erakusketa

Lanaren eta emakumearen irudiak irauliz

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko uzt. 23a, 08:00

Amarika aretoak 'Emakumea-Makina-Fabrika' izenburua duen erakusketa kolektiboa inauguratu du. Espazioko bi aretoetan ikusgai izango da urriaren 15era arte. Artxiboetan gordetako emakume langileen, makinen eta fabriken irudiak birpentsatu eta berridatzi dituzte hamaika emakume artistek.

Artxiboak ez dira neutralak. "Ez dira gertatu den historia baten aztarna hutsak, baizik eta erakundeek eta pertsonek sortutako fikzioen eraikuntzak. Ez dira gordailuak bakarrik, errealitate baten kontakizun politikoak adierazten dituzte". Sara Berasaluze Duquek eta Tamara Garcia Iglesiasek osatzen duten Artxiboa kolektiboak, 2023ko urriaren 15era arte, Gasteizko Amarika aretoan erakutsiko dute Emakumea-Makina-Fabrika proiektua, joan den mendean emakumeak euskal industrian lanean ageri diren artxiboko argazkien berrinterpretazioa.

"2021ean sortu zen proiektua –azaldu du Berasaluzek–, Tamara Garcia eta bion artean; artxiboetan lan egitea gustatzen zitzaigun bioi, eta lanerako gai bezala emakume langileak aukeratu nahi genuen. Euskadiko artxiboak bisitatu genituen, eta hautaketa egin genuen tematika horrekin. Hautaketa egin eta gero, pentsatu genuen artistak gonbidatzea artxiboetan jasotako argazkiak berrinterpretatzera, eta modu horretan narratiba ofizialetik ateratzea eta beste ikuspuntu batetik azaltzea artxiboetako argazkien bidez zer kontatu daitekeen". Beraz, argazki artxiboak berridaztea planteatzen du erakusketak: "Artxiboak berrirakurri, erakutsi, manipulatu, berridatzi eta irauli, narrazio lerro dibergenteak sortzeko eta, horrela, egungo lan egoerari buruz hausnartzeko", dio proiektuaren aurkezpenak.

Hiru artxibo garrantzitsuren materialean oinarrituta dago Emakumea-Makina-Fabrika erakusketa: Donostiako Kutxa Fundazioaren Fototeka, Gasteizko Udal Artxiboa eta Bilboko Udal Artxiboa; eta hiru artxibo horietako emakume langileen, makinen eta fabriken irudikapena eta argazkiak, 1940ko hamarkadatik 1960ko hamarkadara bitartekoak. Erakusketa honetan hamaika artistek parte hartu dute: Irati Canok, Irene Zottolak, Laia Abrilek, Maider Aldasorok, Toia Boninok, Maider Jimenezek, Maria Alcaidek, Rocio Buenok, Rosa Neutrok, Yone Estivarizek eta Zaloa Ipiñak.

Lanari buruzko hausnarketa

Tamara Garcia proiektuaren bigarren komisarioak erakusketa osatzeko prozesuaren eta  edukiaren nondik norakoak azaldu ditu, iragan astean egin zen inaugurazioan. Artxiboa landu ondoren, hamaika artistei entregatu zieten hautaketa, eta haiek horren inguruko hausnarketa egin dute, alegia material komunarekin bakoitzak obra partikularra sortzea izan da asmoa, eta horiek dira ikusgai dauden obrak. "Hamaika obra dago aretoan, eta obra bakoitza da artxibo baten ikus-entzunezko interpretazioa edo hausnarketa bat lanaren inguruan: zer da lan egitea emakumea bazara".

Bestalde, lanaren kontzeptua bera birpentsatzea interesatzen zitzaien nolabait, eta, iragan mendean fabriketan lan egiten zuten emakumeen errealitatetik esparru artistikoan lan egiten duten emakumezkoen errealitatera dagoen espazioa lantzea. Garciak azaldu bezala, "guretzat oso inportantea da lanari buruzko hausnarketa egitea, lan artistikoari buruz hausnartzeko aukera ematen digulako. Guk dugu langile oinordetza linguistiko bat ezin duguna gure eguneroko lanean aplikatu, denak garelako autonomoak. Hortik abiatuta atera dira artisten obrak. Guri interesatzen zaiguna da ondorioak ateratzea: Zer da lana gure esparru artistikoarentzat? Zer da lana guretzat? Zer da lana gaur egun emakumeentzat?".

Genero ikuspegia eta lanaren esparruan txertatzeko saiakera ere presente dago erakusketa osatzen duten artisten lanetan. Izan ere, hasieratik, artxiboko materiala arakatzen joan diren heinean erreskatatzen joan dira artxibo horietan ezkutatzen ziren emakume asko, adibidez, Gasteizko La Carmela zaku fabrikan lan egin zutenak. Amarika espazioko barruko aretoan ikus daiteke erakusketa sortzeko erabili duten artxiboko materiala.

Kanpoko aretoan, berriz, hamaika artistek erabili dituzten askotariko adierazpen artistikoak daude, estetikoki oso desberdinak: argazkigintza, arte performatiboa, ikus-entzunezkoa, plastikoa… "Kolektibo bezala, lana ordainduta izatea nahi genuen, eta ezagutzen genituen edo miresten genituen emakume artisten aukeraketa egin dugu. Lana oso xumea izan da eta oso erraza izan da haiekin lan egitea", aitortu du Garciak. Artista horietako bat da Maider Aldasoro gasteiztarra, eta lehen aldia da, gainera, bere lana jaioterrian aurkezteko aukera duela. Fabrika batean lan egin zuen bere amonaren erreferentzia gogoan izan du artxiboen berridazketa egiteko, eta bideoaren, ehungintzaren eta espazio publiko batean eta industria giro batean eszenaratzearen bidez, "pertsonen arteko harremanen eta horietan sortzen diren mendekotasunen arteko alegoria" garatu du.

2022ko azaroan, Madrilgo La Neomudejar aretoan egon ondoren iritsi da Gasteiza Emakumea-Makina-Fabrika erakusketa. Espazio berriak, "Amarika aretoaren horma zuriek", erakusketa berregiteko aukera eman die komisarioei eta artistei. "Madrilgo La Neomudejar XIX. mendeko tren fabrika bat da, eta egiturak ematen zuen mezu bat, oso aldarrikatzailea; testuinguru honetan, aldiz, beste komunikazio mota bat dago, pareta zuriak, luzeak…; erakusketak beste komunikazio egitura bat hartu du, eta Amarika aretora egokitu dira obrak, eta obra berriak sortu dira". 

Argazkiak: PHOT.OK

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide