Judimendik asteburuarekin batera ospatuko du udako solstizioa

Erredakzioa 2023ko eka. 14a, 19:00

Judimendiko jaien aurkezpena. Argazkia: Judimendiko Jai Batzordea

Judimendiko jaiak ekainaren 19tik 25era ospatuko dituzte aurten. Ostegunetik larunbatera, Incense, Bananas, Sua, Akerbeltz, Zarata Selektion, Lukiek eta Perlata taldeen kontzertuak izango dira Sefarad plazako txosnagunean.

Uda aurreko girotxoarekin, Gasteizko auzoetako jaiek erritmoa hartu dute. Abetxuku, Arana eta Txagoko ospakizunen ostean, eta ekainaren 12tik 18ra ospatzen ari diren Adurtzako jaien ostean, Arriaga-Lakua auzoko eta Arabako herri askotako jaiekin batera, udako solstizioaren bueltan ospatzen dira urtero Judimendiko jaiak. Datorren astean, ekainaren 19tik 25era, astelehenetik igandera, aste osoko egitaraua eskainiko du Judimendi auzoko jai batzordeak.

Egitaraua hilaren 19an hasiko da, astelehenean, adin guztietako publikoarentzako jarduerekin: pailazoak, eguzki-behaketa, erakusketak, dokumentalen proiekzioak, solasaldiak, jolasak, askariak, txistulariak, buruhandiak, abesbatzak...

Ostegunean, ekainaren 22an, txupinazoa iritsiko da, 20:00etan, eta horrekin batera Sefarad plazako txosnen irekiera eta pintxopotea. Egun horretan, Incense, Bananas eta Sua taldeen kontzertuak izango dira txosnagunean.

Ostiralean, ekainaren 23an, San Juan gauean, urteko gaurik luzeenean, udako solstizioa ospatzeko momotxorroen eta Jare Dantza Taldearen ikuskizunarekin eta suaren piztearekin batera, Akerbeltz taldearen erromeriak girotuko du txosnagunea. Baina egun osoan askotariko jarduerak izango dira, 11:00etatik aurrera: kirol txapelketa, taloak, belaunaldien arteko bingoa, bertso saioa, gargantua, antzerki tailerra, dantza plaza, presoen eskubideen aldeko kalejira, kontzertuak tabernetan...

Larunbatean, ekainaren 24an, Judimendiko Gazte Eguna ospatuko dute, urtero lez, Judimendiko Gazte Asanbladak, Sumendi Espazioak eta Ernaik elkarlanean antolatuta: 12:30etik aurrera, Saharako kondairak, mural parte-hartzailea, marianitada musikatu ibiltaria, gazte bazkaria, kontzertu akustikoa, jolasak, zunba herrikoia, soka salto masiboa, kontzertuak tabernetan... Eta, eguna borobiltzeko, gazte ekitaldia eta kontzertuak, Zarata Selektion, Lukiek eta Perlata taldeen eskutik. Goizaldeko 05:00etako takoi lasterketa ere ez da faltako.

Jaiei chill amaiera emango diete igandean, ekainaren 25ean, egitarau xumeago batekin: 11:00etatik 19:00etara, Suarte artisau azoka egingo dute Medico Tornay plazan; horrez gain, swing erakustaldea, gaiteroen kalejira eta, Candela Tabernan, Aldakan taldearen kontzertua.

Aste Kulturala

Hala ere, jaien atariko ohiko ohiturari eutsiz, Judimendiko Gazte Asanbladak Aste Kulturala eskainiko du ekainaren 15etik 18ra: momotxorro eta joaldun tailerra, zineforuma, gorputz esperientzia zainduak lantzeko tailerra eta gazteak eta kirola hizpide izango duen mahaingurua izango dira. Hori bai, ekainaren 17an, larunbatean, Adurtzako Gazte Egunarekin bat egingu dute Judimendiko gazteek.

Auzoko zapia

Egitaraua aurkeztearekin batera, Judimendiko jai batzordeak azpimarratu du jaietan zehar "auzoko izaera eta auzokide sentimendua" bultzatu nahi dituztela. Horregatik, duela bi ikasturte auzoko jaietarako aurkeztutako zapi koloretsua eramateko dei egin dute. "Zapiak auzo identitatea, auzo kolorea, jai giroa, elkartasuna eta aniztasuna islatzen ditu. Aurtengo helburua da auzoko komunitate osoak lepoan zapia eramatea", azaldu dute. Auzoko tabernetan, kolektiboen txosnetan eta jaietako beste hainbat gunetan eskuragarri izango da.

EGITARAUA

KONTZERTUAK

ASTE KULTURALA

GASTEIZKO AUZO ETA HERRIETAKO JAIAK

Udan zehar, Gasteizko jaien atarian, auzoetako zein batzar administratiboetako jaiak ospatuko dira:

AUZOAK
  • Abetxuku: apirilaren 28an (San Prudentzio) eta maiatzaren 1ean
  • Arana: ekainaren lehen asteburua (ekainak 2-3-4)
  • Txago eta Lakuabizkarra: ekainaren bigarren asteburua (ekainak 9-10-11)
  • San Martin eta Adurtza: ekainaren hirugarren asteburua (ekainak 16-17-18)
  • Judimendi eta Arriaga-Lakua: ekainaren laugarren asteburua (ekainak 23-24-25)
  • Alde Zaharra eta Aranbizkarra: uztailaren lehen asteburua (uztailak 1-2)
  • Lakua: uztailaren bigarren asteburua (uztailak 7-8-9)
  • Zabalgana eta San Kristobal: uztailaren hirugarren asteburua (uztailak 14-15-16)
  • Zaramaga eta Sansomendi: iraileko hirugarren asteburua (irailak 15-16-17)
  • Salburua: iraileko laugarren asteburua (irailak 22-23-24)
HERRIAK
  • Urtarrila: Ariñiz, Otobarren
  • Apirila: Armentia
  • Maitza: Aberasturi
  • Ekaina: Lasarte, Uribarri Dibiña, Zumeltzu, Elorriaga, Arangiz, Arkauti, Matauko, Gardelegi, Monasterioguren, Ilarratza
  • Uztaila: Betoño, Otazu, Foronda, Arangiz
  • Abuztua: Zerio, Mendiola, Ullibarri Nagusia, Gereña
  • Iraila: Astegieta, Otogoien, Arkaia, Argandoña, Margarita, Uribarri Arrazua, Andetxa, Jungitu, Gometxa, Zuhatzu, Legarda, Oreitia, Estarrona
  • Urria: Mendoza
  • Azaroa: Ehari-Gobeu
  • Abendua: Mendoza

ALEAn zure herri edo auzoko jaien berri eman nahi duzu? Bidali informazioa eta egitaraua erredakzioa@alea.eus eta agenda@alea.eus helbide elektronikoetara edo Whatsappetik 645 66 86 02 telefono zenbakira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago