Magialdia irailean itzuliko da Gasteizera

Erredakzioa 2023ko uztailaren 18a

Magia jaialdiaren aurreko edizio bat. Argazkia: MAGIALDIA.com

Irailaren 11tik 17ra bitartean, mundu osotik iritsitako 500 mago baino gehiago bilduko dira Nazioarteko Magia Jaialdiaren XXXV. edizioan. Besteak beste, magia arloko 35 profesionalen ikuskizunak eskainiko dituzte.

2023/2024 ikasturtearen hasieran, Gasteiz magiaren hiriburu bihurtuko da berriz ere, Magialdia Nazioarteko Magia Jaialdiaren 35. edizioan. Irailaren 11tik 17ra bitartean, mundu osoko 500 batzarkide inguru bilduko dira programa profesionalean, Europako Biltzar Jauregian, eta, horrez gain, 35 mago baino gehiago espresuki iritsiko dira Arabako hiriburura Magialdian beren ikuskizunak eskaintzeko.

Hortaz, jaialdi honetan esklusiboki gozatu ahal izango da artisten zerrenda paregabe honekin: Armando Lucero (AEB); Soy Rada, Michel, Christian Miro, Iñaki Zabaletta, Hernan Macagno eta Ignacio Lopez (Argentina); Aurelio Paviato, Giancarlo Scalia, Gianfranco Preverino eta Giovix (Italia); Young Min (Hego Korea); Adrien Quillien, Aegon (Frantzia); Ondrej Psenicka (Txekiako Errepublika); Shimpei eta Jonio (Japonia); Gisell (Peru); Ben Daggers (Ingalaterra); Alain Simonov (Brasil); eta Karim, Woody Aragon, Gonzalo Albiñana, Luis Martinez, Juan Colas, Miguel Angel Gea, Isaac Jurado, Jordi Cami, Joshua Kennet, Miguel Gomez, Asier Kidam, David Navares, Peio Rivas, Alexku eta Dala Illusions (Espainiako Estatua).

Programa profesionalaz eta profesionalentzako ekitaldi esklusiboez harago —adibidez, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, Azoka Magikoa eta bisita kulturalak— ekitaldi gehienak publiko orokorrari zuzendutakoak eta doakoak izango dira. Egitaraua osatzeko, besteak beste, jarduerak izango dira Ignacio Aldekoa liburutegian, baita ikasleentzako magia, magia erakusleihoetan, galak, kaleko magia, zineforuma, ikasleentzako hitzaldiak, ikuskizunak Bibat museoan, gaztetxoentzako magia tailerrak, gertuko magia ibilbideak erdigune historikoan zehar, magia ikuskizuna katedraleko atarian, Off Jaialdia eta Eko Magia Atarian ere.

85.000 euroko zuzkidura

"Sekulako pribilegioa da urtez urte nazioarteko erreferentziazko jaialdiaz gozatzeko aukera izatea", ospatu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak. "Gainera, gure etxean, Gasteizen, mundu mailako oihartzuna duten artistak biltzen ditu. Eskerrik asko magiaren eta hiri hau horren egoitza izatearen aldeko apustua egiten jarraitzeagatik".

Zinegotziak iragarri duenez, Arabako Ilusionisten Elkartearekin urtero sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, aurten Gasteizko Udalak 85.000 euro bideratuko ditu Magialdia posible egiteko.

MagialdiAraba

Hiriburua hartu aurretik, MagialdiArabaren IX. edizioa Arabako hamabost herritatik igaroko da aurten, besteak beste Asier Kidam, Tor Magoa, Hodei Magoa, Imanol Ituiño, Txoborro eta Altrius mago euskaldunen eskutik. Lehenengo aldiz bost herri hauetara helduko dira ikuskizunak: Marieta, Villaverde, Kontrasta, Aperregi eta Burgu. Ribabellosan izango da lehenengo saioa, irailaren 3an, eta Burgun azkena, urriaren 21ean.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago