Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak beste aurrerapauso bat egin du Gasteizko tranbia Zabalgana auzora luzatzeko. Oraingoan, eraikuntza proiektua esleitu du. Idom enpresak izango du tranbia hiriaren mendebaldera eramateko obraren diseinua xehetasun guztiekin dokumentu batean idazteko ardura.
Horretarako, ingeniaritza enpresak 433.000 euro inguruko aurrekontua izango du, eta hamabost hilabeteko epean egin beharko du. Besteak beste, geralekuen kokapena eta trazadura zehatza definitu beharko ditu. Hala jakinarazi du Iñaki Arriola sailburuak astelehen honetan Cadena SER irratian.
Paraleloki, Garraio Sailak CAF Turnkey & Engineering enpresari trazadura eta kotxetegien inguruko informazio azterlanaren eguneratzea esleitu dio, 162.000 euroko aurrekontuarekin eta hamabi hilabeteko epearekin. Bertan, besteak beste, Lovainako konexioa eta Betoñuko kotxetegiak berraztertuko dira, bai eta Zabalganera Mariturri eta Jundizko adarren bidez iristeko alegazioak ere.
Aurreikuspenak betetzen badira, proiektua 2024ko udazkenean prest izango litzateke. Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren artean finantzaketa hitzarmena adostu ondoren, obrak lizitatu lirateke —117,8 milioi euro inguruko kostuarekin—, eta 2024. urtearen amaieran edo 2025. urtearen hasieran hasiko lirateke.
Trazadura
Horrela, Zabalganeko tranbia 2027rako martxan izan liteke: Lovainatik lotuko da, Adriano VI.aren kaletik igaroko da, eta, ondoren, Bustinzuritik Teodoro Dublang Pintorearen kaleraino biratuko du; gero, Balentin Berriotxoa, Mediterraneoaren hiribidea eta Gustavo Dore kaleak zeharkatuko ditu, Zabalgana etorbidearekin bat egiteko. Ondoren, Borinbizkarrako geltokiaren ostean, bi adarretan banatuko litzateke, bat Jundizera eta beste bat Mariturrira.
Jundizeko ibilbideak beste bi geltoki izango lituzke: Nazio Batuen Hiribidea (Zabalgana HLHI ikastetxearen aurrean) eta Jundiz (Mercedesetik gertu, 13 minutu Lovainatik). Mariturriko adarrak, berriz, Zabalgana Hiribidea, Giza Eskubideen Hiribidea, Iruña-Veleia Hiribidea eta Mariturriko Bulebarra (17 minutu Lovainatik).
MAPAK