Charles Mingusen musikak liluratuta, erabat barneratu zen Iosu Izagirre (Gasteiz, 1974) AEBetako kontrabaxu jole eta konpositore ezagunaren unibertsoan, eta, urteetan sakon aztertu ostean, hari omenaldia eskaini dio Mingus Moods lanean, bere konposizioetan errepikatzen diren hainbat elementu abiapuntu; Ruben Salvador, Pablo Ramos, Asier Altube, Koldo Uriarte eta Aitor Bravo ditu alboan abentura honetan. Lan berriaz gozatu ahal izan dute Gasteizko Jazzaldiaren atarian antolatutako Jazz Parkean kontzertuetara gerturatu direnek edo azken hiru egunetan Abisinia garagardotegitik igaro direnek.
Zergatik da berezia Mingus zuretzat?
Oso tipo berezia izan zen, nortasun berezikoa, ipurterrea, jenioduna, eta, albi berean, kristoren sentsibilitatearekin. Oso lan bikaina egin zuen. Jazz munduan murgiltzen zarenean, estandarrak ikasten hasten zara, eta normalean Charles Mingusen lanak ez dira agertzen estandar horretan, eta jam session saioetan ere ez da ohikoa izaten entzutea. Hori deigarria egin zitzaidan, bere musikak zeozer berezia zuela sentitzen nuelako. Betidanik izan naiz fana, eta pixkanaka-pixkanaka hori aztertzen joan naiz; errepikatzen diren zenbait gako atera, eta osagai horiek abiapuntutzat jota konposatu ditut nireak. Haiekin omenaldi txiki bat egin nahi izan diot. Nik hogei bat urterekin deskubrituko nuen Mingus, kontrabaxuarekin hasi nintzenean, eta oraindik entzuten jarraitzen dut; gaur bertan Pithecanthropus Erectus izan dut kaskoetan paseorako, oso pieza berezia. Baina guztien artean bat aukeratu beharko banu, beharbada Lester Young saxo jolearen omenez sortu zuen Goodbye Pork Pie Hat balada ederra.
Ikerlan bat ere egin zenuen haren lanaren inguruan.
Karreran nengoela edozein aitzaki aprobetxatzen nuen Mingusen inguruan gehiago ikasteko. Historia ikasgairako lan bat egin behar banuen, Mingus aukeratzen nuen... Gradu amaierako lanean ikerlan sakonago bat egin nuen, eta horretan lau abesti aurkeztu nituen, eta kontzertua osatu nuen Mingusen beste bi bertsiorekin. Hori hantxe geratu zen, kajoi batean. Denborarekin, lagun batek, Sonora estudioko Alvaro Herrerok, proposatu zidan zerbait egin behar genuela horrekin. Berak eman zidan beharrezko bultzada lan hau ateratzeko.
Nolako ezaugarriak ditu Mingusek?
Entzuten dudanean sentsazioa da pixkat basatia dela eta musikariak oso aske ari direla berarekin jotzen, baina ondo aztertzen baduzu, konturatzen zara atzetik dena oso ondo pentsatuta dagoela, eta berarekin jotzeko hautatzen zituen musikariak ere ez zituela kasualitatez aukeratu, berarekin jotzeko arrazoi bat zutela edo bere musika ulertzeko moduarekin bat zetozela. Antolatutako kaos bat da.
Zure kontzertuetan ere nabari da hori?
Gauza desberdinak gerta daitezke kontzertuetan. Abisinian, esaterako, hiru saio ditugu eta ziurrenik desberdina izango da egunero, errepertorioa berdina izan arren. Jazzaren gakoa hori da, hain zuzen; normalean egitura bat planteatu eta horren inguruan inprobisatu egiten da. Mingusek modu batean hasten zuen kanta bat, eta beste modu oso desberdin batean amaitzen zuen. Ni ez naiz horren ausarta, baina gauza horiek ere gerta daitezke.
Ska, rocka, reggaea, klasikoa. Ibilbide luzean, denetarik jo duzu...
