1983an jaio zen Hala Bedi irratia, eta Arabako uhinak askatzen hasi zen. Bost urte beranduago, 1988an, ate bat bota eta bere ateak ireki zituen Gasteizko Gaztetxeak. Bi hamarkada beranduago, 2008an, Auzolana Pilotalekua birjabetu zuten Alde Zaharreko bizilagunek. Beste bost urte, eta 2013an munduratu zen Errekaleor Bizirik, hiltzera kondenatuta zirudien auzo bat berpiztuz. Azken jokalaria, Sumendi Espazioa, 2016an batu zen partidara, Judimendi auzoan autogestiorako gune bat eskainiz eta gaur egun arte egonkortuz.
Bost kolektibo, 100 urte: Hala Bedik 40, Gaztetxeak 35, Auzolanak 15, Errekaleorrek 10 eta Sumendik 7. Guztira, mendeurren bateko historia motxilan daramate bost eragileek, eta, gaur egun, Gasteiz ulertzea ezinezkoa litzateke bostok hiriari egindako ekarpenari erreparatu gabe.
Hortaz, indarrak batu, 100 urte, bakarrik ezin da! dinamika martxan jarri eta gaur aurkeztu dute Alde Zaharreko Etxauri plazan (auzokideentzat, Rafa plaza) egindako prentsaurrekoan. "Bizirik eta kaña ematen jarraitzeko gogoz" jarraitzen dutela ospatu nahi dute urte osoan zehar, baina data bat egutegian gorriz markatzera deitu dute: urriaren 21ean, larunbatean, amaituko da dinamika; oraingoz ez dute xehetasun handirik eman, baina Piztu Gasteiz edo OkupaTU Gasteiz bezalako ospakizun bat izatea aurreikus daiteke.
"Urte hauetan guztietan elkartu gaituzten ideia eta lan egiteko moduei indarra emateko" dinamika izango dela azaldu dute, hala nola "asanblearismoari, autogestioari eta okupazioari". Eta udazkeneko egun handi horretan, "ehun urte baino gehiago eraikitzen daramagun Gasteiz berriro aldarrikatu eta defendatuko" dute.
KONTAKIZUNA
Partida ez da bukatu
Aitor Anda Hala Bediko kide eta dinamikaren bozeramailearen hitzartzearen ostean, Ane Gebara eta Unai Lopez de Armentia aktoreek dinamika aurkezteko testu berezi bat irakurri dute, "hiri honetan jokatu den partidarik luzeenetako baten" kontakizuna:
Jolas askotan arauen atalean jokalarien adinak mugatzen dituzte eta gehienetan 99 urtetik gorakoek ezin dutela jolastu diote.
Zer gertatzen da hemen? 100 urterekin ezin dela jolastu?
Nor ausartzen da jolasei limitea jartzera?
Ez duzue esperientziadun jokalaririk nahi? Beldur dira jolasaren zirrikituak aurkitzeko kapazak izan gaitezkeelako ala? Auskalo…
Jolasak erregulatzen dituztenek ez al dute 100 urterekin jolasteko esperantzarik?
Joder… nola jartzen diren batzuk!
Zuekin Gasteizen eman den jolasen artean jokaldirik ederrenetariko baten zuzeneko testigantza:
Bakoitzak bere fitxa aukeratu du. Hala Bedik laranja, Gasteizko Gaztetxeak morea, Errekaleor auzo askeak horia, Auzolana pilotalekuak urdina eta Sumendik gorria.
Jokalarien adinak agindu du txanden ordena eta Hala Bedi izan da lehena. Tableroaren 1983. kokalekutik hasi da eta 10 aurpegidun dadoa bota du kubiletea erabili gabe. 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7... eta 10.enean geratu da lehenengo jaurtiketan. Zentsura, errepresio eta legalitatearen kasillak erraz gaindituz komunikazio librearen eremuan erori da. Ahotsik ez dutenen bozgorailu bihurtu da jolasa hasi bezain pronto. Hasiera batean bozgorailu izateko “walkie talkie” bat erabili duela azaldu badu berehala ikusi dugu irrati antenen bidez fm frekuentziak okupatzen tablero osoan eta haren mugetatik kanpo ere bai. Dadoa berriro bota eta kontrainformazioaren karta baliatuz desinformazioaren eremuan erortzea ekiditea lortu du gainontzeko jokalarientzat informatzeko arma bilakatu denean. Pedazo de jugada!
Gaztetxea izan da dadoa botatzen hurrengoa. 1988.etik abiatu da eta jolasa hasi bezain laster elizarekin topatu da. Gehiegi pentsatu gabe apezpikuaren kotxera okupatu du eta bertan diseinatu du jolasa irabazteko estrategia. Okupazioa, asanblada eta autogestioaren karta inork bezala erabiltzen daki eta hori izango da bere arma jolasean zehar. Txanda aurrera doa eta bidean aurkitzen dituen kasilletako amaierako gaiztoek geroz eta mala ostia handiagoa dute. Alfonso Alonsorekin izan dute borroka ederra eta 2005. kasillan igeltsuzko iratxoen taktika, arrautza jaurtigailua eta Gaztetxe egunaren karta jolastuz hiriko txoko ezberdinak kulturaz eta ekimenez leherrarazi ditu. Gaztetxeak erraz irabazi du partida. “Menudo huevazo!”, oihukatu du Canal Gasteizeko esatariak. Partidan aurrera eginez eta gainontzeko jokalarientzako aterpe eta antolatzeko eremu bilakatzea lortuz indarrarekin heldu da 2023. kasillara.
2008. kasillan Auzolana Pilotalekuaren partida hasi da. Dadoa beharrean pilota bota du, pilota goxoa. Eskuarekin gogor joz paretan markatutako motz eta luze seinaleen arteko eremuan erori da. Bete betean asmatu du jokaldia Alde Zaharra auzoko behar eta nahietara moldatuz. Partida patxangero zirraragarrienak bertan jokatzeaz gain frontoia Gasteizko pilotaren harrobi ere bilakatu da. Auzolagunen pilotakadaz goterak erraz tapatu baditu ere aurrerago Udal gobernu mohosoaren kasillan erori da. Gasteizen inoiz egin den talde argazki erraldoia eginez lizuna gainetik kendu eta indarberritua ateratzea lortu du. “Mila gorriz! Baietz auzoa defendatu!”, oihukatu du. Apustu segurua.
Errekaleorrek 2013. kasillan hasi du jolasa. Dadoa bota eta tablerotik atera da. Txanda galdu beharrean tableroa handiagoa egitea erabaki dute jokalari guztiek eta orain ia Olarizu puntaraino heltzen da jolasa. Okupazioaren karta maisuki erabilita hilzorian zegoen auzo bat biziberritu du. Oroimenaren kasillatik pasa eta memoriaren barrikada eraiki du Romualdo Barroso jaio zen etxean, “botere guztia asanbladarentzat” aldarria berreskuratzearekin batera. Bigarren tiradan Iberdrolarekin eta Urtaran Karapanen argi mozketarekin egin du topo eta sakelatik atera du ondo gordeta zuen energia eta elikadura burujabetzaren karta. Jokaldi horretan burujabetzaren irla bilakatu da Errekaleor, auto-hornikuntzaren eredu eta bonus extra bat lortu du hemendik aurreragoko txanda guztietan.
Sumendi izan da dadoa botatzen azkena. Jokalari gazteena izanda aurreko jokalariek jokatutako karta guztiak erabiltzeko boterea du. Karta guztiak Judimendi auzoko errealitatera moldatuak ditu. Aurreko jokalari guztiek egindako akatsetatik ikasteko abilezia du ere bai eta bikain baliatzen du. Geroz eta zahartuago dagoen auzoa gazte berritzen du bere txanda guztietan. Joko aretoaren kasillatik pasa denean jolastoki bihurtu du.
2023. kasillan daude 5 jokalariak elkarri begira. Begirada konplizeak botatzen dizkiete elkarri eta dadoa botatzeko prest dira denak. Partida ez da bukatu.
5 jokalari hauen esperientziak batuko lituzkeen jokalaria garaiezina izango litzateke. 5 eragile hauen bizipen guztiak lituzkeen jokalariak 100 urtetik gora beharko lituzke denak bizitzeko. 100 urtetik gora! Zeinek esango lioke honi 99ak pasata jolastea debekatuko zaiola?
Guk argi dugu. Ez diogu jolasteari uzten zahartzen garelako, jolasteari uzten diogulako zahartzen gara. Inork ez digu esango zer egin gure 100 urterekin, guk jolasten jarraituko dugu. Jarrai dezagun beraz 100 urtez gehiago autogestioa bultzatzen, bultza dezagun herritarron auto-antolakuntza, jarrai dezagun gustuko ez gaituzten araugileei begietan atzaparra sartzen, proiektu berriak sortzen, herri boterea eraikitzen eta defendatzen. Garatu ditzagun gainera, herritarron arteko lotura sendo zein zintzoak, horrela bakarrik irabaziko diogu partida etsaiari: ELKARREKIN eta ez banandurik. Batu partidara! 100 urte, bakarrik ezin da!