MagialdiArabaren IX. edizioak lurraldeko hamabost herritara eramango ditu magia ikuskizunak, irailaren 3tik urriaren 21era. Gasteizko Magialdiaren atarikoak, besteak beste, Asier Kidam, Tor Magoa, Hodei Magoa, Imanol Ituiño, Txoborro eta Altrius arduratuko dira magia eramateaz.
Gaur aurkeztu dute Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Arantxa Ibañez de Opakua Vital Fundazioko zuzendariak eta Jose Angel Suarez jaialdiko zuzendariak. Jardueren artean, haurrentzako eta adinekoentzako magia tailerrak, gertuko magia animazioa eta magia ikuskizunak izango dira.
Herri desberdinetatik 38 eskaera jaso dituzten arren, aurten 15 udalerritan izango da magia ekitaldia, iaz baino bi gutxiago. Lehenengo aldiz bost herri hauetara helduko dira ikuskizunak: Marieta, Villaverde, Kontrasta, Aperregi eta Burgu. Ribabellosan izango da lehenengo saioa, irailaren 3an, eta Burgun azkena, urriaren 21ean. Informazio guztia magialdia.com webgunean kontsultatu daiteke.