Uda aurreko girotxoarekin, Gasteizko auzoetako jaiek erritmoa hartu dute. Abetxuku, Arana, Txago eta Adurtzako ospakizunen ostean, eta ekainaren 19tik 25era ospatzen ari diren Judimendiko jaiekin eta Arabako herri askotako jaiekin batera, udako solstizioaren bueltan ospatzen dira urtero Arriaga-Lakua auzoko jaiak.
Asteburuan zehar, ekainaren 23tik 25era, ostiraletik igandera, izango da egitarau nagusia, adin guztietako pertsonentzako askotariko jarduerekin: Juanitoren jaitsiera, artisau azoka, tailerrak, zuzeneko musika, kalejirak, buruhandiak, dantzak, San Juan gaueko sua, txapelketak, puzgarriak, bitsa jaia, karaokea, su artifizialak, ginkana, diskoteka ibiltaria...
Hori bai, barrakak ostegunetik aurrera izango dira zabalik, astelehenera arte; eta prezio herrikoiak izango dira hilaren 22an (ostegunean) eta 26an (astelehenean).
Kontzertu nagusiak izango dira Joselu Anayak taldearen berbena, larunbatean, eta Koxkor taldearen dantzaldia, igandean. Baina Pasaporte Flamenco, Codigo Habana, Feliz Newman, Koxkor Taldea, Sofia y Ander eta Brisa Marismeña taldeak izango dira ere, auzoko tabernetan zein jai eremuan (Forondako Atea eta Luis Olariaga kalearen arteko aparkalekuan).
EGITARAUA
ALEAn zure herri edo auzoko jaien berri eman nahi duzu? Bidali informazioa eta egitaraua erredakzioa@alea.eus eta agenda@alea.eus helbide elektronikoetara edo Whatsappetik 645 66 86 02 telefono zenbakira.