Zientziaren dibulgazioaren alorrean aritzen direnek maiz errepikatzen duten ideia da: kultura zientifikoa ezinbestekoa da gizarte osasungarriak eraikitzeko. Modu horretan, oinarri bat duten ideiak eta sinesmen huts direnak bereizteko modu bat gehiago dute herritarrek. Mota eta norabide guztietatik abiatutako manipulazioetatik ahal den heinean salbu geratzeko tresna bikaina da zientzia, baita zientziaz beraz mozorrotuta datozenean ere. Beste horrenbeste esaten da historiari buruz, hori ezagutzeak aurreko akatsetatik ikasteko baliagarri den utopia horretan abiatuta.
Ez da berdin gertatzen, baina, ekonomiarekin. Zuzenbidearekin batera, horien gaineko ezagutza ezinbestekoa da gaur egun bizitzeko, bai eta manipulazioetatik bereizteko. Baina, oraindik ere, horiek ezagutzaren Errauskine dira askotan. "Ez da Ekonomiaren proselitismoa egiteagatik, baina, adibidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan guztiek Kimika ikasi behar dute", nabarmendu du Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxeko Aitor Oiarbide irakasleak. "Aldiz, Ekonomia hautazkoa da. Tira, mol bat zer den ezagutzea ondo dago, baina hezkuntza ekonomiko bat izatea ere funtsezkoa da, ikasle guztiek sinatu beharko dutelako noizbait lan kontraturen bat edo alokairu bat".
Bada, bizitzaren oihanean aurrera egin ahal izateko prestatuagoak egongo dira Oiarbideren lau ikasle: Blanca Aperribai, Eider Cartelle, Ibai Pastor eta Uxue Mendia. Beren ahaleginari esker, Koldo Mitxelena izan delako Euskal Herriko Unibertsitatearen XIV. Ekonomia Olinpiadetan aurtengo ikastetxe irabazlea. "Urtean behin EHUko Sarrikoko Enpresa eta Ekonomia fakultateak antolatzen duen proba da", azaldu du Oiarbidek. Proba horretan, Batxilergoko bigarren kurtsoan ematen den Enpresaren Ekonomia eta lehen kurtsoan ematen den Ekonomia ikasgaietan hartutako gaitasunak baloratzen dituzte, bai test baten bitartez zein ebatzi beharreko ariketekin.
Motibazioa, giltzarri
Norbanako probak izanik ere, amaieran ikastetxe bakoitzetik joandako ikasleek lortutako emaitzetan oinarrituta, ikastetxe irabazlea ere aukeratzen dute; horrela izan da Koldo Mitxelena ere garaile.
Oiarbide pozik azaldu da ikasleek egindako lanarekin. "Ikasle apartak dira, euren buruari asko eskatzen diotenak", nabarmendu du. Dioenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeen artean lehena geratzea ez da zorte kontua izan, egindako ahaleginaren emaitza baizik. "Arratsalde pare batean geratu dira ikasleak proba prestatzeko, eta baita jolastoki orduetan ere". Motibazioaz galdetuta, aitortu du bera ere pizgarriren bat jartzen ahalegindu dela, lan horri esker klasean nota igotzeko aukera mahai gainean jarrita. "Motibagarria izan daiteke ere batxilergoan egonda unibertsitatean azterketa bat egiteko aukera", gaineratu du. "Gainera, burua unibertsitatean jarrita duten ikasleak dira, eta horietatik hiruk ekonomiari eta enpresari lotutako karrerak aukeratu dituzte". Laugarrenak, berriz, kazetaritza egin nahi duela aurreratu du Oiarbide irakasleak.
Bestetik, norbanako sailkapenean goiko hiru postuetan geratu diren ikasleei EHUk Sevillara joateko aukera eman die, bertan Estatu mailako olinpiada egiteko. Hori dela eta, EAEko proban hirugarren postuan sailkatu den Eider Cartellek aukera izan du, beraz, hara joateko. Erkidego desberdinetatik joandakoen artean lehiatuko dira, beraz, nazioarte mailako probara joan ahal izateko.