Zabalganerako tranbiaren trazadura Udalaren esku utzi du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2023ko ots. 3a, 12:30

Eusko Legebiltzarraren ondoko tranbiaren geltokia. / ALEA

Udal gobernuak Adriano VI.a, Bustinzuri, Teodoro Dublang Margolaria, Balentin Berriotxoa, Mediterraneoaren hiribidea eta Gustavo Dore kaleak zeharkatzen dituen ibilbidea aukeratu du tranbia Zabalganarekin lotzeko.

2022ko azaroan, Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak tranbia Zabalgana auzora eramateko trazadura proposamena aurkeztu zuen, San Martin auzotik igarota. Gasteizko alkateak proiektua bertan behera uztea eta ibilbidea adostea eskatu zuen orduan.

Hasierako tentsio uneen ostean, jarrerak hurbiltzen hasi dira eta Jaurlaritzak behin betiko erabakia Udalaren esku uztea erabaki du. Urtaranek pozik jaso du EAEko gobernuaren jarrera aldaketa, eta datozen asteetan emango du bere iritzia, dokumentazioa aztertu eta proiektua martxoaren 31 baino lehen lehiaketara ateratzeko helburuarekin.

Garraio Sailak jatorrizko trazaduraren alternatiba gisa onartu du tranbia Bustinzuri edo Pedro Asua kaletik eramatea, Abendañotik eta Diaz de Olanotik igaro eta San Martin auzoa saihesteko. Eusko Jaurlaritzak proposatutako ibilbidea Lovaina plazan hasten zen eta Adriano VI.a, Abendaño, Diaz de Olano, Teodoro Dublang eta Teresa de Calcuta kaleetatik igarotzen zen Zabalganara joan aurretik.

Obrak 2024rako hastea aurreikusita dago. Ostiral honetan, Urtaranen kabineteak iragarri du tranbiak Adriano VI.a, Bustinzuri, Teodoro Dublang margolaria, Balentin Berriotxoa, Mediterraneoaren hiribidea eta Gustavo Dore kaleak zeharkatzea aukeratu dutela San Martin Zabalgana hiribidearekin lotzeko.

Horretarako, bost alternatibaren artean aukeratu behar izan du udal gobernuak, San Martin auzoa saihestea helburu nagusia izanik. Eusko Jaurlaritzaren azterketak puntuazioa eman dio aukera bakoitzari:

  • 1. Eusko Jaurlaritzaren jatorrizko proposamena: 86 puntu. Gasteizko Udala trazadura honen aurka dago.
  • 2. Jatorrizko trazaduraren hasiera, Valentin de Berriotxoa kaletik jarraituz: 84 puntu.
  • 3. Jatorrizko trazaduraren hasiera, Pedro Asua kaletik jarraituz: 83 puntu.
  • 4. Adriano VI.a, Bustinzuri, Teodoro Dublang eta Teresa de Calcuta kaleetatik: 80 puntu.
  • 5. Adriano VI.a, Bustinzuri, Teodoro Dublang eta Balentin Berriotxoa kaleetatik: 79 puntu.

Udalaren beste alegazioetako bat tranbia Jundizera hedatzea izan zen, eta aukera hori zabalik utzi du Eusko Jaurlaritzak, baina, oraingoz, etorkizunerako utzi du.

MAPAK

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide