Gasteizeko Udalak Orion Analistas inteligentzia enpresari 146.143 euroko kontratua esleitu dio bi urtez grafitigileak identifika ditzan, eta kontratua bi urtez luzatzeko aukera irekita utzi du.
"Hiriko kaleetan baimenik gabe egindako pintaketak kentzeko estrategiaren baitako ekintza" dela adierazi du udalak ohar batean.
Kriminologiaren eta inteligentziaren inguruko zerbitzuak eskaintzen ditu enpresa horrek, eta analisi grafologikoez baliatzen da pintaketak egin dituzten pertsonak identifikatzeko. Ustezko delitugilea in situ harrapatu behar izan gabe, haren kontrako salaketa abiatzen laguntzeko txostenak egiten dituzte.
Enpresak eskaintzen dituen zerbitzuen artean, lanpostu batera beren burua aurkezten duten lagunen inguruko "ikerketa zirkulua" egiteko aukera ematen dute. Besteak beste, hautagaiaren inguruko sare sozialetan arakatuz hautagaiaren "profil soziala" egiten dute, profil psikologikoarekin osatuz eta, grafologian oinarrituta, haren inguruko txosten psikologikoa eginez.
Enpresa horren arabera, egiten dituzten txostenek aukera ematen dute "hautagaiaren benetako profila azalerazteko". Besteak beste, "taldean lan egiteko gaitasuna" edo "zintzotasun aztarnak" ondorioztatzen dituzte eskuz idatzitako testuetatik. Prozesuaren "abantailen" artean, kaleratze eta indemnizazio kostuak gutxitzen direla ziurtatzen dute.
Kriminalistikaren eta psikologiaren alorretan luze eta zabal erabili izan bada ere, ikerketa ugarik probatu dute grafologia babesteko ebidentzia zientifikorik ez dagoela, eta, beraz, sasizientziatzat jotzen da gaur egun.