Kaotiko eta Joselu Anayak izango dira Zabalgana auzoko jaietan

Erredakzioa 2023ko uzt. 4a, 17:30

Kaotiko taldea, Zabalganeko jaietako plater nagusia. Argazkia: Maldito Records

Uztailaren 13tik 16ra bitartean ospatuko dituzte Zabalganeko jaiak. Besteak beste, Joselu Anayak taldearen dantzaldia izango da ostiralean, umeentzako bertsioarekin; larunbatean, Aquapark erraldoia jarriko dute, eta Kaotiko eta Bengo taldeak arituko dira.

Aurrera doa Gasteizko auzoetako jaien egutegia. Aste honetan San Kristobal auzoaren txanda izango da, baina hurrengoan, uztailaren 13tik 16ra, ostegunetik igandera bitartean, Zabalgana auzoko jaiak ospatuko dira.

Gasteizko auzorik jendetsuenaren —gaur egun, 28.000 biztanletik gora— jaiak sendotuz joan dira azken urteetan, eta aurten ere egitarau oparoa prestatu dute Zabalganeko jai batzordeak eta Zabalgana Batuz auzo elkarteak, auzoko elkarte eta tabernekin elkarlanean, askotariko jarduerekin eta lehen mailako kontzertuekin, Gora auzoak! Geurea, Zabalgana lelopean. Txosnagunea eta barrakak Zuazoko Atean izango dira aurten ere.

Ospakizunak ostegunean hasiko dira, hilaren 13an. Besteak beste, saskibaloi txapelketak eta familia gunea izango dira, eta, 19:00etatik aurrera, pintxo-potea txosnagunean. Gainera, barraketan prezio herrikoiak izango dira.

Ostiralean, hilaren 14an, Joselu Anayak taldearen berbena izango da plater nagusia, txosnagunean, 20:30etik aurrera umeentzat eta 23:00etatik aurrera publiko guztientzat. Hala ere, txupinazoa 19:00etan izango da, eta egun osoan zehar bestelako jarduerak izango dira: artisau azoka, haurrentzako bazkaria, Boccia jokoa, buruhandiak, erraldoiak, gaiteroak, DJak...

Larunbatean, hilaren 15ean, Kaotiko taldearen kontzertua izango da eguneko ekitaldi nagusia, 22:30etik aurrera Bengo taldearekin eta Jaikide DJren pintxadarekin batera. Baina askotariko ekitaldiak izango dira goizetik, 11:30etik aurrera: artisau azoka, orientazio jolasak, tailerrak, puzgarriak, bermuta, urdaiazpiko errearen dastaketa, Zabalgana Kantuz, bertso bazkaria Irati Anda eta Iñaki Viñasprerekin, dardo txapelketa, Aquapark erraldoia, diskoteka mugikorra...

Igandean, hilaren 16an, 12:00etatik aurrera: txaranga, familia gynkana, bermuta eta kontzertuak tabernetan, apar festa Bastida plazan... eta 23:00etan, jaien amaierako txupinazoa. Hala ere, astelehenean, hilaren 17an, prezio herrikoiak izango dira barraketan, eta 18:00etatik aurrera, jokoak izango dira Zabaldu zentroan, hamargarren urteurreneko festa ospatzeko; Xaibor DJren musika ikuskizunak amaiera emango die jaiei, kamioi-agertoki batekin.

KONTZERTUAK

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide