 euro bideratuko ditu Magialdia posible egiteko.
MagialdiAraba
Hiriburua hartu aurretik, MagialdiArabaren IX. edizioa Arabako hamabost herritatik igaroko da aurten, besteak beste Asier Kidam, Tor Magoa, Hodei Magoa, Imanol Ituiño, Txoborro eta Altrius mago euskaldunen eskutik. Lehenengo aldiz bost herri hauetara helduko dira ikuskizunak: Marieta, Villaverde, Kontrasta, Aperregi eta Burgu. Ribabellosan izan zen lehenengo saioa, irailaren 3an, eta Burgun azkena, urriaren 21ean.

aaaaa