ESTIBALIZ

Aurtengoan, anfitrioi berriekin

Erredakzioa 2023ko abu. 31a, 08:00

Aurten urte santua da Estibalizen, eta, ondorioz, jende gehiago hurbilduko dela espero izatekoa da. Argazkia: GASTEIZKO ELIZBARRUTIA

Hilaren 10ean egingo dute ohiko erromeria Estibalizen, eta bezperan fededunei bekatuak "barkatuko" dizkien induljentziarako erromesaldia antolatu dute. Erdi Aroko Arabak utziko du bertan duen egoitza. 

Irailaren 12a da berez Estibaliz eguna, baina ospakizun nagusia gertuen dagoen igandean egingo dute:  hilaren 10ean, hain justu. Hortaz, egun horretan egingo dute erromeria, eta, ohi bezala, lurraldeko agintariak Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak gidatuko duen mezara zintzo-zintzo joango dira. Horrez gain, Gotzaindegiak aurreratu du adin guztietarako ekintzak egongo direla bertaratzen direnentzako.

Besteak beste, bezperan egingo dute bokazio erromesaldia. Aurten jubileua edo urte santua denez gero, erromesaldia egingo duten fededunek induljentzia eskuratzeko aukera izango dute. Zenbait baldintzaren arabera, beraz, Eliza Katolikoak bekatuak "barkatuko" dizkie.

Moja berrien esku

Ez da aurtengo nobedade bakarra izango: bekatuen barkamenak baino soka luzeagoa izango duen nobedadea egongo baita oraingoan. Bost urtez Erdi Aroko Araba elkartearen esku egon ostean, berriki santutegira iritsi diren Eukaristiaren Erromesak kongregazioko mojen esku geratuko da Pater taberna, bai eta historia elkarteak egoitza gisa erabili izan duen etxea ere. Elkarteak ezagutarazi du Estibalizi hertsiki lotuta jarraituko dutela hemendik aurrera ere, eta Erromanikoaren Interpretazio Zentroaren kudeaketa zein bisita gidatuak mantenduko dituztela. Abaguneaz baliatu dira eskerrak emateko urte hauetan Estibalizera hurbildu zaizkien lagun guztiei. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago