Errekaleorrek hamar urteko ibilbidea ospatuko du irailean

Erredakzioa 2023ko abu. 29a, 13:30
Zea Mays, Merina Gris, Belako eta Ibil Bedi. ALEA

Irailaren 29an eta 30ean, Zea Mays, Merina Gris, Belako, Ibil Bedi, Noname Tiriti, Kutxaratxas eta Konpost taldeen kontzertuekin ospatuko dute Errekaleor Bizirik proiektuaren 10. urteurrena.

Hala Bedik, Gasteizko Gaztetxeak, Errekaleorrek, Auzolana Pilotalekuak eta Sumendi Espazioak mendeurren bateratua ospatzen ari dira aurten, 100 urte, bakarrik ezin da lelopean. Gaztetxeak apirilean ospatu zuen bere 35. urtemuga; udan zehar, Auzolana Pilotalekuaren (15 urte) eta Hala Bediren (40 urte) txanda izan zen.

Orain, ikasturte berriarekin batera, Errekaleor izango da hamar urteko ibilbidea ospatuko duena. 2013ko irailean munduratu zen Errekaleor Bizirik proiektua, hiltzera kondenatuta zirudien auzo bat berpiztuz eta Europako auzo okupatu handienetariko bat bilakatuz.

Auzoko jaiak maiatzean ospatzen dituzten arren, irailean ospatu ohi dute okupazioaren urteurrena, urtez urte. Aurten, irailaren 29an eta 30ean ospatuko dute 10. urteurrena, 10 urtez zuen atzaparretatik at! lelopean, eta maila handiko zazpi kontzertu eskainiko dituzte: ostiralean, irailaren 29an, Noname Tiriti, Merina Gris eta Konpost; larunbatean, hilaren 30ean, Zea Mays, Belako, Ibil Bedi eta Kutxaratxas.

Oraingoz, kontzertuak iragarri eta data gordetzera deitu dute, baina aurrerago emango dituzte egitarauaren inguruko xehetasun guztiak.

Urriak 21, jaialdi handia

Urtean zehar kolektibo bakoitzak antolatutako urteurren propioaz gain, urriaren 21ean ospakizun handi batekin borobilduko dute dinamika bateratua, 100 urte baino gehiago Gasteiz eraldatzen! lelopean. Kasu honetan ere, oraingoz data gordetzera deitu dute, baina egitaraua osatuko duten jardueren aurrerapen bat ere plazaratu zuten abuztuaren hasieran, honako kartelaren bidez:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide