Aitor Zulueta izango da Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiko zuzendari berria

Erredakzioa 2023ko abu. 3a, 14:44
Aitor Zulueta bermeotarra izango da zuzendari berria. Argazkia: Gasteizko Udala

Imanol Zabaleta ordezkatu du, 2020tik zuzendari izandakoa.

Gasteizko Udalak gaur izendatu du Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiko (CEA) zuzendari berria: Aitor Zulueta Telleria. Abuztuaren 7tik, astelehenetik, aurrera, beste etapa bati ekingo dio CEAko Gasteizko arduradun gisa; karguan Imanol Zabaleta ordezkatu du, 2020tik zuzendari izandakoa.

Zuluetak ibilbide profesional guztia ingurumenarekin, hondakinen tratamenduarekin eta zoruen deskontaminazioarekin edo babestutako naturaguneen kudeaketarekin lotuta garatu du. Azken urteok klima-aldaketaren kausak eta ondorioak aztertzen eman ditu, batez ere. Europako Batzordearen Egokitzapen Misioarekin lotutako Horizon Europe programak finantzatutako bi berrikuntza-proiektu koordinatu ostean iritsiko da CEAra.

Aitor Zulueta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako fakultatean Zientzia Geologikoetan lizentziatua da eta London School of Economics and Political Sciencek emandako MBA ziurtagiria du. Bere ibilbide profesionala enpresa pribatuan zein administrazio publikoan izandako ardura postu batzuekin osatu du. 1999 eta 2004 artean, Kantabriako Unibertsitateko Bideko Ingeniarien Eskolan irakasle elkartua izan zen eta, gerora, bere ibilbide profesionala aholkularitzara eta ingeniaritzara bideratu zuen. 2016an, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Kulturalaren eta Klima Aldaketaren zuzendari izendatu zuten. Horrez gain, IHOBE sozietate publikoaren presidenteordea eta Euskadiko Ingurumen Aholku Batzordeko eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko idazkaria ere izan da besteak beste. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide