"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute aurten ere

Erredakzioa 2023ko irailaren 4a

2022ko irailaren 6ko mobilizazioa, Gasteizen. Argazkia: GEHD

Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman zioneko urteurrenaren harira, astearte honetan mobilizazioa egingo dute Gasteizen, Gora Euskal Herria dekoloniala! lelopean.

Duela urtebete, Eusko Jaurlaritzak Elkano Eguna izendatu zuen 2022ko irailaren 6a, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaieguna ezarrita. Izan ere, iaz, egun horretan, 500 urte bete ziren Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman zionetik. Hitzordua baliatuz eta "Elkanoren figurari gorazarre publikoa" egiteko asmoa salatuz, dozenaka herritarrek "Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten Gasteizen.

"Egun hartan, dozenaka lagun izan ginen, ia espontaneoki eta amorruak bultzatuta, ikuspegi dekolonial eta emantzipatzaile batekin genozidioa, esklabotza eta ipar global eta zuriak munduko gainontzeko nazio, herri zein pertsonen gaineko menderatze historikoa salatzeko xedearekin kalera irten ginenok", gogora ekarri du Sustraiak taldeak.

Aurten ere egingo dute, eta astearte honetan, irailaren 6an, mobilizazioa deitu dute Loma Jeneralaren plazan, 19:00etan.

"Gure zibilizazioaren garapenak berezkoa duen kontakizun historikoa, diskurtsoa eta praktika kolonialak, mendeetan zehar eta gaur egun ere, bortxaz eta indarrez inposatutako gure eredua zilegiztatzea dauka helburu, konkistatzailea abenturazalea bilakatuz edota ustiatzailea inbertsore", kritikatu dute.

"Egiturazkoa den eredu arrazista horrek euskaldun guztiok zapaltzaile bilakatuko gaitu mundura begira, eta, Euskal Herrian, azal zurikoak pribilegiatuak gure herrikide arrazializatuekiko. Bitartean, kalera irteten jarraituko dugu".

KARTELA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago