Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak asteon onartu du Principal Antzokiaren eraberritze lanetara 4,8 milioi euroko ekarpen ekonomikoa zuzentzea. Guztira, antzokiaren berritze lanek hamabi milioi euroko aurrekontua izango dute eta Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak sinatutako lankidetza hitzarmenaren araberakoa izango da bakoitzaren ekarpena. Eusko Jaurlaritzaren ekarpena %40koa izango da (4,8 milioi euro) eta Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko udalarena %30ekoa (bakoitzak 3,6 milioi euro).
Jaurlaritzak onartutako dirulaguntza zuzena 2023-2025 epealdirako izango da eta honela banatuko da: 2023. urtean 120.000 euro; 2024. urtean 2.340.000 euro; eta 2025. urtean 2.340.000 euro.
Principal antzokiaren zaharberritze integralaren ostean, aretoak 842 besaulkitarako edukiera izango du –horietako 19 mugigarritasun murriztua duten pertsonentzat–, eta gaur egungo estetikari zein oinarriari eutsiko dio, Italiako antzokien kutsua mantenduz.
Horretarako, barrualde guztia eraitsi eta berriro eraikiko dute, gaur egungo itxura errespetatuz –besaulkien diseinua, tapizatuen gama...– eta erosotasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna handituz. Halaber, aretoko argiztapena, klimatizazio sistemak, akaberak, besaulkiak eta gainerako elementuak berrituko dituzte.
Horrekin batera, modernizazio teknikoa eta aukera eszeniko handiagoak bilatuko dira. Hain zuzen ere, agertokiaren atzealdea handitzeko aukera egongo da, orratzaren altuera nabarmen handituko da, agertokiaren atzealdeko espazioa ere zabaldu egingo da, eta musikariak kokatu ohi diren pezoia ere handitu egingo da.