Zorionez. Aberasgarria izan da. Nire lehenengo taldea ska talde bat izan zen, 15 bat urterekin, Little Feet & The Prenatals, eta oso ibilbide motza izan zuen, urtebete inguru, baina oso bizia izan zen; kanta bat ere grabatu genuen bilduma batean, eta pare bat kontzertu eman genituen Gasteizen. Oraindik harrituta nago. Gero beste rock talde batekin jarraitu nuen, eta hortik aurrera denetarik. Denetariko musika gustatzen zait, eta musikari onekin bada eta musika ona bada gainera...
"Musikan ez dago helmugarik, betirako kontu bat da, bizi osorako erabakia"
Dozenaka kolaborazio egin dituzu. Baten bat duzu bereziki gogoan?
Mikel Laboarena, bai. Jolas bat zen beretzat musika egitea, edo nik horrela sumatu nuen. IÒaki Salvadorri esker elkartu ginen; azken diskoko bi kantu grabatu genituen estudioan. Eta bereziki gogoan dut momentu bat; kaskoak buruan erdi erorita zeramatzan, mikroa eskuan Billie Holidayri omenaldia egiten, crooner baten moduan, Frank Sinatraren antzera, aurrera eta atzera dantzan, eta ni jotzen. Momentu horren oroitzapen polita dut.
Urte amaieran Betagarri izango duzu zain, berriz ere. Azken kontzertuetarako prest?
Bai, ospakizun bat izango da, 30. urteurrena. Ni azken hamar urteetan izan nintzen, eta oso inportantea izan zen niretzat. Momentu zaila bizi nuen, pixkat deskonektatuta, lan askorik gabe, eta momentu onean heldu zen. Jazzean nahiko promiskuoak gara, bata eta bestearekin, eta talde finko bat eta ziurtasun bat izatea, lagun talde bat gertu izatea, gauza handia da. Familia bat ginen azken batean, astebururo elkarrekin...
Errepikatuko zenuke orain Betagarri moduko talde batekin?
Ez, trote neketsuagatik. Oso exijentea zen, kontzertu pilo bat izan genituen, eta nekatu egin ginen. Batzuek astean zehar musika eskoletan edo beste kontu batzuetan lan egiten genuen, eta astebururo ibiltzen ginen batetik bestera. Gero eta zailagoa zen, eta nekagarria. Krisiaren ostean, baldintzak ere jaitsi ziren eta... Zer egiten dut nik kontzertu honetan goizeko ordu txiki hauetan Katalunian? Zertarako? Merezi du? Maiz nire buruari galdetzen nion. Halere, zortzi gara taldean, bakoitzak bere esperientzia du, eta bere arrazoiak ditu, baina niretzat nekagarria zen horrela ibiltzea. Hogei urterekin egin dezakezu, baina ia 50 beteta, familia etxean, eta astebururo horrela ibiltzea... Bizi izan nuen eta pozik, baina ez nuke berriz egingo edade honekin.
Musika eskolan irakasle jarraitzen duzu. Pozik?
Polita da, bai. Hasiera batean ez nekien, baina gustatzen zait irakastea, eta asko ikasten dut. Haurrak eta helduak ditut, eta oso aberasgarria da. Big Band-eko zuzendari nabil orain gainera, eta oso pozik.
Lan neketsua da musikariarena, ezta?
Musikari izateko oso saiatua izan beharra dago. Erabaki hau zure bizi osorako hartuko duzuna izango da, egunez egun, orduro buruan musika izango duzu, eta hori gustatu behar zaizu. Ez dago helmugarik, betirako kontu bat da. Ikasten joaten zaren heinean, konturatzen zara zer gutxi dakizun. Pau Casals biolontxelo joleari 80 urterekin galdetzen zioten ea zergatik praktikatzen zuen egunero, eta berak argi esaten zuen ikasten eta hobetzen jarraitzen zuela.
"Mingus entzutean sentsazioa da pixkat basatia dela, baina atzetik ondo antolatutakoa da"
Gogoan duzu zure lehenengo irakaslea?
Bai, Javier Fernandez de Jauregi izan zen, Txubio aktorearen anaia. Baxujolea da bera, eta 15 urterekin lehen eskolak eman zizkidan bere etxean. Ostean, Zaramagara joan zen, Zaramazulora, herri musika eskola izan zen; nik jaso eta beste batzuei irakasten nien. Ederra izan zen. Bartzelonan jarraitu nituen ikasketak, urte batzuk beranduago, hor ere irakasle onekin.
Bartzelonako pisukideekin batera Sant Pau 44 proiektua abiatu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia hori?
Gasteizen urte pare bat eman nituen kontserbatorioan, eta Bartzelonara joan nintzen gero. Oso garai dibertigarriak izan ziren, baina zailak. Aurreztutako dirua amaitu zitzaidanean zaila... Interesgarriena mundu osoko jendea ezagutzea izan zen, eta hango jazz munduan barneratu ahal izatea, beste musikari batzuekin jotzea. Asko ikasi genuen. Koldo Uriarte, Asier Oleaga ginen pisukideak, eta zenbait kontzertu eman genituen; Gasteizera bueltatu ginenean sortu genuen Sant Pau, Berklee Collegetik etorri berri zen Raul Romorekin batera.
"Zergatik ez ezagutarazi musikaren ibilbidea? Tabernak laguntzeko modua izan daiteke"
Zer suposatzen du Gasteizen musikari izateak?
Alde batetik, zortea duela esan nahi du, giro aberatsa eta bizia dagoelako Gasteizen, musikari on asko dagoelako, musikaren inguruko jarduera asko, eta hainbat taberna gauza interesgarriak antolatzen. Deigarria da niretzat giro aberats hori, benetan. Baina, beste alde batetik, leku txikia da, horrek dituen desabantailekin. Agian hemen ditugun musikari bikainek Madrilen edo Bartzelonan beste ibilbide bat izango lukete...
Beste bultzada bat behar dute erakundeen aldetik?
Ez dakit zer behar duten. Buelta asko eman dizkiot honi, eta ez dut argi, batzuetan bultzada instituzionala ere kaltegarria izan daitekeela uste dut. Argi dago, halere, babesa behar dutela, edo behintzat oztoporik ez jartzea gauzak antolatzen dituztenei. Gogoan dut Gasteizko Udalaren "pintxo-pote ibilbidea" panfletoa topatu nuela behin... Zergatik ez aurkeztu musikaren ibilbidea edo halako zeozer, turismoari begira? Kontzertuak maiztasun jakin batekin antolatzen dituzten tabernen ibilbide moduko bat, adibidez. Modu bat izan daiteke horiei laguntzeko eta kalitatea mantendu ahal izateko; erakundeen lana izan daiteke hori. Gero Edinburgo, Dublin edo Vienatik liluratura bueltatzen gara musika nonahi dagoelako eta sekulako giro ederra dagoelako. Uste dut Gasteiz horietatik nahiko hurbil dagoela, eta inolako babesik gabe. Laguntzarekin, uste dut erreferente kultural inportante izan daitekeela.
Musikarien artean bada sarerik?
Bai, denok ezagutzen dugu elkar, eta harreman polita dugu. Whatssap talde bat ere badugu, gure arteko negozioetarako: norbaitek gitarra bat konpondu behar duela, besteak musika eskolak eskaintzen dituela... Jam session saioak ere antolatu ditugu horren bitartez.
Aste honetako kontzertuen ostean, noiz da hurrengo hitzordua Iosu Izagirre Sextet-ekin?
Ziurrenik, udazkenean izango dira hurrengo emanaldiak. Miranda Ebroko Mirajazz zikloan izango gara, esate baterako. Hemendik aurrera honekin jarraitzea gustatuko litzaidake, gustua hartu diot, eta saiatuko gara ahal dugunean jotzen, seikote bat mantentzea erraza ez den arren. Bestetik, nire emaztearekin ere banabil – Virginia de la Casa– kanta ezagunen errepertorio batekin; uztailaren 15ean Korresen eta abuztuaren 13an Agurainen izango gara.