Bi hamarkadako ibilbidearen ostean, otsailaren 18an aurkeztutako diskoan soinu berriekin esperimentatu nahi izan du Kaotiko taldeak, baina "betiko esentzia eta nortasuna galdu gabe". Joan den asteburuan, martxoaren 4an eta 5ean, kontzertuen birari ekin zioten Gernikan eta Donostian; ondoren, Tafallatik, Amurriotik eta Euskal Herritik kanpoko hiri ugaritatik igaroko dira.
"Denbora soberan izan dugu dena guk egiteko eta disko borobil bat ateratzeko"
Bira horren atarian, Jony Kaotiko eta Xabi Drummer taldekideekin solasteko aukera izan du ALEAk. Covid-19ak dena eten zuenean, 2019an kaleratutako Aprende violencia diskoaren bira gelditu eta aurrera begira jarri zirela diote: "Pandemiarengatik, hiru urte ibili gara disko honetan lanean. Lehenengo urtean lasaiago, bakoitza bere etxean, deskonektatzen; baina gero lanean topera jarri ginen", azaldu du Xabik.
2021eko abenduan eta 2022ko urtarrilean Baionan eta Hazparnen (Lapurdi) grabatutako eta nahastutako lan honen produkzioan "eboluzio bat" eman dela azpimarratu dute. Horretarako Paxkal Etxepare teknikariaren laguntza izan dute, baina taldekideek beraiek egin dute ekoizpen prozesuaren gehiena: "Denbora soberan izan dugu dena guk egiteko eta disko borobil bat ateratzeko. Beste askotan ez bezala, oraingoan bost taldekideok batera elkartu ahal izan gara lokalean, orduak eta orduak sartzeko".
"Pentsaera ez dugu aldatu, baina lehengo letrak zuzenagoak ziren, eta orain sakonagoak"
Eboluzio hori letren konposizioan ere antzeman daiteke: "Lehen 20 urte genituen eta orain 40tik gora ditugu. Pentsaera ez dugu aldatu, baina agian lehengo letrak zuzenagoak ziren, eta orain sakonagoak", hausnartu du taldeko bateria-joleak.
"Kaotikoren esentzia duen disko bat aurkituko dugu, baina baita ikutu berriak eta soinu ezberdinak ere", gaineratu du. Izan ere, diskoa osatzen duten hamaika abestietako bik —Gatillazo eta Evolution— musika elektronikoaren kutsua dute, eta samplerrak gehitu dizkiete Kaotikoren ohiko punk-rock doinuen oinarri diren bateriari, baxuari eta bi gitarrei.